Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jakes Abeberri hil da, dantza maite zuen politikaria

Dokumentuaren akzioak

Jakes Abeberri hil da, dantza maite zuen politikaria

2022/12/01 09:45

Oldarra dantza taldeko dantzaria eta arduraduna, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakaria izandakoa, Biarritzeko Maitaldia dantza jaialdia plantan jarri zuen eta Malandain Ballet Biarritzen sustatzailea izan zen. Politikari abertzalea, kargu politikoak izan ditu hainbat hamarkadaz eta zehazki Biarritzeko kultura arduradun moduan dantza sustatu du.

Oldarran dantzari eta arduradun

Dantzarekin maitemindu zen gaztetatik 92 urterekin zendu den Jakes Abeberri (Biarritz 1930-2022). Biarritzeko Oldarra dantza taldean dantzari eta kantari hasi zen 15 urte zituela eta bertan aritu zen hainbat hamarkadaz, anaia Mauricekin batera gidatu baitzuten hainbat urtez eta Oldarra euskal dantza eta koru elkarteko presidentea izan zen 34 urtez, 1955 urtetik 1989ra. Hain zuzen Oldarra dantza eta kantu elkartean piztu zitzaion euskal kultura eta politikarekiko interesa. Euskal Dantzarien Biltzarraren lehendakari hautatu zuten 1977an.

Politikari abertzalea

Enbata mugimenduaren eta aldizkariaren sorreran izan zen 1960an eta aldizkari horren egile nagusi eta zuzendaria izan zen. Mende erdiz jardun zen aldizkariaren editoralak idatziz eta euskal aberzaletasuna sustatuz. Abertzaleen Batasuneko (AB) sortzailea izan zen, euskararen ofizialtasunaren alde borrokatu du, eta Euskal Herriaren batasuna defendatu. Bere parte hartze politikoa 1967an abiatu zen Enbataren izenean aurkeztu baitzen hauteskundeetan. Ondoko urteetan hainbat alderdi abertzalerekin aritu zen: Herritarki, Biarritz Bestelakoa, Abertzaleen Batasuna, EH Bai, Biarritz Olatu Berria, Euskal Herri Vert et Solidaire,..

Kultura eta dantza sustatzen

1991n Biarritzeko udal-gobernuan sartu zen kultura gaien ardura hartuz eta 2014 arte izan zen Biarritzeko Herriko Etxean. Biarritz Kultura sortu eta horren presidentea izan da 30 urtez. 1991n bertan Maitaldia dantza festibala sortu zuen Biarritzen eta ondoren, 1998an Biarritz Balleta abian jarri zuen, ondoren Malandain Ballet Biarritz izan dena.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.