Dokumentuaren akzioak
Kukai, Senperena eta Bikandi inprobisaketa emankizun batean
Bilboko Euskaldunako A3 aretoan, bihar asteazkena, urriaren 24an ikuskizun berezi bat izango da, musika eta dantza batu nahi izango duen emankizun bakar bat. Agertokian Sabin Bikandi Bilboko Udal Txistularien Bandako txistularia; Joserra Senperena pianojolea eta Kukai Dantza Konpainia elkartuko dira eta eskainiko duten ikuskizunak euskal dantza tradizionala beste disziplina eszeniko batzuekin batuko ditu, ikuskizun garaikide bat sortuz. Bilboko Udal Txistularien Bandaren denboraldiko bigarren kontzertua izango da hau, bizkaitar hiriburuko Batzar Jauregian denboraldi honetan guztira, sarrera libreko 11 emankizun ikusteko aukera izango dugularik.
Sabin Bikandi eta Joserra Senperenak inprobisaketa ariketa bat egingo dute musika bikote ez-ohiko batetik abiatuz, txistua pianoarekin elkartuz, eta berrikuntzan apostua egin duen Kukai taldeak lagunduta. Jon Maiak Errenterian sortu zuen konpainiak bere hamargarren urtebetetzea ospatzen du. Hamar urte hauetan zehar konpainia honek hainbat lan egin ditu zenbait kolaborazio eta nahasketa sustatzen eta euskal dantzak, beste disziplina artistiko batzuekin uztartzen, dantza estilo ezberdinak eta artea ulertzeko beste ikuspegi batetik abiatuz.
Joserra Senperena (Donostia, 1965), pianojole eta konposatzailea da. Piano klasikoan nahiz jazzean ezagutza duena eta pop-rock estiloan, zineman, antzerkian eta literaturan ere kolaborazioak egin dituena.1999tik bost disko ditu kalean, VIII.mendeko txinatar poesia liburu-disko berezia, euskarara itzulitakoa eta bere konposaketekin eta Jose Luis Zumetak egindako marrazkiekin ilustratutakoa, barne. Lau pelikula eta dozena bat laburmetraiarako, doinu bandak konposatu ditu, orkestrarako moldaketak idatzi ditu eta zenbait antzerki lanetan pianoarekin kolaboratu du. Talde eta barkarlariekin jo du, adibidez, 21 Japonesas, Duncan Dhu, Fito, Bide Ertzean, Jabier Muguruza edo Coque Malla ezagunekin eta baita, Patxi Zubizarreta edo Kirmen Uribe idazleekin ere kolaborazioak egin ditu.
Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musikaria eta euskal dantza tradizionalen ikerlaria da, Donostiako Kontserbatorioan Ohorezko Saria goi gradua amaitzean eta Bilboko Kontserbatorioan Ohorezko Aitortza ganberako musikan. 1995ean, gradu ondorengo ikasketak, Londresen osatzen ditu eta urte bat geroago Goldsmiths’ Collage-n, Etnomusikologia Masterra amaitu zuen. Musikako goi irakaslea da eta Etnomusikologian doktore Londreseko Unibertsitatetik. Zenbait ikastetxetan lan egin du eta intreprete bezala Alxor taldean et, Bilboko Udal Txistularien Bandan egin duen lana azpimarratu behar da. Gainera, Aiko Taldearen sortzailea da, eta txistulari aldizkariko zuzendari ere izan zen 1992tik 1995era.Konposatzaile eta moldatzaile lanetan bere obrak estilo eta genero zabala jasotzen du, beti txisturako musikaren lanak egin dituelarik.
Kukai Dantza Konpainia, Errenteria (Gipuzkoa), euskal dantza tradizionaletik abiatuz sortzen ditu bere ikuskizunak. Bestelako disziplina artistiko eta dantza estiloetatik eta artea ikusteko beste modu batetik abiatuz egiten ditu kolaborazioak eta nahasketak: euskal dantzatik abiatuz, ikuskizun garaikideak sorteen ditu. Bere ibilbidea ‘Deiadarra’ ikuskizunaren aurkezpenarekin hasi zuen eta ordutik hainbat ikuskizun sortu ditu, hainbat kolaborazio lan egin ditu eta ekimen berezietan parte hartu du, hauen artean Tanttaka Teatroa taldearekin egindako lana azpimarratu behar delarik. ‘1937’ ikuskizuna, 2003ko Donostiako Antzerki sariduna da eta ikuskizun hau Argentinan, Txilen, Uruguayn, Venezuelan, Colombian, Estatu Batuetan eta Ingalaterran ere aurkeztu da. ‘Latidos’ (2007) ekoizpenean ere parte hartu du, musika elektronikoarekin eta multimediarekin dantza uztartzen duen ikuskizuna, Valladolideko Kale Antzerki Jardunaldiko antolatzaileen enkarguz.
Datorren larunbatean, hilak 27an, Durangoko Plateruenan
Berriro ere ikuskizun hau Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztuko dute larunbata urriak 27an, doako sarrerarekin, eta Aiko Taldeko musikari eta maisuak ere taularatuko dira bertan, Sabin Bikandi kide den musika taldea.
Dokumentuaren akzioak