Dokumentuaren akzioak
Materiagabeko ondarea aztergai Ortzadarren jardunaldietan
XXVII. Folklore jardunaldiak: Materiagabeko ondarea: ekintzak eta eraginak
Iruñea, 2011ko urria
Aspaldidanik dabil UNESCO gerora deituriko Materiagabeko Ondarearen balioa goresten, honen gaineko sentsibilizazioa eta babesa sustatzen. Hiru xede hauetarako osatu zituen bere garaian (1999. urtean, alegia) arriskuan dagoen Ondare Ez-materialaren Zerrenda batetik, eta Ondare Ez-materialaren Zerrenda Adierazgarria, bertzetik.
Erran bezala, bi zerrenda hauek ondare mota honen inguruko kezka eta interesa pizte aldera osatu zituen. Bide honi jarraituz, 2003. urtean argitara eman zuen Materiagabeko Ondarearen definizioa Ondare Ez-materialari buruzko Hitzarmenaren barruan. Bai Hitzarmenak, bai Zerrendek, eragin zuzena izan dute egun ondare honen inguruan erakunde publiko zein pribatuetan gauzatzen ari diren jardueretan, beti ere, estatu bakoitzean gertatzen diren kultur adierazpenak Zerrenda horietan sartzeko joerarekin.
Bertzalde ere, estatuetako zein eskualdeetako kontzeptu berria legediak jaso du eta, honela, tokian tokiko folklorearen adierazpen ikusgarrienak legeek onar dezaketen estatusik “hoberena” aitortzen diete, beti komunikabideen jarraipen zorrotza eta eskuzabala jasoz.
Hala ere, eta erakundeen jarduera-hazkuntza nabaria den arren, zilegi eta aproposa deritzogu ekintza horien hasierako xede eta ondorengo emaitzei buruz galdetzeari. Izan ere, adierazpen tradizional horiek babesten ari gara? Tradizio horiek bizi eta aurrera eramaten dituzten erkidegoak inplikatu ditugu babes horretan? Produktu bat babesten ari gara, gauza bat? Hori da ondare ez-materiala, gauza bat? Izendapenen aurretik, helbururik ba al zegoen? Zein edo zeintzuk? Bete dira? Zein da/dira ondare ez-materialaren izendapenen eragina honelako jardueretan? Eta aktoreengan?
Materiagabeko Ondareari eragiten dioten legeak ondare erabat materiala arautzen duen legedian oinarritzen direnean honelako galdera eta bertze aunitz ere sortzen zaizkigu. Zer erranik ez izendapen ofizialak, babes neurria baino gehiago, helburu bihurtzen direla. “Babesaren” kontzeptu berak ere zalantzak sortzen ditu: zein den bere helburua, ze baliabiderekin lortzen den eta ze eragina izan lezakeen folklore biziaren adierazpenetan.
Zerrenda horien sorkuntzatik hamabi urte joan dira baina ezin suma daiteke ekintza administratibo eta politikoa susta dezakeen gizartearen jarrera garbirik; ez eta adierazpen folklorikoen protagonistek berek parte hartzeko eztabaida-gune baten sorkuntza ere.
ORTZADAR Folklore Elkarteak ondaretze zurrunbilo honetan atsedena hartzeko unea dela uste du. Honela, politikaren denboratik at, lasai iker genezake zerk eragiten duen zurrunbilo hori, prozesu hori, zeinak dudarik gabe bere eragina izanen baitu bai ondarearen eramaileek ondareari buruz duten ikuskeran, bai ondare horren eguneratzean ere.
Helburu honekin antolatzen ditu ORTZADAR Elkarteak XXVII. Jardunaldiak. Edizio honek duela bi urte planteatu eta iaztik ezarritako helburuei jarraituz, eduki dibulgatiboak eta parte hartzaileak (mahai-inguruak, mintegiak, hitzaldiak...) lehenetsiko ditu bere antolaketan.
Hasteko, urriaren 8an Dantza Tradizionalari buruzko II. Tailerra burutuko dugu, aurten Irlandako dantza tradizionala ardatz hartuz. Tailerra ORTZADARrek Arga Ibaia zeharkalean duen egoitzan emango da eta aurretikako izen ematea beharrezkoa izango da.
Urriaren 14an, aldiz, iaz bezala eta Juan Mari Beltran musikologoak zuzentzen duen Oiartzungo Herri Musika Txokoarekin elkarlanean, aipatutako alde dibulgatibo hori musika tradizionala landuko duen kontzertu batekin osatuko da. Kontzertua Irlandako Blackleg Minor taldeak emango du eta gainerako nondik norakoak (tokia eta ordua) bere garaian jakinaraziko dira.
Ikasketa jardunaldiak urriaren 20 eta 22 artean burutuko dira, eta proposaturiko gaiari lotutako lana aurkeztu ahal izanen du edozein ikerlarik. Hortaz aparte, Alor Irekia izango da, zeinean proposaturiko gaiarekin lotura zuzenik ez duten lanak aurkeztu ahal izango diren. Beti ere, Jardunaldien gai orokorrari, Folkloreari hain zuzen, loturik badaude. Aurkeztutako lanak Jardunaldien Batzorde Zientifikoak baloratuko ditu bai Jardunaldietan aurkezte aldera, bai ORTZADARren web orrialdean argitaratze aldera.
Dokumentuaren akzioak
Nonbait akatsaren bat izan da: Jardunaldien aurtengo gaia hauxe da "Materiagabeko ondarea: ekintzak eta eraginak". Eskerrik asko
Eskerrik asko Karlos, aldatu dugu.