Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "La danza"dokumentala

Dokumentuaren akzioak

"La danza"dokumentala

2011/02/18 12:59

Ia slogan bihurtu dugu "dantza krisian dago" delakoa. "Kultura krisian dago", ere esan lezake baten batek, asteartean Donostiako Trueba zinemako panorama ikusita, ikuslearen eguna izanda, pertsona bakarra baitzegoen aretoan.

Hasiera batean, ez dirudi oso erakargarria dantzari buruzko bi ordu eta erdiko dokumental bat ikustea, baina metrajearen zati handi bat dantzarien entseguek hartzen dutela, eta dantzari horiek munduko onenetakoak direla kontuan hartuta, minutuak konturatu gabe pasatzen dira, dantzarien eta irakasle-koreografoen mugimendu ederren eta perfektuen bilaketan. Frantziako dantza-eskolaren ezaugarria den perfekzioaren bilaketa horretan, oso interesgarria da zuzendariek eta koreografoek dantzariekin duten harremana: dantzarien exijentzia maila gorena da, baina, era berean, mimo handiarekin zaintzen dituzte, eta dantzariek ekarpenak egiten dituzte, jokatzen duten pertsonaiaren espresioa eta, noski, exekuzio teknikoa bikaina izan dadin. Zinema garesti dagoela dioten garaietan, "master class" merke bat jaso dezakezu, dantzarien lanak eta irakasleek esandakoak arretaz segituz gero.

La Danzaren ardatza konpainiaren eguneroko dinamika erakustea da, Operako lanaldia. Entseguak, ariketak edo errepikak; baina baita ere zuzendari artistikoaren bilerak, programazioa, errepertorioa eta emanaldiak koordinatzeko; jostunen lana eta atrezzoaren prestaketa, garbiketa eta mantentze-lanak, argi eta soinu teknikarien doiketak, etab.

Joan-etorri horretan, transbertsalki, hainbat gai jorratzen ditu dokumentalak. Dantzarien estatus profesionala Frantziako lan-erreforman, dantzaren eta dantzaeraren berrikuntzak eta horrek tradizio akademiko-klasikoan sortzen dituen ezinegonak, edo, pixka bat erreparatuz gero, dantzari eta zuzendari guztiak zuriak izatea eta kualifikazio gutxien eskatzen duten lanetan beltzak aritzea.

Dokumetalak erakusten duena hitz bakarrean definitu beharko balitz, hitza lana izango litzateke. Hitzaren zentzurik zabalenean. Alegia, munduko onenen artean dagoen konpainia profesional baten barne-funtzionamenduak eskatzen duena. Akaso, horrexegatik beragatik aseptiko xamarra suerta liteke une batzuetan. Ez dago artearen edo artistaren inguruko ez epikarik, ez mitifikaziorik, ezta artisten balizko bizimodu gogorraren edo bereziaren aipamenik. Emanaldiek dokumentalaren zati txikia hartzen dute, eta ofizioaren parte moduan agertzen dira, dantzarien urduritasuna edo sentimenak erakutsi gabe. Profesionalak lanean. Ikuspegi garrantzitsua eta interesgarria, baina dantza gustatzen zaionarentzat, agian, "herrena".

Baina beste hitz bat ere eraibil liteke: edertasuna, dantzaren edertasuna. Eta horregatik bakarrik merezi du La Danza ikustea.

Frederick Wiseman

La Danza - La Danse: Le Ballet de l'Opéra de Paris

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

2011/02/21 02:13

Benetan interesgarria Gari, bai filmearen ingurukoak bai zineman izandako esperientzia bakartia.

Aportaziorik egiten ez dudan arren, jakin artikuloari esker bat gehiagok (gutxienez) ikusiko duela.

Antton
2011/02/20 19:03

Arratsaldeon:

Gu ere asteartean izan ginen Trueban, baina 19:00tako saioan, eta ikusle asko zegoela iruditu zitzaidan niri.

Asko gustatu zitzaigun dokumentalak Operaren funtzionamendua nola bere osotasunean islatzen duen; bukaera luze xamarra egin zitzaigun eta faltan somatu genituen Operako ballet eskolan sartzeko audizioren bateko irudiak agian.

Zinea bertsio orijinalean azpititulatuta (gaztelaniaz, tamalez) ikusteko aukera polita, aste honetan ere kartelegian jarraitzen du eta.

Zinema aretoan ikusiko dugun hurrengo filma: Cisne negro? ;-)

Ondo segi!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.