Dokumentuaren akzioak
Las Carrascoliendas: Trapagarango gerra aurreko inauteri herrikoia berriz kalean
Iazko inauterietan sortu zen ideia. Aldaketa handia izan du gure herriko inauteriak. Udala azken urteetan dirutza handiak sartuz herriko desfilea indartzen tematu da eta oso desfile ikusgarria egitea lortu du. Karroza handi, mozorro itzelez beteta. Kontua da desfilearekin hasi eta amaitzen zirela inauteriak gure herrian eta beste zerbait herrikoiagoa sortzeko beharra ikusten genuen.
Zer egin baina? Las carrascoliendas deitzen ziren gure herriko inauteri zaharrak. Hala kantatzen zuen gutako zenbaiten aitite edo amamak eta hala hasi ginen buruan bueltaka. Nola berreskuratu Las carrascoliendas zaharrak berriz? Nola egin era herrikoi batez dantza taldeko dantzariez gain herrira zabaltzeko eta sektore eta adin guztietako jendea hunkitzeko?
Gure gogoeta horretan gelditu zen, iazko azaroan berriz heldu genion gogoetari eta gure herriko inauteri zaharraren berreskurapenean sartzea erabaki genuen. Lehenbiziko gauza izan zen herriko zaharrak elkarrizketatzea.
Ohitura: Carrascoliendas zaharrak
Ostegun gizenez aritzen ziren Carrascoliendas kantua kantatuz, janari eskean, etxez etxe. Oilar beltz bat eskuan, kantuak oilar beltzaren historia zuen ardatz. Sarri momentuko kontu sozial, auzoko arazo edo gai politikoez ere aritzen ziren kopletan. Urioste auzoan mozorrotu egiten ziren. Trapagaranen ordea ez. Gure herrian igande edo asteartez mozorrotzen ziren. Askotan gizonak emakumez eta emakumeak gizonez.
Carrascoliendas berriak
Datorren larunbatean berriz ere irtengo dira carrascoliendas kantuak berriz kalera. Orain ordea kantuaz gain dantza berri batekin ere irtengo gara. Trapagarango inauteri dantza sortu dugu. Dantza erreza egitea izan da helburu, dantzari ez den jendeak dantzatzeko modukoa. Nafarroako inauteri herrikoietatik abiatuz Arantzako inauteria zein Lantzeko zortzikoko pausuak gure dantzaren parte bihurtu ditugu. Kantu zaharra kantatuko dugu. Amaitzeko herriko bertsolariak koplatan arituko dira auzoko urteko kontuak zein arazoak aipatuz.
Bertsolariekin euskara sartu da gure inauterian, euskara aspaldi galdu baitzen gurean eta beraz gure zaharrek ez baitute euskaraz kantu edo hitz egin zenik oroitzen. Orain ordea gazte guztiak gara euskaldun, bertsolariak ere baditugu geurean eta euskaraz egin nahi dugu geroa.
Auzoak
Ez gara eskean arituko. Santa Agedan egiten da gure herrian etxez etxeko eskea. Auzoz auzo goazela ordea, auzo elkarte eta auzoetako bizilagunek eskainitako puskekin beteko ditugu sabelak. Ez dira baserri gune txiki, zelai berde eta teilatu gorriak. Industri gune erdian isolatutako langile auzoak. Txaranga batekin ibiliko gara auzoz auzo, dantza, kantu, bertso, jan eta edanean. Elkar harremanean.
Aurreikuspena polita dator. Joan den asteko ensaio orokorrean, herriko plazan, 100 lagun elkartu ginen. Zahar eta gazte, guraso eta haur. Beraz datorren larunbatean badatoz berriro LAS CARRASCOLIENDAS gurera. Zaharrei entzuten ikasi duguna berreskuratzera: jendearen arteko hartu emana eta egun osoko inauteria, auzotik auzora, etxetik etxera.
Dokumentuaren akzioak