Dokumentuaren akzioak
"Hiria eta dantza" aztergai izango da Ortzadarren folklore jardunaldietan
XXVI. Folklore Jardunaldiak: Hiria eta dantza
Iruñea, 2010eko urriaren 20-22
Folklore Jardunaldien XXVI. edizio honen xedea hiri esparruan folklorearen adierazpenei orokorki, eta dantza tradizionalari zehatz-mehatz, uzten zaien tokia ikertzea izango da. Kulturaren folklore adierazpenak gero eta balioespen nabariagoa jasotzen ari dira erakunde politiko eta administratiboen aldetik eta horrek era askotako efektuak eragin ditu. Alde batetik, ondare ez-materialaren kontzeptuaren garapenak badu bere baitan turismoa oinarri duen garapen ekonomikoarekiko lotura eta ez, derrigorrez, ondarearen “per se”zko babesa. Izendapen hauek folklorea reifikatu egiten dute horren aldeko babes neurriak hartze aldera: ihauteri hauen adierazpen hau, baina ez ihauteriak; ospakizun hau, dantza hau edo beste hori. Irizpide estetikoak edota erakarpen turistikozkoak dira ondarearen babes neurri horien atzean sumatzen direnak.
Babes edota mota honetako izendapenaren baitan legokeen folklorearen ale baten “jabegoak” edota sustatzaile izateak ematen duen ustezko ospeak, ez du kultura tradizionalari bere osotasunean onurarik
ematen; aldiz, halako errekonozimenduen hautagaiak izan litezkeen adierazpen “bakarrak”, aparteko momentuak-eta bilatzera eraman gaitzake.
Eta bide horretan, eguneroko ezagupen eta adierazpenak, komunak direnak edota hedatuak, arruntak zentzu horretan, bazterrean gelditzen dira, inongo errekonozimendurik gabe.
Folklore Jardunaldien Batzorde antolatzailean uste dugu dantza tradizionala, dantzan aritzea eta jakitea, “abandonaturiko” ezagutza hoietariko bat dela eta horrela adierazi nahi dizugu. Dantza tradizionalak eta kultura herrikoiak bizirauteko indarrean zeukan transmisio bidea erabat gailendu dute estatuenek eta mass-media delakoek. Egoera honetan, bere lekuak eta denborak izateko orekarik gabeko borrokan aritu behar du kultura tradizionalak iraungo badu. Hirigintza garaikideak, aisiarako eta bestarako denboren kudeaketa politikoak, hala nola toki publikoenak, leku pribatuetara txokoratzen du. Eta kalera ateratzen delarik betidanik agertu diren eragozpenak berpizten ikusiko ditugu: zarata dela, baimenak direla, aseguruak direla… folklorearen ez-lekuetara kondenaturik agertuko zaigu folklorea, bizipen sortzailea ematen ez den lekuetara, hain zuzen.
Soka dantzaren beste muturra dantzaren inguruan hirietan lan egiten duten talde, elkarte eta norbanakoak dira, haiek ere dantzaren gainean bere eragina izaten dutelarik. Aipatzekoak dira, batez ere, elkarte horien balizko ahalmenak eta mugak tradizioaren elementu hauen balioa eta potentzialtasun ludikoa gizarteari helarazteko tenorean.
Hau guztia kontutan harturik, XXVI. Folklore Jardunaldi hauen lan lerroak dantzak eta folkloreak alde batetik, eta hiri-esparruak, beste aldetik, dauzkaten elkarren arteko harreman konplexuak izanen dira, aintzat hartuz hiri-esparrua ez dela bakarrik lurralde edo espazio bat, baizik eta ere arena non dantzak, kulturak, bilatu behar dute bere espazioa, bere habitata. Ildo honi jarraituz, Iruñean eta bere ingurumarietan dantza bizi duen egoeraren analisia eta ikerketa izango da helburuetako bat.
Jardunaldien XXVI. edizio hau, iaztik ezarritako helburuei jarraituz, lehenetsiko ditu bere antolaketan eduki dibulgatiboak eta parte hartzaileak (mahai inguruak, mintegiak, hitzaldiak…)
Ikasketa jardunaldiak urriaren 20 eta 22 artean burutuko dira Iruñean, eta edozein ikerlari ahal izanen du proposaturiko gaiari lotutako bere lana aurkeztu. Hortaz aparte, Alor Irekia izango da, zeinean
proposaturiko gaiarekin loturik zuzena ez duten lanak aurkeztu ahal izango diren. Beti ere, Jardunaldien gai orokorrari, Folkloreari hain zuzen, loturik badaude. Aurkeztutako lanak Jardunaldien Batzorde Zientifikoak baloratuko ditu bai Jardunaldietan aurkezte aldera, bai ORTZADARren web orrialdean
argitaratze aldera.
Dokumentuaren akzioak