Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gipuzkoako dantzak sarean

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako dantzak sarean

2006/05/09 12:56

Dantzaren entziklopedia multimedia moduan antolatuta dago webgunea, eta hiru hizkuntzatan, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, irakur daiteke bertan Gipuzkoako Dantzei buruzko informazio zehatz eta didaktikoa.

Bideoen bidez dantzak gauzatzen ikusteko aukera dago, eta horrez gain dantza horien argazki eta doinuekin Gipuzkoako Dantzetara hurbiltzeko tresna aparta eskaintzen du webgune honek.

Hona hemen helbidea

http://gipuzkoa.dantzak.com/

Gipuzkoako dantzen webgune hau orain urte batzuk Portugaleteko Elai-Alai Fundazioak hasitako bidean urrats berri bat da. Lehen urratsa Bizkaiko dantzen webgunea izan zen, eta Gipuzkoako webgune hau da bigarrena.



gipuzkoa.dantzak.com


Egitura didaktikoa

Dantza tradizionalen osagai guztiak hartu dira kontuan Gipuzkoako Dantzak gunea sortzerakoan. Honela, oinarri-oinarrizko osagaiak jasotzen ditu, alegia, urratsak. Gipuzkoako dantzetan erabiltzen diren 44 urrats desberdin jaso eta deskribatuta daude, eta urrats bakoitza nola egiten den ikusi ahal izateko bideoa dago azalpenaren ondoan.

Behin urratsak ikasita, urrats horiek elkar-lotzeko ariketa sorta bat eskaintzen da, Juan Inazio Iztuetak 1824an argitaratu zuen liburuan jasotako sistema pedagogiko bera erabiliz. Ondoren, urrats eta ariketa horietan oinarrituta dantzatu daitezken 20 dantza zehatz mehatz azaltzen dira gunean.

Dantza horietako bakoitza egiteko behar diren urrats eta argibideez gain, jantziei buruzko azalpen eta argazkiak, erabili beharreko tresnen (makilak, ezpataka, e.a.) deskribapenak eta erabiltzeko moduak, koreografiaren azalpenak, doinuak, historia eta deskribapen teknikoa eskaintzen dira.



Gipuzkoa herriz-herri

 
Gipuzkoako herri askotan egiten diren dantza komunak (Brokel-dantza, soka-dantza, ezpata-dantza,...) dira gunearen zati nagusia betetzen duten dantzak. Baina, horiez gain, badira herri bakoitzean egiten diren dantza bereziak. Horien guztien katalagoa ere jaso da Gipuzkoako Dantzak gunean. Herri bakoitzean zein dantza tradizionala eta noiz egiten diren aurkitu ahal izango da bertan.

Lantalde zabala

Portugaleteko Elai-Alai Fundazioaren ekimena da Gipuzkoako Dantzak webgunea. Proiektua bultzatu eta bideratzeaz gain, koordinazioa ere Elai-Alai fundaziotik egin da Elgoibarko Haritz dantzari taldearekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren onespena jaso du proiektuak eta berak eskainitako babesarekin bideratu da lana. Ikerfolk elkarteak dantza tradizionalei buruz bildutako dokumentazioan eta egindako ikerketa lanetan oinarritu da lan osoa.

Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea arduratu da Gipuzkoako dantza hauek plazaratu eta bideoan grabatu ahal izateko moduan eskaintzeaz. Goizaldi dantza taldeko Iñaki Gordejuela dantza maisuarekin hezi ziren Gipuzkoako dantzen disziplinan Elgoibarko dantzariak, eta ondoren Juan Antonio Urbeltz-ek gidatzen duen Ikerfolk elkartearen babesean, Argia dantzari taldeko dantza maisuekin joan dira sakontzen dantza horien ezagutzan. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jexux Larrea dantza maisuek zorroztu dute azken urteetan Elgoibarko dantzariek Gipuzkoako dantzetan duten ezagutza. Horiekin batera, Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldearen formakuntza prozesuan lan handia egiten duten maisuak izan dira Jose Inazio Sarasua, Lurdes Odriozola, Jon Lizarralde, Abel Iriondo eta Mikel Legorburu.

Elgoibarko Haritz taldeko dantzariez gain beste hainbat dantzarik parte hartu dute grabazio lanetan. Debako Gure-Kai, Añorgako Arkaitz taldeko dantzariek, Eibarko Kezka eta Ermuko Txindurri dantza taldeetako kideek ere parte hartu dute lan honetan. Bideo grabazio eta argazki sesioetan parte hartu duten dantzari guztien zerrenda irakur dezakezue beherago, baina bakarlarien izenak dituzue jarraian: Mikel Legorburu, Garikoitz Otamendi, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Abel Iriondo, Jokin Otamendi, Josu Garate eta Oier Mendiola.

Musikari dagokionez Jose Inazio Sarasuak zuzentzen duen Elgoibarko Udalaren Txistulari Bandako kideak arduratu dira dantzei doinua jartzeaz.

gipuzkoa.dantzak.com

Proposamen irekia

Gipuzkoako dantzen inguruko lan hau ez da arauemailea izateko asmoarekin sortu. Webgune honetan aurkituko diren dantza-moduak tradiziozko dantzen alorrean luzaroan egindako bilketa eta ikerketa lanen emaitza dira, eta horietan oinarrituta proposamen moduan aurkezten dira. Zorionez Gipuzkoako dantzen tradizioa zabala eta anitza da, eta aniztasun horren erakusgarri da honako proposamen hau.

Gipuzkoako Dantzak zenbakitan

  • 150 argazki
  • 80 bideo
  • 37 herritan egiten diren dantzak
  • 44 urrats
  • 20 dantza doinu
  • 6 ariketa
  • 20 dantzaren fitxa


Kredituak

Koordinazioa: Gaizka Benguria, Jon Lizarralde
Testuen erredakzioa: Ane Sarasketa, Oier Araolaza
Euskara zuzentzailea: Enrike Izagirre
Gaztelerazko itzulpena: Arin Arin – Natalia Munitxa
Ingelesezko itzulpena: Deborah Powell
Webgunearen arkitektura informatikoa eta diseinua: Iker Gil
Bideoen grabazioa: BNC produkzioak
Argazkiak: Foto Imagen – Jesús Amenedo

Argazki zaharrak Kutxaren Fototekak utzitakoak dira.

Dantzariak: Arantza Aginako, Josu Agirrezabala, Oier Araolaza, Mikel Arostegi, Miren Arrieta, Haritz Arrieta, Maialen Astigarraga, Aitor Azkue, Alaitz Bastida, Miren Belza, Nerea Bereziartua, Ander Conde, Unai Egaña, Eider Elorza, Mikel Elustondo, Unai Froilan, Iosu Galarraga, Josu Garate, Ander Gerenabarrena, Ekaitz Gomez, Aitor Gonzalez, Eneritz Gonzalez, Julen Hernandez, Koldo Huidobro, Irati Kortabitarte, Aiert Ibarbia, Oier Ibarbia, Abel Iriondo, Kimetz Iturrino, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Mikel Legorburu, Ainhoa Lendinez, Maider Lete, Igor Lizarralde, Jon Lizarralde, Unai Lizarralde, Jael Lizundia, Oier Mendiola, Ioseba Otaegi, Garikoitz Otamendi, Jokin Otamendi, Amaia Otero, Idurre Ramos, Haizea Rumayor, Jokin Salegi, Nerea Sanz, Ane Sarasketa, Unai Urbizu, Harkaitz Urreta, Unai Usatorre, Borja Uzuriaga, Eire Vila, Jon Zaldua, Larraitz Zialzeta eta Ekhi Zugasti.

Musikoak:

Olatz Arriola, Imanol Barrenetxea, Itziar Korta, Eneko Lasuen, Gorka Regil,

Jose Inazio Sarasua, Andoni Urbieta eta Jon Zaldua.

  • Haritz Euskal Dantzari Taldea
  • Elai-Alai Fundazioa
  • Ikerfolk
  • Gipuzkoako Foru Aldundia

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.