Dokumentuaren akzioak
La Dansa de la Mort: heriotzaren dantza Verges-en
Erdi Aroko aztarna omen da Vergesen egiten duten heriotzaren dantza. Noiztik dantzatzen den zehazterik ez badago ere, oso aspaldikoa den traza hartzen diote adituek, eta Erdi Aroan ohikoak ziren Heriotzaren Dantzetatik gaurdaino iraun duen bakarrenetakoa dela diote zenbaitek.
Sinplea bezain indartsua
Soiltasunaren indarra muturreraino eramaten du Verges-eko heriotzaren dantzak. Danborraren hotsek eta bost dantzarien mugimendu neurtuek hotzikara eragiten dute Verges-eko harresiak inguratzen dituen kale estuetan.
Gironan dago Verges, 1.100 biztanle dituen herritxoa. Aste Santuko ospakizun aberatsak antolatzen dituzte. Herriko gizon gehienak erromatar jantzi eta han dabiltza arratsalde osoz kalean gora eta behera, gaueko prozesioan parte hartuko duten irudiak bere gordelekutik ateratzeko protokoloan parte hartzen. Iluntzean, emanaldi nagusia egiten dute herriko plazan eta gauerdian abiatzen da prozesioa erromatar, Kristo gurutzatua, Ama Birjina eta Jesusen bizitzaren azken orduak antzesten dituzten gainontzeko pertsonaia guztiak. Baina zeremonial kristau horretan babestuta gorde den La Dansa de la Mort edo Heriotzaren Dantzak eman dio sona berezia Verges-eko Aste Sainduari.
Heriotzaren dantza
Europako mendebaldean Erdi Arotik aurrera heriotzaren dantzak ezagunak ziren. Irudiak eta aipamenak baditugu, baina dantza horiek nolakoak ziren jakiteko iruditeria erabili behar. Verges-eko dantza Erdi Arotik datorren ez dakigu, baina bere biluztasunak sinesgarri egiten du aintzinatasun aldarrikapenan.
Hamar dantzarik osatzen dute heriotz dantzaren taldea. Bost laguneko bi taldetan banatuta ageri dira. Lehen bostekoa arduratzen da dantzaz eta beste bostekoak babesa ematen dio. Dantzarien bostekoan bi heldu eta hiru ume dira dantzariak, eta bakoitzak bere zeregin berezia du.
El Capdanser
Sega eskuan daraman da dantzarien buruzagia eta horregatik "La Dalla" izenarekin ezagutzen dute. Berak egiten ditu taldearen gidari lanak. Mugimenduen norabidea markatzen du buruzagiak, eta eskarmentu handiena duen dantzariak betetzen du paper hori.
El Banderer
Banderaria da hau. Dantzaren erdian izaten da bera. Heriotzaren sinboloa eta "Nemini Parco"darama idatzita banderan, alegia, ez dagoela barkamenik inorentzat. Beste aldean "Lo temp és breu" dauka idatzita.
Els Platets
Zazpi-zortzi urteko bi mutiko koskorrek egiten dute bikoten honen funtzioa. Bakoitzak platertxo bat darama eskuan. Platertxo horietan errautsak eramaten dituzte. Orain urte batzuk turista batek pentsatu zuen diru eske ari zirela eta txanpon batzuk bota zituen platerean. Batzuentzat ohitura bihurtu da hori eta urtero biltzen dituzten txanpon batzuk modu horretara.
El Rellotge
Iduri luke "heriotzaren ordua da" adierazten digula bosgarren dantzariak ordularia erakutsiz. Hau ere mutil koskor bat egiten du. Aldian behin, ezkerreko eskuarekin ordularia eutsi eta eta eskuinarekin ordu jakin bat zeinalatzen du hatzaz. Edozein ordu izaten da, heriotza ere edozein ordutan iritsi baitaiteke.
El Tabal
Danborraren doinua da dantzaren soinu banda. Lasaia dirudi hasieran baina heriotzaren oihartzunak beldurgarri bihurtzen du denborarekin. Bera da dantzaren egiazko gidaria. Erritmo sinplea darabil dantzarako.
Baina bere sinpletasun horrek hotzikara eragiterainoko indarra du tenpoaren kontrolari esker. Danborraren kolpeak baino, kolpeen arteko ixiluneek, hutsuneek, markatzen dute dantzaren erritmoa.
Merezi du Verges-eko heriotzaren dantza ikusteak. Koreografien sofistikazioak irentsiko gaituen honetan, dantzak, bere soiltasunean ere indarra baduela gogorarazten digun lezio ederra da.
Dokumentuaren akzioak
Oso argibide onak! Hurrengo juaten garanian errepasua hemen eiñgou. Antzerkirako sarrerak hemen erreserbatzia komeni da: http://www.laprocesso.cat/