Dokumentuaren akzioak
Morris dantzen bideoteka izugarri bat online
Anthony G. Barrand Brattleboron, Vermont-en, AEBtan bizi den ikertzailea da. Morris dantzen inguruko hainbat lan argitaratu ditu. Boston-eko Unibertsitatean irakasle da, eta folk abeslari ezaguna ere bai, John Robertso & Tony Barrand bikoteak 30 urte baitaramatza Ingalaterra zaharreko abesti tradizionalak a capella kantatzen han eta hemen.
1975ean hasi zen morris dantzen bideo kolekzioa osatzen. 1976an Ingalaterra joan zen 8mm kamera hartuta eta han eta hemen dantzak grabatzen hasi zen. Morris dantzen estetika alorrak aztertu ditu bere Unibertsitatean egin duen ibilbide akademikoan, eta beraz, bere lanerako interesak bultzatuta jarraitu du dantzak han eta hemen grabatzen. Gaur egun 2000 bideo labur inguru ditu online ikusi daitekeen artxiboak. Hauxe da artxibo hori:
The Digital Video Research Archive of Morris, Sword, and Clog Dancing at Boston University
Kolekzioan mota askotako grabazioak bildu ditu, baina lau izan dira iturri nagusiak.
- AEBtako, Kanadako eta Ingalaterrako hainbat morris talderen grabazioak, 1976tik aurrera Marlboro Morris Ale izeneko jaialdian parte hartu izan dutenak, Vermont-en. Tarte horretan dantza talde asko errepikatu egin direnez, horixe bera oso interesgarri gertatzen zaio Tony-ri dantzetan zer aldatzen doan, estiloan eta ejekuzioan egiten diren aldaketa eta abar dokumentatu ahal izan baitu bide horretatik.
- Ingalaterrako morris taldeak bere herrietan egindako emanaldiak. Tony Barrand berak, eta bere ikasle eta ikerketa-kideek, Kari Smith eta Rhet Krausek egindako grabazioak dira, 1976-1982 bitartean, eta 1996an.
- Vermont-en bertan, beren herriko taldeak urteetan egin dituen emanaldien hainbat grabazio ditu, eta baita bertara gonbidatuta etorri diren taldeen emanaldiak ere.
- Han eta hemen morris dantzen grabazioak egin eta kopia bat eskuratu dioten hainbat lagunek hartutako irudiekin osatzen da kolekzioa.
Boston-eko Unibertsitateak eskani dio artxibo erraldoi hori online jarri ahal izateko zerbitzaria, eta Frank Ricardo lankideak antolatu du hori gauzatu ahal izateko sistema informatikoa. Behin filmeak digitalizatu ondoren, pelikula originalak The American Folklife Center erakundeari man dizkion Tony Barrand-ek. American Morris Newsletter aldizkarian aurkeztu zuen artxibo hau Tony Barrand-ek eta hainbat xehetasun interesgarri azaltzen ditu bertan.
Dantza bideoteka zoragarria
Bideo bakoitzarekin ahalik eta informazio zabalena jasotzen eta eskaintzen saiatzen da Tony Barrand. Horri esker bilaketa sistema nahiko txukuna du, eta gaika, taldearen izenen arabera eta beste hainbat kontzepturen arabera egin daitezke bilaketa bertan. Baina, gai nagusietan oinarrituta osatu duen direktorioak ere aukera izugarriak eskaintzen ditu. Honako gai hauetako bakoitzean hainbat bideo aurki daitezke:
- Border Morris. Ingalaterra eta Gales arteko mugako dantzak. Aurpegi belztuarekin egin ohi dituzte maiz.
- Horn dance. Staffordshire-eko Abbots Bromley dantzan oinarritutakoak dira gehienak.
- Street Dance. Kaleetan egindako dantzak.
- Clog dancing. Oinekin lurra kolpatuz egin ohi diren dantzak.
- Stave Dancing. Apaindutako makila luze batzuekin egiten den dantzan.
- Social Dance. Hasiera batean gizon eta emakumeen olgetarako egiten dituzten dantzak, nahi eta gero batzuetan emanaldietan aurkeztu.
- Rapper Sword. Ezpata motz eta malgu batzuekin, bost edo sei dantzarik egiten dituzte dantzak.
- Processional Dance. Kalejiretan egiten diren dantzak.
- Portuguese Stick Dance. Portugaleko makila-dantzak.
- North-West Morris. Ingalaterrako ipar-mendebaldean egiten diren dantzak.
- Mummers. Antzerki forma tradizionalak dira, zerbaiten heriotza eta berpiztea irudikutzen dute maiz. Ezpata-dantzak egiten dira emanaldi horietan askotan.
- Molly Dancing. Ingalaterreko ekialdeko dantzak dira, eguberri garaian egiten dira, eta gizonezko dantzari batzuk emakume jantziekin aritzen dira.
- Maypole Dancing. Zinta-dantzak.
- Longsword. Ezpata-dantzak. Ezpata luzekoak (Longsword) eta motzekoak (rapper) bereizten dira morris dantzetan. Ezpata luzeko hauek maiz egurrezko ezpatak izan ohi dira (Euskal Herrian bezala), eta ezpatak elkarri emanez osatze dituzte figura koreografikoak.
- Garland Dance. Arku-dantzak. Ohial eta loreekin apaintzeko dituzte maiz.
- Flag waving. Bandera dantzak.
- Cotswold Morris teams. Ingalaterreko Cotswold eskualdean egin ohi diren dantzak.
- Cotswold Morris Jig Dancers. Cotswolds (Oxfordshire, Northamptonshire, Gloucestershire, Warwickshire eta Staffordshire) eskualdean bakarlari edo bikoteek egiten dituzten jigs motako dantzak.
Atal guzti horietan hainbat adibide aurki daitezke. Horien artean aipatzekoa da Longsword izeneko atala. Tony Barrand berak oso gustoko du atal hori eta hor aurki daitezkeen irudien inguruko gogoetak egin ditu AMN-en argitaratutako artikulu honetan. Morris Longsword-ek Euskal Herriko ezpata-dantzekin dituzten antzekotasunak agerian uzten ditu atal honek, baina gainera, Europako beste hainbat tokitako ezpata-dantzak aurki daitezke bertan. Frantziako Bacchu-Ber-ekin hasi, eta Alemania, Italia, Beljika, Txekia eta Austriako ezpata-dantzak daude ikusgai.
Euskal Herriko dantzak ere agertzen dira, baina nire ustez penagarria da agertzen dena. Ez agertzen dena txarra delako, euskal dantza tradizional batzuk modu duinean agertzeko aukera desaprobetxatzen delako. Batetik ezpata-dantzen artean ageri da euskal dantzen bideo bat. 1996an Ingalaterren ospatu zen Sword Spectacular jaialdian hartutako irudiak dira. Europako hainbat ezpata-dantza desberdin bildu zituzten jaialdi hartan, eta pentsatzen dugu Markinako Zerutxu taldeak Xemeingo ezpata-dantza egingo zuela bertan. Baina bideoan ageri dena ez da hori, Zerutxukoek egindako igitai-dantza baizik.... Euskal Herrian hainbat ezpata-dantza eder ditugu, Xemeinen bertan hasi eta Zumarraga, Legazpia, Deba, Lesaka edo Tolosakoak adibidez, baina Europako beste ezpata-dantzen artean gure ordezkaritza zozo-dantzak du. Zerbait egin beharko dugu hori konpontzeko.
Bestetik, badago bitxikeria bat "basque" hitz bilatzen baduzue. Besteak beste "Basque Garland Dance" izeneko artxibo bat agertzen da. Alegia, "euskal arku-dantza". Baina, ez da euskal dantza talde batek egindako dantza. "Knots of May" izeneko morris emakume taldeak egindako dantza da. Itxura guztien arabera Iurretako gorularien arku-dantzaren mugimendu koreografikoak erabili dituzte beren gustuko doinu batekin dantza osatzeko.
Euskal dantzei buruzkoak alde batera utzita benetan interesgarria da Tony Barrand-en artxibo digitalak eskaintzen diguna. Euskal Herrian ere baditugu hemengo dantzen hainbat grabazio egiten dituztenak, baina horiengan ez da antzematen material hori konpartitzeko borondate handirik.
Internet konexio on bat, denbora, pazientzia eta jakinmina behar da material guzti hau arakatzeko, baina benetan altxor bat daukagu pantaila aurrean.
Eskerrikasko Tony!
Dokumentuaren akzioak