Dokumentuaren akzioak
Karrikan ikuskizuna Errenterian
Kukai dantza konpainia
Karrikan
2011eko uztailak 20 asteazkena,
Arratsaldeko 20.00etan
Herriko Gamon Zumardian
Karrikan:
"Sei dantzari eta Dj bat biltzen dituen kale ikuskizuna da. Kukai hiru koreograforekin elkarlanean jardun da proiektu honetarako, eta hiruen lanak bilduz KARRIKAN proiektua osatu du"
Kukai kalera, karrikara, heldu da bere lan berriarekin. Dantzariak koreografo multzo zabal eta interesgarri baten esku jarri dira oraingo honetan. Jon Mayaren ideia batetik abiatuta, Damian Muñoz eta Virginia Garcia, Iker Gomez eta Pantxika Telleriak osatu dute kale ikuskizun berri honen koreografia. Karrikan osotasun bat da, sortzaile hauen guztien lana biltzen duen edukiontzia.
‘Sorbatza’, 'Fight For fandango’ eta ‘Aupa Mutil’ koreografiek programa anitz eta bakarra osatzen dute, 60 minutuko dantza saio indartsu eta bizia. (pieza bakoitza bakarka aurkezteko aukera ere badago).
Zazpi dantzarik eta DJ batek hartzen dute parte emanaldietan. Izan ere, Zigor Lanpre (DZ) musika sortzeaz gain, zuzeneko emanaldietan ere jardungo da, musikaren eta dantzaren arteko harremanean lan garrantzitsu bat eginez.
Kukai Dantza Konpainiarentzat esperientzia benetan aberasgarria da proiektu hau; eta emaitza ikuslearentzat are eta erakargarriagoa izango delakoan gaude. Kukaik bere ibilbidean landutako mugimendua eta estiloa hiru koreografo bikainen esku jarri du, eta haien lana zinez interesgarria izan da. Damian, Virginia, Iker eta Pantxikarekin lan egitea plazerra izan da, eta beraien ikuspegiek kolore oso ezberdinek zipriztindutako programa bat osatzeko aukera eman digute. Estilo, erregistro eta lengoai koreografiko berriak eskaintzen ditu Karrikanek.
Jon Maya Sein. Kukai Dantza Konpainiako eta Karrikan proiektuko zuzendaria
Damian Muñoz eta Virginia Garcia (La Intrusa Danza) koreografoak Sorbatza pieza sortu dute, lau gizonezkorentzako pieza indartsu, dinamiko eta fisikoa:
"SORBATZA oreka berrezarri nahi duten lau gizonezkoen arteko errituala da. Gerra sinbolo bat, bakea eraikitzeko; bizitzaren símbolo bat heriotzari konjurua egiteko. Katu baten gisan, zazpi aukera dituzte arima apurtzeko, beraiek euren kabuz armonia ekarriko dien jaki ikustezina produzitu baino lehen. Izan ere, edozein gudutatik behin betiko ateratzeko eginbehar sakratua bilatzea agindu zitzaien".
Damian Muñoz eta Virginia Garcia (La Intrusa Danza) SORBATZA piezazo koreografoak
Pantxika Telleria eta Kukai Dantza konpainiaren arteko elkarlana ez da berria. SOKA proiektua borobildu ostean, erabat beste erregistro bateko sorkuntza lanean murgildu dira oraingo honetan:
“Fight for fandango umorea eta alegoria uztartuz hiru interpreteentzat eraikia izan den pieza koregrafikoak Fandangoaz, fandangoetaz, hitz egin nahi digu, edo hobeki erran gogoetara bultzatu nahi gaitu gu herriko dantzariok”.
Pantxika Telleria. Fight For Fandango piezazo koreografoa
Bi pieza berri hauek iragarriz, Iker Gomez koreografoak Aupa Mutil izeneko sarrera pieza sortu du Karrikan ikuskizuneko zazpi dantzariekin. Bere estiloa oinarri hartuz, antzerki fisikoan oinarritutako pieza da Aupa mutil:
"Nahiz eta nekatuta, lehertuta, akituta, jota, mareatuta… egon; beso, hanka eta bizkarra zizko eginda izan eta birikak, aurkitu ezinda nabilen hitz bat garrasi egiteaz, erabat hustuta izan… badakit harrotasun kontu bategatik zutik jarraituko dudala”.(Ikusi hemen sorkuntza prozesuaren bideoa)
Iker Gomez. Aupa mutil! piezazo koreografoa
Karrikan:
Fitxa artistikoa:
- Zuzendaritza: Jon Maya
- Koreografia: Damián Muñoz eta Virginia Garcia (La Intrusa Danza), Iker Gomez eta Pantxika Telleria.
- Dantzariak: Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Vivin Ingrams.
- Musika origínala: DZ (Zigor Lanpre)
- DJa zuzenean: DZ (Zigor Lanpre)
- Jantziak: Loreak Mendian eta Vialis
- Produkzioa: Kukai Dantza Konpainia
- Iraupena: 60 minutu
- Banaketa: JP Producciones
Dokumentuaren akzioak