Dokumentuaren akzioak
Gure maisuen iturrietara joz; geroa bermatuz
Egun, kultur aniztasunak, norbanakoaren jokaera eredu berriak, munduaren "handitasunaren" txikitasuna, eta abar dira inguratzen gaituen testuinguruaren aldagai adierazgarrienetakoak. Ekarpen onuragarriak ekartzen dizkiguten aldagaiak ezbairik gabe, baina, arrisku berrien aurrean jarri ahal gaituztenak ere bai. Besteak beste, euskaldunoi gizarte kultural bereiztua definitzen gaituzten oinarrizko baloreen galtzearen arriskua (belaunaldiz-belaunaldi, euskaldunoi euskaldun gisara adierazi gaituzten baloreen desagerketa).
Horregatik, testuinguru berri honetan, gure adierazbide kulturalen aurrean, hauen errealitateen zergatien jakitun izatea ezinbestekotzat jo du aspaldidanik Andra Mari taldeak. Erritual, jai, dantza edo kanta bat bere esanahia jakin barik ospatzea, dantzatzea edo abestea, euskara jakin gabe euskarazko testu bat irakurtzea bezalakoa delako.
Folklorearen esparruaren baitan, dantza maisuak definitzen gaituzten baloreen igorleak izan dira. Beraiek, dantzen eta erritualen zergatiak eman dituzte belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte.
Andra Mari taldeak hain beharrezkoak zaizkigun pertsona hauek goraipatu nahi ditu jardunaldi hauekin. Alde batetik beraiekin taula gainean saioa partekatuz, eta bestetik beraiengandik jasotakoa guregana hurbiltzen direnei helaraziz. Baita, gu bezala, tokian tokiko lanaren garrantzia ulertzen duten lagunekin, beraiek ikasitakoa gu ikasitakoarekin saio bateratu bat ospatuz.
Horretarako, hiru egun desberdinetan Euskal Herriaren Ekialdetik (Zuberoatik) Mendebalderako (Bizkaira) ibilbidea egingo dugu, tartean Nafarroatik igarota.
Ekainak 14
Andra Mari Dantza Taldea /Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotze
Urte asko igaro dira Andra Marik Zuberoara egin zuen lehen bidai hartatik. Orduz geroztik, Etxahun Iruri, Pier Ager Gat, Jean Pierra Rekalt, Jean Mixel Bedaxagar … maisuak ezagutzeko eta beraiengandik Zuberoaren folklorearen aberastasunaz ikasteko aukera izan du.
Jean Mixel Bedaxagarrengandik hainbat abesti eta dantza ikasi izan ditu Andra Mari taldeak, baita une askotan plaza edota eskenatokiak partekatu ere. Beraz, berarekin (Zuberoako dantza maisuen ordezkari bezala) beste behin ere agerraldi bat ospatzea luxuzko aukera dela irudituta hor izango dira Andra Mari eta J.M. Bedaxagar eta Mixel Arotze bikotea Santi Brouard plazan, arratsaldeko 20:30ean.
Ekainak 21
Andra Mari /Ortzadar Dantza Taldea
Folklorea ulertzeko eta bizitzeko erak habiapuntu berdinetik egiten direlako edo, Andra Marik Iruñako dantza talde honekin konplizidade berezia duela esan daiteke. Egun honetan hurbilduko direnen gozamenerako, Ortzadarreko lagunek Nafarroako maisuengadik ikasitakoa taularatuko dute, Andra Mari lagun izango dutelarik.
Saioa Santi Brouard Plazan, arratsaldeko 20:30ean izango da
Ekainak 28
Jardunaldi hauekin amaitzeko, dantza taldeko arduradunei zuzenduta, egun oso bat igaroko dugu Kepa Artetxe taldeko dantza maisuarekin, Jota eta Porru zaharrak ikasten alde batetik eta bestetik, hauek izan zuten (eta duten) esanahi soziokulturalaren nondik norakoak jorratzen.
11:00etatik 13:30era Jota eta Porruaren alde koreografikoak ikasten eta 18:00etatik aurrera, dantza ikusgarri hauen inguruko hitzaldiarekin (Bartolo Lasa, Maria Artetxe, Txilibrin, etab. gogoratuz).
Egun honetarako, taldeko egoitzaren aforoa dela eta, goizeko ikastaroako dantzari kopuru mugatua izango da, horregatik aldez aurretik izena ematea eskatzen dugu (goizeko ikastarora datozenak, taldeko txokoan bazkalduko dute). Arratsaldeko 6-etatik aurrera, zenbaki honetara deitu: 639 09 82 66
Dokumentuaren akzioak