Dokumentuaren akzioak
Izaskun Lapazak Tirauki Traukian lana sortu du Aterpean programan
2010eko irailaren 16tik 26ra Baiona, Donostia, Irun, Ziburu, Azkain, Hendaia, Errenteria eta Donibane Lohitzunen burutuko da aurtengo Dantza Hirian jaialdia. Dantza garaikidea kalera ateratzeko asmoz sortu zen mugazgaindiko jaialdi hau eta bosgarren ekitaldia du aurtengoa.
Dantzaren hedapena sustatzeaz gain sortzaileen lana babesteko Aterpean egoitza programa jarri zuen abian Dantza Hirian jaialdiak. Hautatua izan den artistari ordain ekonomikoa, bere lana prestatzeko gunea eta emanaldiak egiteko eremuak eskaintzen zaizkio.
Aurtengo Aterpean deialdira 15 hautagai aurkeztu ziren eta proiektu guztien artean Izaskun Lapaza, 26 urteko dantzari donostiarra izan zen hautatua. Oskorriren "Tirauki" kantaren irakurketa berria proposatzen du Izaskun Lapazak bere proiektuan. Amaia Navascues dantzaria, Larraitz Ugartemendia klake dantzaria eta Maria Lobero biolinjoleak parte hartzen dute Lapazaren lanean.
Bidasoaren bi alboetan Aterpean sortze prozesuaren egoitza. Uztailaren 1etik 16ra Malandain Ballet Biarritz-en koreografia zentroan aritu ziren, eta uztailaren 19tik 30era Donostiako Dantzagunean. Sortze prozesu horren emaitza irailean estreinatuko da, Dantza Hirian jaialdian.
Aterpean egoitza programaren hirugarren deialdia da eta aurretik Asier Zabaleta (2008an) eta Iker Gomez (2009an) izan ziren bere lanak babes honetan burutu zituztenak.
Tirauki Traukian sorkuntzaren emanaldiak Dantza Hirian jaialdian:
- Irailak 17, ostirala, 18:00etan Donostian, Boulebarrean.
- Irailak 25, larunbata, 17.00etan Baionan, Les Halles merkatuan
- Irailak 26, igandea, 11:30etan Donibane Lohizunen, Louis XIX. plazan.
Tirauki Traukian Biarritzeko Maitaldia jaialdian:
- Irailak 18, larunbata, 20:00etan, Biarritzen, Kasinoaren ondoan
Dokumentuaren akzioak