Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Morris dantzak, jatorria eta metafora

Dokumentuaren akzioak

Morris dantzak, jatorria eta metafora

2007/01/24 17:18

Morris dantzak mairuen dantzak bezala itzul daiteke eta Urbeltzen iritziz "mairu" hitz horren atzean Islama bera baino milaka urte lehenagokoa den metafora ezkutatzen da. Txintxarriz ondo hornituta eta zapi-dantzak eginez, udaberri oro iristen diren intsektuen aurkako dantza erritual gisa hartzen ditu ikertzaileak morris dantzarien dantzak.

Morris men-ekin batera tradizioan ohikoak izan dira bi maskara berezi: fool-a edo eroa, eta hobby horse izenekoa, gonadun zaldikoa. Bi pertsonaia horien atzean ezkutatzen den metafora argitzen saiatzen da Juan Antonio Urbeltz liburu honetan.

Europako folklorean morris dantzariak ez daude bakarrik. Izan ere, antzeko talde zeremonialak dira Errumaniako calusariak edo euskal ezpata-dantzariak, otiak edo ezpatak eragindako eraso nekagarriari aurre egiteko antolatutako dantza erritualak egiten dituztenak.

Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu da Juan Antonio Urbeltzen liburu berria. Aipatzekoa da Morris dantza taldeen Morris Ring elkartearen webgunean jaso dutela dagoeneko argitalpenaren berri.

Dokumentuaren akzioak

2007/01/25 13:41

Dantzen inguruko sinboloei buruzko ideirik ere ez dugunondako harrigarri xamarra suertatzen da durangaldeko ezpata-dantzariak eltxoak direla irakurtzea, adibidez. Gero, Urbeltz-en liburuak irakurtzen hasi eta ikusten hasten zara adibide eta konparazio zenbaitek bere logika ere badutela (beste batzuetan gogorrako egiten da ulertzea edo buruan sartzea).

Nik baino gehiago dakizuenok, zer iritzi duzue?

2007/01/26 10:46

Ni ez naiz gai sentitzen Urbeltzen proposamen horiek bere neurrian eztabaidatzeko. Bere teoria eraikitzeko erabilitako materialak, informazio andana, analisirako tresnak eta ortzadar bibliografikoak gehiegi dira niretzat. Egia da hasiera batean harrigarria gertatzen dela planteamendua, baina teoria bat esaldi bakarrean laburbiltzeak dakarren sinplifikazioa gainditu eta bere konplexutasun osora hurbildu ahala eskema nahiko modu lojikoan antzeman daiteke. Durangaldeko ezpata-dantzariak eltxoak direla esatea da gehiegizko sinplifikazio horren ondorioa. Oinarrian Urbeltzen proposamenak dio inauteriei lotutako hainbat tradizio (mozorrotzeak, puska biltzeak, kuestazioetan dabiltzan dantza taldeak, txintxarri eta ezkilak dantzarazten dituzten pertsonaiak, e.a.) alde batetik, eta udako jaietan agertzen diren beste zenbait tradizio (ezpata-dantzak, trokeo-dantzak, e.a.) nekazaritzaren arerio nagusiaren aurkako erritual babesle bezala hartu behar direla, eta etsai nagusi horiek intsektuak direnez, intsektuak uxatzeko errito konjuratorioak izango liratekeela tradizio horiek. Nekazariek intsektuen "mozorroak" jantzi eta haien jokabide batzuk baliatzen dituzte konjuro hori egiteko. Horixe litzateke muinaren sinplifikazioa, eta Durangaldeko ezpata-dantzariena testuinguru zabal batean ulertu beharreko adibide bat.

Teoria bere osotasunean baliagarria den? Ur handiak dira horiek niretzat. Azken baten Frazer-ek proposatutako teoriari buelta ematera dator Urbeltz. Frazerren teoriak eraman zituen Europako folkloristak ia-tradizio guztietan lurraren emankortasuna bilatzera. Horren ondorioak oraindik toki askotan irakurri eta entzun daitezke. Adibidez, Otsagiko dantzariek lurra kolpatzen dutenean makilekin, beti izango da norbait azalduko dizuna lurra esnatzen, iratzartzen ari direla, loratu eta uzta ona eman dezan. Azalpen hori Frazer-en teorietatik ateratako ondorioen aplikazio praktiko (eta sinplekeria) da. Erabiliaren erabiliaz topiko bihurtu dena. Adibideak zalantza handiak sor ditzake, eta hori bakarrak entzunda muturra okertuko luke batek baino gehiagok. Baina Frazerren teoria hori baino gauza askoz konplexuagoa da. Eta Frazer-en lanak kritikatzeko gai sentitzen ez naizen moduan, Urbeltzenak ere nire gaitasunetik kanpo daude.

Hala ere Urbeltzen liburu hauek irakurrita badago ideia bat nahiko argi geratzen zaidana. Europako bazter desberdinetan, hizkuntza, historia eta bizimodu desberdinak izanda ere, hainbat tradizioetan nabarmenak diren antzekotasunak harrigarriak gertatzen dira. Eta horien guztien atzean zer dagoen ez dakit, baina zerbait, eta itxura guztien arabera, zerbait komuna, badagoela begibistakoa gertatzen zait. Eta horretaz konturatzeko balio du gutxienez Urbeltzen lanak.

2007/01/26 12:54

Ados. Urbeltz-ek egin duena bezalako lan mardula (edo beste hainbat lan mardul) esaldi batean laburbiltzeak, noski, horrelako esaldi "karikaturizatuak"-edo asmatzeko arriskua dakar. Zenbaitek gainera, horrelako esaldiak (eltxo eta ezpata-dantzariena ez da nik asmatutakoa) lan mardul horiek desprestigiatzeko erabiltzen ditu, eta ez zen hori nire intentzioa inondik-inora.

Egia da, zuk diozun gisan, esaldi edo adibide konkretuez haratago, lan interesgarria dela Urbeltz-ena bere osotasunean, erakusten baitigu ez garela batzutan uste izan dugun bezain "martzianoak".

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.