Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jantzilo eta Elizondoko inauteria

Dokumentuaren akzioak

Jantzilo eta Elizondoko inauteria

2011/03/14 09:59
Jantzilo eta Elizondoko inauteria

Argazkia: Pello San Millan

Elizondoko inauteriaren berri Baztango Haizegoa blogan biltzen du Pello San Millan baztandarrak. Bertan kontatzen du nola Mariano Izetak bere "Baztango Kontuak" liburuan Elizondoko inauteriari erreferentzia egiten dion: ...iñauteak ederrak izaten omen ziren...San Anton egunetik goiti hasten omen ziren mozorroak eta igandero ateratzen omen ziren karrikera gisa hortan iñauteak artio...

Mariano Izetaren liburuak mozorro-dantza ere aipatzen du. Dantza hori mozorro guztiek dantzatzen omen zuten zortziko doinuan. Marianok 1974. urtean idatzitako artikulu batean, ordea, "oraingoek ez dakigula" dio garai horri erreferentzia eginez. Gaur egun, Baztango zortzikoa egiten dute Jantziloren, tripontziaren inguruan. Hala ere, ez dakigu garai bateko mozorro-dantza gaur egun egiten dutena ote den, honi mozorro-dantza izena eman zaion arren.

Elizondoko inauteria: zortzikoa

II.en Errepublika erortzean eta gerra hastean Nazionalek inauteriak debekatu zituzten Elizondon ere. Hori izan zen inauteria galtzearen arrazoi nagusia. Hasieran oso zaila izan zen festa ospatzen jarraitzea, baina, denbora igarota, klandestinitatean ospatzen hasi ziren. Hala ere, Baztango Haizegoak kontatzen duen moduan, maiz arrapatu zituzten Alguazilek haurrak izutzen ibilitako gazteak, hauek Elizondoko kalabozoan amaitzen zutelarik.

Klandestinitatean ospatzetik inauteri urbano izatera igaro zen Elizondoko inauteria. Duela bospasei urte, ordea, ohitura berri honekin hasi ziren.

Gaur egun, inongo debeku gabe martxan jarri dira berriro ere Elizondoko inauteriak. Goizean hartza, mozorrotuak, jantzilo eta abar puska-biltzean aritzen dira, arratsean, aldiz, herrira jaitsi eta herritik ibiltzen dira.

Azkenik, Jantzilo, baztaneraz tripontzi erran nahi duena, erretzen dute eta aurretik esan bezala bere inguruan mozorro-dantza dantzatzen dute. Jantzilo, Miel-Otxinen gisako pertsonaia da, Elizondoko inauteriak bereganatu duen arren Baztango pertsonaia dena. Hartza ere ibiltzen da han hemenka herriko haurrak izutzen mozorroek lagunduta.

Elizondoko inauteria: Hartza

Elizondoko inauteria: Jantzilo

Argazkiak: Pello San Millan

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.