Dokumentuaren akzioak
Lakuntzako alkate-dantza 2011
Arratsaldeko 18:30ak ziren plaza ingurura hurbildu ginenerako. Ezkaratze baten ondoan ikusi genituen orduan arratsaldeko 19:00ak inguruan dantzatzera zihoazen dantzaritako batzuk, plazaren albo batean. Lasai zeudela zirudien, solasean euren artean, dantzari guztiak noiz elkartu zai. Enparantza jendez gainezka zen. Urteroko alkate-dantzaren aurretik Lakuntza bertako Elai-alai dantza taldeko haurrek euren dantza saiotxoa eskaini behar baizuten. Gipuzkoako uztai txiki-dantzak eta zinta-dantzak, axuri-beltzak... Sakanako arratsalde hotz hartako giroa epeltzen hasi ziren, jendearen "Aupa neska-mutilak!" bezalako oihuek haizeak izoztuta eramaten zituen bitartean.
Zazpietarako minutu batzuk falta ziren umeek euren saioa amaitu zutenerako. Gutxi falta zen alkate-dantza hasteko, baina, txistularirik ez zen inondik ageri. Haurrak eskusoinu jole batekin aritu ziren, baina, banekien alkate-dantza txistu eta danbolinaren doinupean dantzatzen zela, hara joan aurretik interneten topatu nuen informazioak hala baizioen.
Alkate-dantzaren doinuak eta dantza bera 70.hamarkadan izan ziren berreskuratuak Deustoko Bihotz Alai dantza taldeari eta Emilio Anduezari esker. Azken hori, ez zen musikaria, baina, dantzaren doinuak oroitzen zituen eta magnetofoi baten aurrean kantatu omen zituen behin. Gaur egun grabazioa galduta dago, baina, dantzak hor dirau Bihotz Alaik egindako lanari esker. Beraiek izan ziren lehen urtean dantzatu ostean herriko gazteei dantza irakatsi zietenak.
Zazpiak jotzeko eta kalean gora agertu ziren txistulariak etxez-etxeko saio bat egin ostean. Kafe eta pattar pixka bat hartu zutela aitortu zidaten etxeak alaitzen ibili ziren bitartean, baina, hala ere, ederki aritu ziren euren lanean Xabier eta Edor. Denak prest hortaz eta jendea ezinegonaz plaza gero eta txikiago eginez. Txistu hotsarekin bat hasi ziren dantzan.
Soka-dantzarekin hasten da dantza. Gizonek soka osatzen dute eta erlojuaren orratzen kontrako norabidean mugitzen dira. Mugimendu hori gelditu gabe, aurreskuak bakarkako lana egiten du. Horren ondoren, aurreneko bi dantzariek zubia egiten dute soka guztia azpitik pasatzen delarik. Une batean plazako iskin batetan geratu eta aurreskuak eta atzeskuak elkarri begira dantzatzen dute. Bitartean, zerbitzariek dantzan parte hartuko duten emakumeen bila doaz eta aurresku zein atzeskuak haien bikotekidearen aurrean dantzatzen dute lehenik, eta gero, berriro, eurak aurrez aurre. Bi zubi egin ostean bikote bakoitzak elkarrekin dantzatzen du, ingurutxoetan ohikoagoa den bezalaxe. Amaitzeko fandango, arin-arin eta biribilketa bat egiten dute plazara bertaratu den jendeak dantzan parte hartzen duelarik.
Hogei minutu eta gero dantza amaitu zuten, baina, dantzariek plazan utzitako goxotasuna ez zen joan. Aurreskuarena eta atzeskuarena egin zuten Aitor eta Josurekin hitz egiteko aukera izan nuen. 17 urteko bi mutil gazte dira biak, eta kontatu zidaten nola urteko kinto eta prekintoak izaten diren urtean bi aldiz alkate-dantza dantzatzen dutenak. Lehena San Saastanietan, bigarrena, aldiz, Korpus egunez. Eta izan dadila horrela denbora luzez. Alkate-dantzak Sakanako hotza epeltzen eta dantzaren epela fresko mantentzen jarraitzen duen seinale.
Dokumentuaren akzioak