Dokumentuaren akzioak
Hondarribia dantza II - Kronika
Asteburuko ekintzei ostiralean J.I Ansorenak emandako hitzaldiarekin eman zitzaien hasiera. Ansorena bezalako erreferentziazko pertsona bat Hondarribira etortzeak duen garrantzia agerian geratu zen udaletxeko areto nagusiak izandako itxurarekin. Aulki hutsik ez eta jendea adi-adi eta askotan irrifarra ahoan izan zen ordu bete pasatxoan zehar. Tradizioaren balioez jardun zuen Ansorenak, entzuleen artean gogoetarako eta eztabaidarako hainbat atal jorratuz.
Igandean berriz, Hondarribia Dantzan-en gainontzeko ekitaldiak burutu ziren. Goizean, Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorririko hiru dantza taldek Hondarribiko kaleak alaitu zituzten. Herrian zehar hainbat puntutan dantzatu ondoren, eguerdiko 12:30ean dantza saio nagusiari hasiera eman zitzaion S. Maria Madalena plazan.
Baigorriko Arrola dantza taldeko kide gazteek Behe-Nafarroan oso ezagunak diren hainbat dantza eskaini zituzten. Tartean makilariaren trebetasuna aipagarria izan zelarik.
Lantziegotik Sebastian Iradier y Salaverri dantza taldeko kideak etorri ziren. Hauek Arabar Errioxako hainbat makil joko eta jota dantzatu zituzten gaita soinu indartsuz lagundurik.
Azkenik, Berako herritarren txanda izan zen. Alaitasun eta animoz gainezka Iñude eta Artzainen konpartsa eskaini zuten, goizeko ekitaldiei amaiera emanez.
Taldeetako partaide guztiek elkarrekin bazkaltzeko aukera paregabea izan zuten, bazkarian bertan ere musika, dantza eta kantak falta izan ez zirelarik.
Arratsaldean berriz, Imuntzo eta Belokiren taldeak eskainiriko erromeria biziak, S. Maria Madalena plazara hurbilduriko jendea dantzan jarri zuen, asteburu bikainari amaiera ezinhobea emanik.
Kemen dantza taldeko kideak eginiko lan guztiaren ondoren nekaturik baina benetan pozik azaldu ziren, ekitaldiek izandako harrera eta jendearen partehartzea zirela eta. Pentsa daitekeen gisan hurrengo urteko Hondarribia dantzanen prestaketari heltzeko gogoz eta ilusioz beterik daude.
Dokumentuaren akzioak