Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Moiseyev eta euskal dantza

Dokumentuaren akzioak

Moiseyev eta euskal dantza

2007/11/05 11:45

Dantza tradizionaletatik doinuak, janzkerak eta oinarrizko osagai koreografikoak bildu eta balet ikusgarri eta akrobatikoak sortzeko lanean nabarmendu zen Igor Moiseyev. Balet klasikoan hazi eta hezi zen eta folklore dantzak eta balet klasikoa uztartzeko lanean nabarmendu zen. Bolshoi Ballet-eko dantzaria zela, 1937an, hasi zen tokian tokiko dantzak ezagutu eta haietan oinarritutako baletak sortzen.

Moiseyev-ek mugimendu akrobatikoak eta dantzen abiadura azken muturreraino eraman zituen. Herri dantzetan inoiz ez da baletetan moduan dantzatzen, eta horren jakitun zen bera. Moiseyev-en iritziz tokian tokiko dantza tradizionalak dantza egiteko gonbidapen bat dira, ez daude ikuskizun izateko sortuta. Beraz, berak lehengai hori baliatuz ikuskizunak sortzea zuen helburu.

Euskal dantzetan eragina

1920-30eko hamarkadan Europan barrena ibili ziren Errusiar Baletek arrasto handia utzi zuten Igor Moiseyev eta Lide eta Victor Olaetatokian-tokiko dantzetan. Eta mendeak aurrera egin ahala Moiseyev moduko balet folklorikoak ispilu oso garrantzitsua izan ziren euskal sortzaileentzat ere bai. Orain egun gutxi joan da Victor Olaeta, eta ez dago esan beharrik Segundo, Lide, Victor eta Olaeta familiak, Ballets Olaeta-rekin euskal dantzak eta dantza klasikoa uztartuz egin nahi izan zutenak Moiseyev-en moduko ereduak zituela helburu. Argazki honetan Lide Olaeta, Igor Moisayev eta Victor Olaeta ageri dira, 1968ko abuztuaren 30ean. (Argazkia Euskomedia-tik hartutakoa)

Moiseyev Baleta Euskal Herrian izan zen dantzan 60ko hamarkadan. Juan Antonio Urbeltzek gogoratu izan du Victoria Egunian ikusteko aukera izan zuela eta hainbat irakaspen jaso zituela emanaldi hartatik: "Moisseiev hemen ikusi genuenean, lehenengo eta behin konturatu nintzen dekorazioa jantziak zirela. Hemen giroa sortzeko eszenarioetan belar-metak eta gurdiak jartzen ari ziren garai horretan, dantzek berez girorik izango ez balute bezala." Jakina, Urbeltzek gidatutako Argia dantzari taldeak ez zuen balet klasikoa eta dantza tradizionala uztartzeko asmorik, baina jantziei emandako garrantziak eta eszenatokiaren ikuspegi horri bide luzea eman dio Donostiako dantza taldeak.

Igor Moiseyev hil da baina Ballet Moiseyev-ek bizirik jarraitzen du eta bere koreografia ikusgarriak munduko ikusleak harritzen jarraitzen ditu. Hona adibide bat bideo honetan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.