Dokumentuaren akzioak
Jalgi Hadi Dantzara Amurrion
Berreskuratu behar horretan zenbait ahalegin egin bazen ere, partidan “hordagoa” jotzea erabaki zen: bi urtean behin Euskal Herrian batetik bestera ibiliko zen Erromeria Nazionala antolatzea. Erromeria horri Jalgi Hadi Dantzara izena jarri zioten eta lehendabiziko edizioa Bergaran izan zen 2002an. Ondoren, 2004an Berrizen (Bizkaia) eta aurten Amurrio herriari dagokio (Araba).
Gutuntxo honen xedea zera da: zu eta zure inguruko guztiak Amurrioko Jalgi Hadi Dantzara Erromeria Nazionalera gonbidatzea.
Oraingo honetan Euskal Dantzarien Biltzarra eta Amurrioko Aiara Dantza Taldea dira antolatzaile; hurrengoan, berriz, tokian tokiko dantzari eta dantzaleak.
Urriaren 21eko egun betea izan dadin, egitarau oparoa prestatzen saiatu gara; goizetik goizaldera arteko egitaraua. Xehetasunak ondoko publizitatean dituzu.
Besterik gabe, Jalgi Hadi Dantzara. Amurrion ikusiko dugu elkar. Zatoz dantzara! Eta bitartean ondo izan.
Oharra: Ez ahaztu erromeria giroko arropa janztea.
Jalgi Hadi Dantzara - Erromeria Eguna
Amurrio, 2006ko urriaren 21ean
11.00tan harrera
• Adarrekin deia
• Hamaiketakoa
• Kale animazioa
o FITA FIK
o AKO Amurrioko txistulariak
o Trikitilariak
13.00ean Dantza ikuskizuna Herriko Plazan
• Aiara
• Arratia
• Gipuzkoa
• Lapurdi
• Nafarroa
15.00etan – Herri bazkaria
• Bertsolariak eta euskal kantak
• Bono salmenta ohiko lekuetan edo telefonoz (goizez 657712090 / arratsaldez 630663652)
17.30etan Kalejira
• Laudioko Ttuntturro zanpantzar taldearekin
18.00etan Jalgi Hadi Dantzara
• Koldo Iparragirre eta Oihane Egurtza
• Erre ke erre
• Iantza-Jauziak
• Imuntzo eta Beloki
• Txulalai eta larrain-dantza
• Imuntzo eta Beloki
23.00etan Trikizio
Jalgi Hadi Dantzara. Zergatik eta zertarako
Dantza Taldeen eremua eta era bateko edo besteko dantza-lehiaketen mundua osasuntsu ditugun arren, azken urteetan bada biziki kezkatzen gaituen errealitate bat: plazako dantza goitik behera datorrela; oso aukera gutxi dago fandangoa, arin-arina, mutxikoak, mutil dantzak eta beste hainbat dantza ikasteko eta plazan egiteko.
Horrelakorik ez da gertatzen Europa aldean. Frantzian, Alemanian, Italian edota Irlandan, kasu gutxi batzuk aipatzearren, indarrean segitzen du herritarrek plazan dantzatzeko tradizioak. Belaunaldien arteko lekukoa ez da eten, eta, hala, adin guztietako pertsonak ikus daitezke plazan aurrekoengandik ikasitako urratsak dantzatzen.
Dantza herri bakoitzak duen ondarearen zati bat da, hizkuntza bezala, belaunaldiz belaunaldiz trasmititzen den ezaugarrietako bat. Eta kulturaren alor horretan dihardugunoi dagokigu, neurri handi batean, bizirik iraun dezan. Alde horretatik dator aurkeztu nahi dizugun egitasmoa.
Arestian aipatutakoa aintzat harturik, plazako dantza berreskuratzeko erabaki irmoa hartua du Euskal Dantzarien Biltzarrak eginahalak bi ardatz nagusi dituelarik: ikasi nahi duenak ikasteko aukera izatea eta dantzazale orori plazan dantza egiteko aukera eskaintzea.
Horrela, Euskal Herri osoan, batetik bestera ibiliko den Erromeria jarri dugu martxan; bi urtean behin egingo dena eta Euskal Dantzarien Biltzarraren eskutik tokian tokiko dantza taldeek nahiz dantzazaleek gauzatuko dutena. Abiapuntua Bergara
izan da, bertan hamabost urtez beherako gaztetxoentzat antolatzen den Euskadiko Dantza Suelto txapelketak aurten 25. urtea bete duela aitzakiatzat hartuta.
Euskal Dantzarien Biltzarrak Errenterian eman nahi izan zion hasiera orain dela lau urte gaur egun Jalgi Hadi Dantzara izena hartu duen Erromeria Nazionalari Erromeria Eguna ipiniz. Helburua, hasiera hasieratik, Erromeria batetik bestera eramatea izan da berreskurapenaren ahalegina Euskal Herri osoan egin beharra dagoelako. Lehendabiziko ekitaldian ez zen lortu Erromeriari izaera ibiltaria ematerik, eta bigarren ahalagin bat behar izan da egitasmoa abian jartzeko.
Zer ereingo du Jalgi Hadi Dantzara ekimenak?
Jalgi Hadi Dantzara egun bakarrean dantzan egiteko aukera eskaintzen duen ekitaldia baino gehiago da; eta hala izan da Bergaran ere. Alde batetik, Erromeria aurreko bizpahiru hilabeteetan, Debagoieneko zazpi dantza taldeek plazako dantzak ikasteko eskaintza egin dute eta ikastaroak antolatu dituzte, batez ere, jende helduari dantza ikasteko aukera emanez. Hain zuzen ere, horixe da ekimenaren helburuetako bat: tokian tokiko dantza taldeei, Jalgi Hadi Dantzara edizio bakoitzaren atarian, dantza ikastaroak antolatzeko eginkizuna ematea, eta, jakina, inguruko herritarrei plazako dantzak ikasteko aukera ematea.
Beste alde batetik, berriz, ekimena gauzatu aurreko hilabeteetan pentsaezinezko oihartzuna izan du prestatze fasean zegoen Jalgi Hadi Dantzara-k. Herritarrak, bazetorren eta zer zen ez zekiten, ekimen horren peskizan izan ditugu bizpahiru hilabetez...eta, nolabait ere, jakinmin horrek indarra eman dio dantzari Bergaran; areago, komunikabideetan egindako kanpaina sakona eta burrunbatsua izan delako. Hain zuzen ere, komunikabideen bidez, Jalgi Hadi Dantzara-ri ahalik eta zabalkunde mediatiko handiena ematea da beste helburuetako bat. Plazako dantza altxako badugu, prestigioa emanez lortuko dugu, eta prestigioa emateko modu bat komunikabideak eta Herri Erakundeak proiektuaren alde jartzea da, lehendabiziko edizio honetan garbi asko geratu den lez. Komunikabideak eta Herri Erakundeak lagun izan ditugu Bergara edizioan, eta horrek, aurrerantzean ere horrela izango dela pentsarazten digu.
Halere, bada Jalgi Hadi Dantzara ekimenak, antolatzen den bakoitzean, gerorako utziko duen beste emaitza bat. Alegia, Erromeria antolatzen duen herriak, urtero urtero, erromeria apalago bat antolatzeko konpromisoa hartuko du, eta, era horretan, erromeria sarea osatuko dugu Jalgi Hadi Dantzara-k urtetan aurrera egin ahala. Erromeria koxkor horien inguruan, jakina, antolakuntza talde bat egongo da, baita urte osoan ikastaroak emateko prest egongo den dantza talderen bat ere.
Bergaran Abarka Dantza Elkartea da urtero urtero erromeria apalago bat antolatzeko ardura hartu duena.
Dokumentuaren akzioak