Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Herrien Arteko XVI. Folklore Jaialdia Barakaldon

Dokumentuaren akzioak

Herrien Arteko XVI. Folklore Jaialdia Barakaldon

2012/11/28 15:56

Ibarrakaldu Elkartea  2012/11/25

Berriro ere badator HERRIEN ARTEKO FOLKLORE JAIALDIA, betiko legez, Ibarra-kaldu Elkarteak antolaturik. Hamaseigarren edizioa da aurtengoa eta abenduaren 7an, 8an eta 9an egingo da. Lehenengo egun bietan, Barakaldo Antzokian, eta hirugarren egunean, Barakaldotik kanpo egin ohi den emanaldia ZALLAN egingo da, bertako antzokian, hain zuzen ere. Jaialdiaren babesleak Barakaldoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK Fundazioa dira. Bestalde, laguntzaileak Deia egunkaria, Radio7, Tele7 eta Metro Bilbao dira.

Aurtengo herrialde gonbidatuak IBIZA eta MADRIL dira, handik baitatoz “Sa Colla de Labritja” taldea, Ibizako Sant Joan de Labritja herritik, eta Madrilgo “Coros y Danzas de Becerril de la Sierra” taldea. Baina talde horiez gain, badira gonbidatu gehiago: Musika egunean, Duo Deno Bikotea eta Kilika Bertso Eskola izango ditugu lagun, eta jaialdiaren hirugarren egunean, Zallako “Ibai Lorak dantza taldea”.

Jaialdiaren hiru egunetan ekitaldi bana egiten da, eta guztietan doakoa da sarrera.

Lehena, musika hutseko emanaldia da, abenduaren 7an, ostiralean, BARAKALDO ANTZOKIAN. Bertan, “Sa Colla Labritja” eta “Coros y Danzas de Becerril de la Sierra” dantza taldeetako musikariak, “Duo Deno Bikotea”,  Ibarra-kaldu elkarteko musika-taldea eta Kilika Bertso Eskolako bertsolariak arituko dira. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Bigarren egunean musikariei dantzariek hartuko die lekukoa BARAKALDO ANTZOKIAN. Abenduak 8, 19:30ean hasiko da dantza-emanaldia eta, bertan, “Sa Colla Labritja” eta “Coros y Danzas de Becerril de la Sierra” taldeak arituko dira, baita, jakina, talde antzolatzailea ere, Ibarra-kaldu Elkarteko dantza taldea. Eguraldia lagun, Barakaldo Antzokiaren inguruko kaleetan desfile txiki bat egingo dute dantza talde horiek, 19:00etan hasita.

Urtero bezala, gertuko udalerri batera ere eramaten da jaialdia hirugarren egunean, beste herrietako folklorea zabaldu eta partekatzeko. Aurten, Zalla izango da aurtengo taldeentzako plaza hori, abenduak 9, igandean, Zallako antzokian arituko baitira, 12:30ean, “Sa Colla Labritja” eta “Coros y Danzas de Becerril de la Sierra” taldeak. Haiekin batera, eta anfitrioi lana eginez, Zallako bertako “Ibai Lorak Dantza Taldea”.

Aurreko 15 edizioetan folklore-talde askotxo izan dira jaialdian, hala nola: "Excelsior" folklore taldea (Gijón), "Cinco Villas" jota-taldea (Bardena-Zaragotza), "Virgen de Gracia" folklore taldea (Puertollano-Ciudad Real), "El Castro" dantza-taldea (Ponferrada-León), "Carrascal" dantza-taldea (Alcoy-Alacant), "Esbart dansaire D'andorra La Vella" (Andorra), "Celme" folklore-elkartea (Pontevedra), "Taveiro" dantza-taldea (Portugal), "Kelc'h Keltieg Rostren" taldea (Bretainia), Cácereseko kantu eta dantza udal-taldea (Extremadura), "Terra de Sole" folklore-taldea (Italia), " Esbart San Martí" taldea (Katalunia), "Die Boose" folklore taldea (Belgika), "Escuderos de Arlanza" abesbatza eta dantzariak (Kantabria), "Es Penell" dantza-taldea (Menorca), "Oroval" folklore elkartea (Tenerife), "San Asensio" dantzari-taldea (Errioxa), Baza udalerriko dantza eta kantu taldea (Granada), "Xagardua" (Colunga-Asturias), "Catalmibre" (Coruña), "Nuestra Señora de la Alegría" (Monzón-Huesca), "Lous Crabots de Semisens" (Landak-Frantzia) eta "La Farandola" (Girona).

Eta horietaz gain, musika emanaldietan, gonbidatu berezi hauek ere hartu dute parte:

Barakaldoko Udal Musika Banda, Hala Dzipo euskal musika tresnen eskola, Doces Lembranzas gaita-taldea (Barakaldoko Bizkaiko Galiziar Etxea), Bizkaiko Gaiteroak, Laguntasuna taldeko fanfarrea, Xabier Amuriza eta Jokin Castaños bertsolariak, HASI eta KILIKA bertso eskoletako bertsolariak, Zugarramurdi Txalaparta Taldea, Aspaldiko Txistulariak, Elai Alai taldeko gaiteroak eta Eusko Lorak taldeko musikariak, baita Jirabiraka, Los Desmonicaires, Folketan, Ruaille-Buaille eta Adarrots folk taldeak ere.

 

 

 

Herrien Arteko XVI. Folklore Jaialdia

Egitaraua

Abenduak 7, ostirala

Barakaldo Antzokia – Musika-emanaldia  (20:00)

  • Kilika bertso Eskola
  • Duo Deno Bikotea (Euskal Musika)
  • Sa Colla Labritja (Ibiza)
  • Coros y Danzas de Becerril de la Sierra (Madril)
  • Ibarra-kaldu Elkartea (Euskal Herria)

Abenduak 8, larunbata

Desfilea: 19:00

Barakaldo Antzokia – Dantza-emanaldia (19:30)

  • Sa Colla Labritja (Ibiza)
  • Coros y Danzas de Becerril de la Sierra (Madril)
  • Ibarra-kaldu Elkartea (Euskal Herria)

Abenduak 9, igandea

Zallako antzokia – Dantza-emanaldia (12:30)

  • Sa Colla Labritja (Ibiza)
  • Coros y Danzas de Becerril de la Sierra (Madril)
  • Ibai Lorak Dantza Taldea (Zalla – Euskal Herria)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.