Dokumentuaren akzioak
Leitzako Ezpata-dantza eta Dantzari-dantza batera, Andra Mari taldearekin abuztuaren 11-n
60. hamarkada bukaeran SanTiburtzio egunez Leitzako plazan. Pello Mari Morras, Batiste Ariztimuño, Miel Angel Ariztimuño, Pello Agirre, Jesus Mari Vicente, Jose Javier Ariztimuño, Miguel Cestau, Iñaki Aizpuru, Ezpatadantzariak.
Urtero bezala, abuztuaren 11n eguerdiko 12etan, Leitzako Euskal Herria plazan, Ezpatadantza saioa eskainiko dugu, baina aurten bada berezitasunik. Ezpatadantzan, Leitzako Aurrera taldekoak eta Galdakaoko Andramari dantza taldekoak ariko baikara dantzan. Ba bai, aurten ere bi talde ariko gara dantzan, nahiz aurrez ere bi eta hiru talde ere bildu izan garen plazan; baina aurtengoak badu beste berezitasun bat. Bi taldeak aldi berean eta txistu soinu bakarrarekin ariko gara dantzan, baina “ez-berdin” dantzatuz.
Leitzan gaur egun San Tiburtzio egunez dantzatzen dugun Ezpatadantza, 1932. urteaz geroztik dantzatu izan da. Baina berez, dantza ez da Leitzan sortua. Jatorrizko dantza, Dantzari dantza izenaz ezagutzen dena, Durangaldeko dantza da, eta Abadiño, Berriz, Garai, Ijorreta, Izurtza eta Mañaria dira mantendu dutenak. Zehazki ez dakigu noiztik dantzatzen den, baina 1801ean Humboltek bere egunerokoan idatzirik utzi zuen.
Leitzan dantzatzen den Ezpatadantza, Dantzari dantzaren molde bat dela esan dezakegu. II. Errepublikaren hasieran, Eibarko dantza txapelketa batean, Berriz eta Ijorretako dantzarien artean beharko lukeen garaikurra, Bilboko gazte batzuek eraman zuten, Leitzan dantzatzen den modura dantzatuz. Hau horrela gertaturik, jatorrizko herrietan ere modu berean dantzatzen hasi ziren. Aldaera hau izan zen Leitzara iritsi zena eta bertan mantendu dena. Gerora, jatorrizko herrietan, beraiena zen dantza eraldatua izan zela ohartu ziren, eta hori ez zela zuzena ikusirik berriro jatorrizko moduan dantzatzen hasi ziren. Galdakaokoak eskainiko dutena, Berrizko Alejandro Aldekoari ikasita mantentzen dutena izanen da.
Saio honen helburua, ikusleei urtero bezala “Leitzeko Ezpatadantza” eta aldi berean, bere jatorrizkoa den Dantzari dantza erakustea da. Bakoitzak badu bestearen errepertorioan agertzen ez den dantza zati bat. Hala ere, bakoitzak berea den zati hori ere dantzatuko du, bi taldeek beraien errepertorio osoa erakuste aldera. Bi taldeek aldi berean eta Leitzan jotzen den musikarekin dantzatuko dugu. Esan behar, elkarrekin aldi berean dantzatu ahal izateko, moldaketa txiki batzuk egin beharrean aurkitu garela, baina bakoitzak bere dantza bere horretan mantenduz.
Aipatu, Andramari dantza taldearekin harremanak orain 10 urte hasi genituela. Orduan, 2004an, Leitzako Ingurutxoa dantzatzera etorri zitzaizkigun, eta geroztik harremana oso oparoa izan da.
Dantzan.com atariak eskaintzen digun aukera aprobetxatu nahiko genuke, Andramarikoei eskerrak emateko, gure dantza bide honetan emandako laguntza eta laguntasunagatik, eta nola ez Leitzara etorri eta Dantzari dantza eskeintzeagatik.
Mila mila esker! Bihotz bihotzetik!
Leitzako Aurrera dantza taldea – Andra Mari dantza taldea
Dokumentuaren akzioak