Dokumentuaren akzioak
Kukai finalista Max sarietan
Kukai konpainiaren bi hautagaitza Max sarietako finalena izango dira. Martxoan aurreratu moduan, bost izendapen jaso zituen Kukaik, eta haietako bi kategoriatan lortu du saria jasotzeko aukera; dantza interprete talde onenaren kategorian eta ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onenaren kategorian hain zuzen ere. Asier Zabaleta (dantzari nagusiaren sailean) eta Itsaso Alvarez (diruz lagundu gabeko ikuskizunaren eta koreografia onenaren sailean) ere finalista izateko hautagaitza-zerrendan zeuden arren, ez dira azken finalisten artean izango.
SGAE Fundazioak dantzaren eta antzerkiaren munduko profesionalen lanaren balioa eta denboraldi bakoitzeko ikuskizunak sustatzeko sortu zituen MAX Sariak 1998an. XVIII. edizioko irabazleak maiatzaren 18an Bartzelonan egingo den ekitaldian jakinaraziko dira, eta han izango da hirugarren aldiz Kukai konpainia. 2009an errebelazio saria jaso zuen Ttanttakarekin elkarlanean egindako Hnuy Illa ikuskizunarekin, eta 2003an finalista izan zen, 1937, gogoaren bidezidorretatik lanarekin.
Hauek aurtengo Max sarietan finalista izatera pasa diren Kukaiko hautagaitzak:
- Dantza-interpreteen talde onena (Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelena).
- Ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onena (Sabin Bikandi).
Kukairen lan berria: Hazipenen Pozak
Ikuskizunak aurkezten jarraitzen du Kukai konpainiak eta Hazipenen Pozak kale-dantza estreinatuko du asteburu honetan bertan Bilboko kaleetan. Tanttaka taldearekin batera Guggenheineko plazan (Abandoibarran) izango dira apirilaren 26an, igandean 13:30etan, Loraldia jaialdiaren baitan.
Informazioa:
- Max Sariak 2015
- Hazipenen poza (Loraldia jaialdia)
Dokumentuaren akzioak