Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lanònima Imperial, 20. urtemugan emanaldia Bilbon

Dokumentuaren akzioak

Lanònima Imperial, 20. urtemugan emanaldia Bilbon

Garciak tragediaren eta errituaren mundura egindako bisita proposatzen du, vaudeville-tik gertu dagoen teatraltasunetik. Komikiaren unibertsotik sortuak diruditen pertsonaien eta koreografia azkar eta neurrigabearen konbinazioak, elementu arkaiko eta futuristak elkartzen dituen eszenaratzearekin batera, begirada berezia sortzen dute, surrealismoaren eta poparen artean dagoena.

Obrak Euripides-en Bakanteak tragedia greziarra du abiapuntutzat eta bere argumentua Dionisos jainkoaren eta Tebaseko hiria gobernatzen duen eta jainkoaren jatorri jainkozkoa ukatu eta bere errituak debekatzen dituen Penteo tiranoaren arteko liskarrari buruzkoa da. Penteok jainkoa eta bakanteak (Dionisosen omenezko errituak egiten zituzten Tebaseko emakumeak) zelatatzea erabakitzen du, baina harrapatu eta  laurdenkatu egin zuten jainkoaren jarraitzaileek. Horien artean Penteo beraren ama dago. Penteoren amak kordea berreskuratu eta semea ezagutzen duenean, damutu egiten da egindako ezbeharraz.

 
Tragedia horren bertsio askea da A la nit ferida pel raig. Sei dantzarik interpretatzen dute, Nicolaas Marckmann, Anna Roblas, Jordi Vilaseca, Virginia Gimeno, Iris Heitzinger eta Yester Mulens-ek, eta horiekin batera, Ernesto Briceño (perkusioa, biolina eta elektronika) eta 2D2 dj-aren zuzeneko musika; obrak eduki poetiko altuko indar oniriko handia du, Jose Mencheroren eszenografiaren eta talde primitibo indigenen errituak erakusten dituzten Lawrence Wallen multimedia artista australiarraren proiekzioen arteko konbinazioak sortua.

Konpainia eta zuzendaria

1986an sortua, Lanòmina Imperial-ek jasotako sarien artean daude Kataluniako Dantza Sari Nazionala (2000) edota Bartzelona Hiria Saria (1992). 20 urteko ibilbidean Europako 20 herrialdetan lan egin du, Brasil, Mexiko, Venezuela, Kolonbia, Israel eta Kanadan aritzeaz gain. Azken urteotako lanik azpimarragarrienak Liturgia de somni i foc (2000), Prometeoren mitoan oinarritutakoa, Scala1: Infinito (2002), joera futuristakoa, Orfeu (2003) eta Orfeu Concert (2004) izan dira, azken hau flamenko musikariekin, dantza hindu eta flamenkoarekin, eta Custo Barcelonak diseinatutako jantziekin. Azken koreografia Cosa d’homes (2005) izan zen.

Lanònima Imperial gainera, Kataluniako Generalitat-eak aukeratu zuen 2003-2004ko Erresidentzia Programa ekimen pilotuan, Vic hiriko dantza konpainia egoiliar gisan. Lanònima Imperial Vic-eko kultur giroan murgildu zen, lan ezberdinak eta dantzaren hedapen eta dinamizaziorako ekimen pedagogikoak antolatuz. Programa bururatzeko, 2003an dantza jaialdia antolatu zuten eta La Mirada de l’Altre izeneko makroekitaldi multikulturala.

Juan Carlos Garcia Bilbo jaioterriko Akelarre konpainiarekin hasi zen antzerki munduan. Dantza moderno eta klasikoan trebatu zen Bartzelona, Frantzia eta New York-eko hainbat zentrotan, eta 1986an Lanònima Imperial sortu zuen. Garcia bere belaunaldiko koreografo bikainenetako bat dela aitortu du kritikak eta lan koreografikoagatik zein ibilbideagatik saritu izan dute. Besteak beste, Ciutat de Barcelona, Zagreb Hiria Sari Nagusia, epaimahaiaren eta publikoaren Susan Dellal saria (Tel Aviv, Israel) edota Premi Nacional de Danza de Catalunya eskuratu ditu. Azken garaiotan dantza-eszenatoki ezberdinetara zuzendutako proiektu berriak egin ditu, hala nola, Bartzelonako Errege Magoen desfilearen karrozak (Jose Menchero artista plastiko eta eszenografoarekin batera) edo multimedia makroekitaldi baten proiektua Vic hirian.

Dokumentuaren akzioak

Anonymous User
2006/11/03 14:58

oso polita, bai jauna! eta andrea, noski!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.