Dokumentuaren akzioak
Ikerfolk Ameriketako Estatu Batuetan 2008ko udan
Alderdi batetik, Lisa Corcosteguik Jexux Larrea dantza maisuari egin zion eskea urtero antolatzen den udalekuan parte har zezan. Udaleku hau toki desberdinetan egiten da eta aurten, esan bezala, Wyoming estatuko Buffalo herrian izan da.
Beste alderdi batetik, N.A.B.O.ko sustatzailea den John Ysursak estatu desberdinetako dantza taldeetako zuzendari eta zenbait partaideri Gipuzkoako Dantzei eta Jantziei buruzko ikastaro trinkoa emateko galdea egin zion Ikerfolki eta horretan jardun zuten Iñaki Arregi eta Ane Albisuk.
Bi ikastaroek ikasle eta dinamika desberdina izan bazuten ere, gai bera zeukaten: Gipuzkoako Dantzak eta gerora begirako ekimen edota proiektu zabalago batean kokatuko lirateke.
Ikerfolketik egindako eskaintzaren ezaugarririk garrantzitsuena agian, ikastaroei eman nahi izan zaien
ikuspegiarena izan da, hau da dantza ikastaro soil batetik haratago joanez, erakutsi beharrekoa planteamendu zabalago eta osoago baten barruan kokatzearena:
• Dantza pedagogia (nola erakutsi: dantza maisuaren eredua)
• Dantza bera (helburuetako bat).
• Jantzia: zer jantzi eta nola (atontzearen garrantzia).
• Doinuak eta kantuak (Udalekura eman ziren zenbait joko eta erritualetarako ezinbestekoak).
• Azken helburu moduan, jende aurreko aurkezpenaren testuingurua: ikasitakoa nola plazaratu (errito eta protokoloen esanahia eta egun egin daiteken erabilera).
Hasiera bateko ikuspegiak, Musika eta Musika tresnen erabilpenarena gaia hartzen zuen bere baitan, baina antolaketa arazoak medio gai hori beste baterako uztea erabaki zen.
Buffaloko ikastaroa
Ekainaren 15ean hasi zen Buffaloko (Wyoming) ikastaroetako zirkuitua. N.A.B.O.k antolatzen duen Udalekuan aurten Jexux Larrea donostiarra izan da dantza maisua. Dantzaz gain, beste gai batzuek ere jorratzen dira udaleku honetan, hala nola, musika, euskara eta kultura besteak beste.
Lisa Corcostegui izan zen Jexux lan honetarako proposatu zuena. Lisa, Euskal Ikaskuntzetan doktore, N.A.B.O.ko kide eta dantzaria, aurtengo Udalekuaren kultura monitorea eta antolatzailea izan da. Proposamen hau eta aurrerago azalduko direnak, Ikerfolkek AEB.etako euskal dantzariekin duen
zerbitzu eta jarraipen proiektuan kokatu behar da. Proiektu honek dantza, jantzi eta koreografia formazio bat, honek dakarren jarraipena barne, eskaintzen du eta aurtengo egitasmoa Gipuzkoako dantzetan oinarritu da. Hori dela eta, Abalzisketako txantxo dantza, Axeri dantza, Brokel dantza zikloko Uztai txikia eta Ormatxulo deritzon Soinu Zaharra ikasi behar izan zituzten udalekuko ikasleek.
Horretaz gain, beste proposamen interesgarri batekin joan zen Jexux; San Juan bezperako ohitura berreskuratzeko ideiarekin, alegia. Horretarako, San Juanen koplak egin zituzten. Puska biltzea egin ondoren, sua piztu zen plazan eta su aurrean dantzatu eta abestu eta, noski, gainetik salto egin zen, legezkoa den bezala. Hau gauzatzeko, koplen leloa euskaraz ikasi behar izan zuten (Dios te salve, ongi etorri, gabon jainkoak diela...) eta koplak, beraiek sortu zituzten ingelesez. Beraz, horrela kantatu ziren, ingelesa eta euskara tartekatuz. Koplen gaiak beren euskal jatorriaz eta euskal kulturarekin duten harremanean oinarritzen ziren.
Ikastaro honetako partaideak 10 eta 15 urte bitarteko gaztetxo eta gazteak ziren. Batzuek sekula dantza egin gabeak, beste batzuek noizbait dantzatu zutenak eta besteak batzuek normalean aritzen direnak. Guztira 6 taldetan banaturik zeuden 42 ikasle izan ziren. Talde bakoitzak ordubeteko klasea jasotzen zuen egunero eta seigarren egunetik aurrera, gai guztien artean, gehiago sakontzeko asmotan, dantza aukeratu zutenek, ordubete gehiago zeukaten. Izan dira ere eskakizun bereziak, hau da, talderen bateko zuzendariak hala eskatuta, dantza bereziren bat erakutsi zitzaion beren dantzari eta udalekuko partaideari.
Bi asteko lan honi guztiari amaiera emateko, ikuskizun bat antolatu zen gazteek beren ikasketen berri
erakusteko. Horretarako, koordinaketa lanak egin behar izan ziren bai musikariarekin (txistularia) eta bai grabatutako musikarekin ere eta guztia, noski, entseatu. Partaide bakoitzak bere jantzi tradizionala zuenez, horrela egin zen ikuskizuna.
Aipatu beharra dago ikastaro honetarako , bai bideoaren eta bai musika grabatuaren laguntza behar izan zela eta Lisa Corcostegui izan zela hau gauzatu zuena.
Ikastaroaren arduraduna, berriz, Buffaloko Kate Kamino izan zen. Gaur egun Nevadako Unibertsitatean lan egiten badu ere, lotura finkoa dauka bere jaioterriarekin eta horren adierazle izan da, bertakoek emandako laguntza eta izandako partaidetza.
Informazio gehiago:
San Francisco eta Boiseko ikastaroak
Goian aipatu bezala, Ikerfolkek, NABOk hala eskatuta, AEBetan duen egitasmo baten lehen saioan koka ditzakegu ere (Udalekun eginikoaz gain) bi ikastaro hauek. Ikastaroen gaia, beraz, Gipuzkoako Dantzak eta Jantziak izan zen.
Bi hiri hauen hautua ez zen nolanahi egin. Alderdi batetik, San Franciskon bildu ziren Californiako dantza taldeetako partaideak. Jatorriz Nafarrak eta Lapurdi, Baxenafarroakoak ziren neurri handi batean. Ikastaro honen arduraduna Valerie Arretxea izan zen.
Bestetik, Boisen bildu ziren Nevada, Idaho eta Oregongo dantza taldeetako partaideak. Hauek, berriz, Bizkaitar jatorrikoak ziren, oro har. Ikastaro honen arduraduna Jill Aldape izan zen.
Bestalde, Nevadako Zenbat Gara Dantza taldeko zuzendari eta NABOko partaide den Lisa Corcostegui izan zen bi ikastaroetan laguntzen, argazkiak egiten eta bideoz grabatzen.Dantza taldeetako partaide guztiek ateak zabalik bazituzten ere, ikastaroa, funtsean, dantza taldeetako irakasle eta zuzendariei zuzenduta zegoen; dantzan eskarmentua zutenei, alegia.
Esan beharra dago, ordea, maila guztietako partaideak izan zirela eta gogotsu aritu zirela.
Bataz beste 15 eta 20 artekoa izango zen saio ezberdinetan parte hartu zutenen dantzarien kopurua. Ikastaroaren agenda honako hau izan zen:
- San Francisco (Euskal Etxean) Uztailaren 18, 19 eta 20.
- Boise (Euskal Etxean) Uztailaren 22, 23 eta 24.
Guztira 11 ordu irauten zuen ikastaro honen azken helburua, arestian esan bezala, Gipuzkoako Dantzak plazaratzen irakastea zen. Horretarako dantzak, jantziei buruzko argibideak eta plazaratzeko ezinbestekoak diren pausuak eman zitzaizkien.
Hiru dantza irakatsi ziren: Agurra, Axeri Dantza eta Uztai txiki. Ondoren, Soka Dantzaren bitartez plazaratzeko modua azaldu zen. Honekin batera gure tradiziozko jantzi eta janzkerari buruzko azalpenak eman ziren, Gipuzkoako Dantzak egiteko erabiltzen diren jantziak azalpen orokorra egin ondoren erakutsi zirelarik. Ondoren, plazan dantzatzeko nola atondu: zeintzuk diren ezinbesteko pausuak, amarruak, jokabide okerrak…praktikaren bidez azaldu ondoren, azkeneko egunean, bakoitzak zekarren jantzia behar bezala zeramalarik, Soka Dantzan parte hartu zuen.
Iñaki Arregi izan zen, artean AEBetan jarraitzen zuen Jexux Larrea laguntzaile izan zuelarik dantza ez ezik, aurreko prestakuntza - dantza egin baino lehen ezinbestekoak diren ariketa fisikoak nola egin- irakatsi zuena. Honetaz gain, Dantza Maisuei buruzko eskola teoriko-praktikoa ere eman zuen Jira Galdua aldizkarian azaltzen den Gipuzkoako dantza maisuen taula gimnastiko koreografikoereduan oinarrituta. Ane Albisuk, berriz, eskola teoriko gisa bi saio egin zituen eta ondoren galde-erantzunak, zalantzak argitzea eta praktika biltzen zituen saio baten ondoren Soka Dantza egiteko janztearen prozesua zuzendu zuen.
Hau izango litzateke laburbilduz, toki bakoitzean egindako lana. Esan beharra dago, lehendabiziko pausuak izan direla eta ondoren hausnarketa eta sendotze prozesu bat egin ondoren guzti honen proiekzioa egitea beharrezkoa dela.
Informazio gehiago:
Dokumentuaren akzioak