Dokumentuaren akzioak
Itziarko V. Erromeria Eguna maiatzaren 4an ospatuko da
Bestalde esan beharra dago ekitaldiaren barruan, nobedade bezala, Maixa ta Ixiar trikitilariak izango ditugula, hamalau urteren ondoren Itziarko V. Erromeria Egunean elkarrekin ikusteko aukera izango dugu.
Aurreko urteetan Euskal Herriko txoko ugaritatik batu izan da jende-andana Itziarko Erromeria Egunera. Aurten ere jende asko espero dute itziartarrek, jada erromerien munduan errotzen hasi den festa honekin.
Egitarau oparoa
Aurtengo egitarauak aurreko edizioen ildotik jarraituko du. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Vianako eta Itziarko dantza taldeak, albokariak, fanfarea eta gehiago, egitarau mardulari bizi ematen.
Trikitilariak, Maixa ta Ixiar bikoteaz gain, Kristina ta Amaia, Jagoba eta Maddalen, eta Imanol eta Izer izango dira. Aurten nabaria da emakumearen presentzia trikitilarien artean.
Eguerdiko 14.30ean herri bazkaria izango da frontoian; eta bazkaritarako txartelak maiatzaren 1erako erosi beharko dira Itziarko ohiko saltokietan.
Erromeria Egunaren helburuak
Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako.
Era berean, musika eta dantzarekin gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak irrikitan egoten ziren erromerietara joateko.
Erromeria Egunaren beste helburuetako bat Antonio Buenetxea Txankarta herriko soinujole zendua omentzea ere bada. Itziarren sortutakoa eta hazitakoa izan zen Txankarta. Izaera biziko gizona izan zen eta soinu handiarekin oso trebea; Gipuzkoako hainbat herri eta bailaretan oso ezaguna izan zen. Gerraosteko urte zailetan, trikitixa bizirik mantentzeko giltzarrietako bat izan zen Elgeta, Gelatxo eta Sakabirekin batera, besteak beste. Helburu horren harira, Joxean Agirre idazleak, Andutz Kultur Taldearen bultzadapean, 2011n kaleratu zuen liburua.
Andutz Kultur Taldea
Aurten ere Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Taldea izan da. Herriko hainbat elkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuarekin sortu zen taldea, orain lau urte inguru. Besteak beste, Itziarko herri mugimendua berreskuratzeko eta herri kultura berpizteko xedeak ditu taldeak.
Dokumentuaren akzioak