Dokumentuaren akzioak
Hitzaldiak Nafarroan II: Karlos Sanchez Ekiza
Dantzariendako dantza musikari buruzko hitzaldia prestatu zuen, kontuan hartuz, dantzariaren eta musikariaren munduak ezberdinak direla, askotan kontran egiten dutela eta bateratzen zailak direla, neurri handi batean lengoaia amankomun baten faltagatik.
Hiru azterketa atal zehaztu zituen Karlosek: 1- Erritmo eta konpasaren arteko ezberdintasuna, 2- Partituraren ingurukoak, eta 3- Musika formazio ezberdinak.
1- ERRITMO ETA KONPASA:
Dantzarako musikak etengabeko garapena bizi du. Egun ere bai, dantzaren jatorriko herrietan eta baita dantza talde "generalistetan" ere. Azken garai hauetan konpasa erritmoari gailendu zaio. Errealitate ezberdinak dira, sarri nahasten ditugunak (kontserbatorioan ematen den modelo jasoaren eraginez neurri handi batean). Konpasa erritmoaren erregularizazioa da (Konpas ezberdinak daude 2/4, 3/4, 4/4, 6/8, 3/8,..., erritmoaren gaineko ideia bat denok dugu buruan, ez?). XVII-XVIII mendeetararte musikak ez zuen konpas zehatzik jarraitzen, musikariak ezartzen zion erritmoaz haratago.
DANTZAREKIN ERLAZIOA: Erritmoaren erregularizazioak bi modelo muturreko sortu ditu: 1) Musika jasoarekin harreman handiagoa duena, non dantzariaren gorputza eta mugimendua erritmora moldatzen diren. Hau da, dantzariak musikaria jarraitzen du. (Gipuzkoako dantzetan adibidez) eta 2)Kontrako kasua, adibidez, Zuberoako dantzetan: Musikariak dantzariaren pausoei so jotzen du. Honek, kontserbatorioan irakasten ez den iaiotasuna eskatzen dio musikariari. Beste adibide bat: Lesakako dantzetan talde guztiakegiten dituen jauziak. Dantzariak esanen luke: "Motelago jo ezazu". Egia da, motelago jo behar da, baina gainera melodiaren erritmoa guztiz aldatzen da jauzi horietan. Garrantzitsua da hortaz ohartzea.
2-PARTITURAREN INGURUKOAK:
Musikariak dantza ezagutu behar du eta bere inguruan gertatzen ari denaz ohartu (etengabe partiturari begiratzeak ez du zentzu handirik). Partiturak dantzarako musikan ez du musika eruditoan duen "paper" bera. Musika eruditoan (jasoan) musikariak konpositoreak idatzi duena jo "besterik" ez du egiten. Konpositoreak partituran idatzi duena egin behar da. Dantzarako musikan ez da hori gertatzen. Partituran idatzita dagoena apunte batzuk besterik ez dira. Partituran ez dago ia ezer (informazio asko falta da) eta falta dena interpretatu behar da.
- ERRITMOA: Konpasarekin baino, gorputzaren mugimenduekin zerikusi handiagoa duen ritmika bat dago. Hori ez da partituran agertzen. Partituran matematika ideal bat agertzen da. Askotan, benetan jotzen dena ez da zehazki partituran agertzen dena. ADIBIDEZ:
- Dantzari dantzako ezpata joko nagusiko paseoa eta Gipuzkoako ezpatadantzako lehen zatia: Melodia bera da, baina erritmoa ez. Hala ere, partituran berdin berdin idazten dira (5/8, zortziko konpasean), eta ezberdintasuna ez datza abiadura kontuan soilik. Karlosek bere tesi doktoralean Alejandro Aldekoaren (Berrizko txistulariaren)grabazioen noten iraupena (segundu milesimak) neurtu zituen, besteak beste. Bertan ikusten da berak jotakoa ez dela 5/8 konpasa, baina konpas horrekin du antza gehien.
- Aldekoaren ezpatadantzari harreta jarriz entzuten dugu 6/8+3/4 konpas horretan 6/8a mantsoago jotzen duela. Partitura jarraituko bagenu, bi konpasak abiadura berean joko genituzke (Oskorrik egiten duen bezala, esaterako), ez dagoelako horren berri ematen digun oharrik, eta ezpatadantza erritmoak duen berezitasun hori galduz joaten ahal da. Hortaz konsziente izan behar dugu.
Partitura oso lagungarri izaten ahal da, bai, baina elementu perturbatzailea ere bai. Egokiena ahozko tradizioa eta belarria erabiltzea da (iturrietara joz).
PROPOSAMENA: EDBk edo horretarako interesa eta ahalmena duen beste inork jatorrizko aintzinako grabazio errekopilazioa egitea (Alejandro Aldekoa, Maurizio Elizalde,...) iturrietara errazago heltzeko.
3-FORMAZIO MUSIKALAK:
60-70 hamarkadetan moda sortu zen guztia txistuekin jotzekoa. Dantza bakoitzarendako musika tresnarik egokiena zein ote den eztabaidagarria izaten ahal da. Otsagabiko dantzak klarinetearekin eta txistuekin jo izan dira eta herrian ez zen horregatik deus gertatzen. Gero Fanfarre izena jarri zitzaien Baxe Nafarroan aritzen ziren musika taldeei (harrapatzen duten musika tresna guztiekin jotzen dute fanfarre horiek) eta horiek ere hedatu dira. Orain dantzak talde instrumental handiekin jotzeko ohitura dago, baina talde handi batek ez du bakarlari batek izaten ahal duen malgutasuna (hor ere galtzen da dantzarako musikak dituen berezitasunak). Hori gogoan hartu!!!
Dokumentuaren akzioak