Dokumentuaren akzioak
Dantza ikastaroak Hik Hasi 2010 topaketetan
Dantzarekin zerikusia duten hiru ikastaro eskainiko dituzte aurtengo Hik Hasi Topaketa Pedagogikoetan:
Euskal dantzak Lehen Hezkuntzan
Irakaslea: Goizane ARREGI. Bere lanbidea dantza erakustea da eta gaur egun Musika Heziketako Irakasle ikasketak burutzen ari da.
Edukiak: Dantza eginez ondo pasatzeaz gain, elkarlana bultza dezakegu. Hau da, euskal dantzen izaera kolektiboak taldean lana egitera behartzen gaitu eta gaztetxoenen kasuan, psikomotrizitatea lantzeko beste tresna bat emango digu, beti ere adinak dituen mugak errespetatuz.
Norentzat: Lehen Hezkuntzako irakasleentzat. Dena den, ikasle txikiagoak dituztenek ere har dezakete parte, dantzen zenbait sinplifikaziok ahalbidetuko baitute txikienen partehartzea.
Helburua: Euskal dantzak hainbat adinetan erakusteko gaitasuna lantzea izango da, ez dantzak ikastea soilik.
Edukia: Ikasiko diren dantzak taldeak ikasteko duen martxaren arabera aldatu ahal izango da baina hamabost bat dantza ikastea aurreikusten da, bai borobilean dantzatzen direnak eta baita estruktura konplexuagoa dutenak ere, ilarak, aldaketak... Batzuk aipatzekotan: Makil joko desberdinak, Esku dantza, Banangoa, Zapatariena, Txulalai... Beraz, egunero bost bat dantza ikasteko aukera izango dugu. Dena den, dantza denak idatziz emango dira baita musika grabatua ere.
Metodologia: Ikastaroa, oro har, praktikoa izango da. Egunero beroketa gidatu batekin hasiko dugu saioa eta luzamendu eta erlaxazio ariketa batzuekin bukatu. Horiek, era berean, ikasleekin erabiltzeko modukoak izango dira. Dantzak erakusteko erabiliko den modua haurrekin erabili ahalko den bera izango da, beraz, irakasleak beren ikasleen paperean sartu beharko dute.
Biodantza, talde dantza organiko eta kreatiboa
Irakaslea: Teresa Lopez de Munain. Biodantza irakaslea, filosofian lizentziatua, hogei urte baino gehiagoko eskarmentu profesionala du antzezle moduan. Zenbait dantzatan aritua da: kontenporaneoa, saloi dantza, sabel dantza, munduko dantzak, tai-chi...
Norentzat: Edozein pertsonarentzat zuzendua, bere buruarekin, beste gizakiekin eta naturarekiko komunikazioa sakondu nahi duen guztiarentzat. Ikastaroa egiteko ez da behar inongo prestakuntzarik ezta trebezia berezirik ere, norberaren bizitzari buruzko poetika dantzatuko dugu, hain zuzen ere.
Metodologia: teoriko-praktikoa. Musika, dantza, ahotsa eta azalpen zehatzez osaturiko sistema bat da. Ikastaro praktikoa %85 eta teorikoa %15.
Onurak:
- Bizipoza handitzen du.
- Emozioak eta norberaren sena adierazten laguntzen du.
- Estresa gutxitzen du.
- Sistema inmunologikoa, endokrinoa eta nerbiosoa indarberritzen ditu.
- Pentsamenduak, sentimenduak eta ekintzak uztartzen ditu.
- Taldeko harremanetarako trebeziak lantzen ditu.
Edukiak
-
Uztailak 1
- Norberarekiko ekologia. Bizitasuna eta mugimenduaren kategoriak: jarioa, harmonia, bizitasuna, poza, bizkortasuna, sinergismoa, eutonia, sinkronizazioa, oreka, erritmoa, malgutasuna, sentsualitatea, adierazkortasuna, arintasuna eta abar.
-
Uztailak 2
- Identitatea eta integrazioa. Kultur disoziazioak eta gizakiaren integrazioa.
- Erregresioa, besteekiko komunikazioa eta kreatibitatea.
Europako dantzak, haurrentzako dantza ludiko eta integratzaileak
Irakaslea: Patxi Montero. Euskal Herriko eta Europako dantza tradizionalen irakaslea.
Edukiak: Europako folklorean, bada dantza ugari haur eta gazteentzako aproposak: errazak, dibertigarriak eta gustagarriak.
Haurrek jolas bezala bizi ohi dute dantza. Eta hala da. Baina irakasleentzat, baliabide pedagogiko interesgarria ere izan daiteke. - Taldean egiteko dantzak dira. Parte-hartze eta batasun sentimendua sustatzen dute. - Ludikoak: errazak, ederrak eta dibertigarriak. - Izaera integratzailea dute: inor ez da nabarmentzen; nor bere pausoan, taldea bat eginik mugitzen da, korroan gehienetan. - Psikomotrizitatea eta erritmoa lantzeko egokiak dira. - Batzuk, baretasuna sustatzen dute; beste batzuk, euforia. - Beste kultura eta herrietako dantza eta musika tradizionalek aberastu egiten gaituzte, eta irekitasuna sustatzen dute.
Norentzat: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat, Hiritartasunerako Hezkuntzako irakasleentzat, aisialdiko begiraleentzat, psikomotrizitateko edo pedagogiako profesional eta ikasleentzat, gurasoentzat…Helburu profesionalik ezean, edonorentzat dibertigarria.
Helburuak:
- Helburu pedagogiko interesgarriak lantzeko bitarteko erakargarri, dibertigarri eta erraza ikastea (integrazioa, parte-hartzea, edertasuna, poza, psikomotrizitatea, erritmoa, kultura irekitasuna…).
- Ikasgelan zein aisialdian, haurrekin erabiltzeko moduko baliabide ludiko erraz eta atsegina eskura jartzea. - Haur eta helduek (gurasoek, irakasleek…) elkarrekin gozatzeko moduko baliabide ludikoa ezagutzea: ez dira “haurren dantzak”, dantza tradizionalak baizik, helduen dantzak… baina haurrek gogoko dituztenak. - Europako herrietako musika eta dantzen edertasuna deskubritzea eta gozatzea.
Metodologia: Praktikoa erabat, arina, ludikoa, atsegina, eta dantzak barneratzeko egokia. Landutako dantzen CDa banatuko da. Bideoa grabatzeko aukera.
Hik Hasi Topaketa Pedagogikoak
Ordutegia: 9:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Lekua: Donostiako Pedagogia fakultateanMatrikula epea: 2010-05-28
Prezioak: 115 euro
Harpidedunak / langabetuak: 65 euro
Langabetu diren harpidedunak: 30 euro
Dokumentuaren akzioak