Dokumentuaren akzioak
Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasunak izendatu dituzte
Pasa den apirilean, Nafarroako Gobernuak Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasunak izendatu zituen. Izendapenaren prozesua bideratzeko ezinbestekoa da txosten historiko (kasu honetan, historiko-etnografikoa) bat egitea. Hau Ortzadar Elkarteko K. Irujo eta M. Ozkoidik burutu zuten 2008. urtean zehar. Txosten honen laburpen gisa-edo, eta izendapenarekin batera, Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuak Panorama aldizkariko 40. alea argitaratu zuen, beti ere inauteri hauek gai nagusitzat hartuta. Lan honetan, Ondarearen bilakaera eta inauteri hauen azken mendeko bilakaera laburbiltzen da. Gaia, nahiko jorratuta izanda ere, baditu alde batzuk ikertu gabeak edo folklorista eta antropologoen interes txikia piztu dutenak. Dokumentazio grafiko eta artxibokoaz ari gara. Azken hau oso nabarmena da Lantzen kasuan, eta grafiko nabarmenegia Ituren eta Zubietaren kasuan. Berrogeiko hamarkadatik hasita eta inauteri hauek interesa pizten hasten diren arteko argazki polita, interesgarri eta esanguratsuak (inauterien bilakaera islatzeko) aurki daitezke liburukian.
Txosten historiko-etnografikoa egiten ari zelarik Pyrene enpresako nagusi den Eugenio Monesmak burutu zituen herri hauetako inauteriak erakusten dizkiguten dokumentalak. Lan hauek "Julio Caro Baroja" Museo Etnologikoak propio enkargatuta egin ziren eta aurreko astean egin zen haien aurkezpena Nafarroako Artxiboko Hitzaldi Aretoan. Bertan, eta Ortzadarko bi kide hoiek aurkezpen hitzaldia emanda, bai esandako dokumentu grafiko hoiek, nola Caro Barojatarrek egindako "Navarra. Las cuatro estaciones" filmaren grabaketak ikusi ahal izan ziren, Monesmaren lanarekin konparatze aldera. Ondoren ponenteen eta entzulegoaren artean galderak eta eztabaida aberasgarria sortu zen.
Bi lan hauek (Monesmaren DVDak eta Panorama aldizkaria) salgai daude jadanik. Azkenik, eta Materiarik Gabeko Ondareari, zein inauteri hauei buruzko informazioari ahalik eta zabaltze haundiena emateko, Ortzadar Elkarteak Erakusketa bat antolatu du "Materiarik Gabeko Ondarea. Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak" izenburupean. Erakusketa zabalik dago Nafarroako Artxiboan (Iruñeko Maiatzak 2 kalean). Artxiboko ordutegia goizak eta arratsaldeak (21'00 arte) izaten da zabalik; erakusketa bertan egonen da paraturik ekainaren 6 arte.
Bi alde ezberdinak ditu erakusketa. Lehendabiziko batean Ondarearen kontzeptuaren azken mendeko bilakaera aztertzen da 2003. urtean UNESCOk bere Materiarik Gabeko Ondarearen definizioa argitara ematen duen arte. Kontzeptu berri honen ezagupena sakontzen da, biltzen dituen esparru garrantzitsuenen bidez. Bigarren aldea inauteriei dagokie. Hasten gara Nafarroako Erret Artxiboan inauteriei buruzko informazioa aztertzen, hala nola udal artxibotan, hemerotekan herri adierazpen honi buruz 1936.go gerra arte agertzen den informazioaren laburpena jasoz. Gerratik honat, astiroago goaz, mantsoago. Horrek ahalbidetzen digu urte zail hauetan aipatutako inauterietan suertatu diren aldaketak eta iraupenak agerian uzten. Hau, gehienbat, lortu ditugun argazki berrien bidez egiten dugu; argazki polit eta esanguratsuak ikus daitezke.
Guzti honen bidez erakusketaren hiru xedeak betetzen dira gure ustez: Materiarik Gabeko Ondarearen kontzeptua dibulgatu, hiru inauteri hauen garapen historikoa azaldu, eta Materiarik Gabeko Ondarearekiko interesa eta, batez ere, balioestea lortu (lortzen saiatu). Zeharkako xede gisa
apurtu nahi izan dugu uste ustel batekin: tradizioa aldaezina dela. Izan ere, Ituren eta Zubietaren kasuan batez ere, oso agerian dago aldeketez josiriko tradizioa. Garaian garaiko beharrezkoak izan diren edo onartu diren aldaketak herritarrek egin dutelako, beti tradizioaren barruan, Bere egin dituzte gauzatu diren aldaketak, momentu berean tradizioa bihurtuz.
Dokumentuaren akzioak