Dokumentuaren akzioak
Inauterien inguruko ikuskizuna estreinatuko du Gaztedik
Noiz: Igandea, 2010eko Otsailaren 14ean
Lekua: Bilboko Plaza Berrian
Ordua eta iraupena: 18:00 eta 19:30 bitartean, ordu bete eta ordu eta laurdeneko ikuskizuna.
Ikuskizunaren ardatza nagusiak
Gaztedi Dantzari Taldekoek, gure 59 urtetako historiari jarraipena emanez, eta gure 60. urteurrenaren atarian izanik, dantza tradizionalean oinarritutako, baina berrikuntza estético eta bisual asko dituen ikuskizuna aurkeztu nahi dizuegu.
Bilborako espreski sortutako ikuskizun honetan, Euskal Herriko Inauteri ospetsuenen zertzelada ezberdinak taula gainean jarri nahi ditugu, dantza tradizionala ikustera ohituta dagoenari zein ez dagoenari, modu oso erakargarrian aurkeztuz. Horretarako, dantza tradizional emanaldietan ohikoak ez diren ikusentzunezko baliabide eta efektu ugari erabiliaz, eta eszena diseinu ausart baten bidez, Plaza Barrira hurbiltzen den publikoa gurekin batera Euskal Herriko inauterien barrena bidaiatzera gonbidatuko
dugu.
Off-ena doan narrazio batek, audio eta argiztapen anbientazio sendo baten laguntzaz, gerturatutako publikoari Euskal Herrian zeharreko bidai imaginario horren parte izaten lagunduko dio, momentuoro, publikoarengan interaktuazioa eta sorpresa sortzen diren bitartean. Helburua beraz, ez da taula gainean dantza soil batzuk aurkeztea, baizik eta hoiekin batera ikuskizunaren eremu osoan (eskenatokian eta jendearen artean) beste hainbeste elementu aurkeztea, publikoak gehigarri bat eraman dezan etxera bere gogoetan.
Ikuskizunean, negu hotza eta euritsua ardatz bezala hartuta, inauteriak negu horretan pizten duen alaitasuna eta poza helarazi nahi izango diogu publikoari.
Bidaiaren lehen etapak Zuberoara eramango gaitu bertako Maskaradaren hainbat dantza aurkezteko, Zamaltzain, Txerrero, Gatiak, Kantiniersa pertsonaia gorri eta Beltzeriaren eskutik. Zuberoatik, eta Iturengo Zanpartzarren joare hotsak lagunduta salto eta Lantz herrira joango gara. Bertako pertsonaiak, Ziripot, Mielotxin, Zaldikoak, Txatxoak…, eta Erraldoiak, Plaza Berria hartu eta eskenatokiraino helduko dira Lantzeko dantzak eta alaitasuna Bilbora gerturatzeko.
Hirugarren etapak Gipuzkoara eraman eta 60.hamarkadan, lan mardularen ondoren Gaztedik berreskuratu zuen Oria herriko Sorgin Dantza aurkeztuko dugu taula gainean. Gipuzkoako sorgin dantza zaharrena eta ezagunenetakoa 30 pertsonetako abesbatza baten laguntzaz eskenatokian aurkeztuko da, bere garaian berreskuratu eta oraingoan dantzara bueltatuko diren Gaztediko dantzari haien eskutik.
Azkenik, bidaiak, Behe Nafarroako mugara eramango gaitu, Luzaidera, bertakoen inauteriko dantza alai, dotere eta koloretsuak aurkeztera. Jauziak, muxikoak, polkak… eskenatoki gainean 20 dantzari, 8 musikariez osaturiko txaranga, 30 pertsonetako abesbatza eta 4 erraldoi dantzan ikuskizunari amaiera, era berezi, koloretsu eta sorpresadun batekin emateko.
Ikusten duzuenez, ikuskizuna ausarta eta ilusio handiz garatutakoa da, horregatik Gaztedi Dantzari Taldekoek, Bilboko Euskeria Abesbatza eta Mairuek Erraldoi konpartsarekin lankidetzan, bihotzetik eta ilusio handiz egindako sormen lan hau aurkezten dizuegu.
Dokumentuaren akzioak