Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gernikako Elai-Alaik 80. urteurrena ospatuko du asteburuon

Dokumentuaren akzioak

Gernikako Elai-Alaik 80. urteurrena ospatuko du asteburuon

2007/11/23 12:50

Elai-Alaik asteburu hau aukeratu du bere sorreratik 80 urte igaro direla ospatzeko. Horrek ez du esan gura, ordea, zortzi hamarkadatan zehar etengabe lanean ibili direnik. Euskal Herriko beste elkarte eta ekimen askori bezala, Elai-Alairi ere 36ko Gerrak moztu zizkion hegoak. Ordurako, baina, bazuen hegalditxoren bat edo beste eginda, Segundo Olaeta zenaren eskutik. Hark sortu zuen lehenbiziko aldiz taldea, 1927an iturri batzuen arabera eta urtebete lehenago beste zenbaitzuren ustez. Gernikako bonbardaketak eman zion amaiera hasierako hamarkada oparoari. Elai-Alai hura talde mitikoa zela dio Txomin Unzaluk. Unzalu bera da Elai-Alairen historiako beste izen garrantzitsuetako bat.

Esan dugunez, Gernikako bonbardaketak eten egin zuen taldearen hauspoa. Gertakari lazgarri hark bultzatuta, Segundo Olaetak herria utzi zuen. Gordexolara joan zen lehenengo, Elai-Alaiko Elai-Alai Arana Martijan liburutikume guztiak berarekin eramanda. Bilbo frankisten eskuan geratu zenean, berriz, Santanderrera jo zuten lehenengo, eta handik Donibane Garazira. “Olaeta herrira itzuli zen geroago, baina ez zegoen girorik ezertarako, eta taldea hibernazioan egon zen”, dio Unzaluk.

60ko hamarkadan berreskuratu zuten Elai-Alai, “Santa Cecilia koralaren eta beste batzuen ekimenez; niri dantzariak prestatzen laguntzeko eskatu zidaten, eta holan hasi ginen. 1963an hasi ziren entsaioak, eta 1965an aurkezpena egin zen”. Unzaluk hitz apal horiekin gogoratzen du taldearen berpizkundean izan zuen parte hartzea. Leire Martiartu dantzariak, berriz, erabateko garrantzia aitortzen dio: “Taldea Segundo Olaetak sortu zuen lehenengo aldiz, eta Txomin Unzaluk bigarrenez”. Garai gogorrak ziren, errepresio frankista zela medio besteak beste. Ganorazko egoitza topatzea ere ez zen erraza, baina behintzat ez zen jenderik falta taldean parte hartzeko.

Asteburuko ekitaldiak

Asteburu honetako ekitaldietan Unzaluk berak taldearen historiaz idatzitako liburua aurkeztuko da. Barikuan egingo da hori, arratsaldeko 20:00etan, Elai-Alaik entsaioak egiteko erabiltzen duen egoitzan. Komeni da, hala ere, ñabardura egitea: liburua baino, liburu zatia da aurkeztuko dena. Elai-Alai Gernika ensaioaUnzalu egiten dabilen lan handiago baten atala, hain justu. Orain dela bost urte kaleratutako CDa berriz banatuko dute gainera, apur bat berrituta hori bai. “Liburuan hainbat partitura eta kantu ageri da –azaldu du egileak- eta CDan horiek abesten dituzte taldeko umeek”. Zenbait azalpen ere entzun daiteke diskoan, Dorleta Alberdi Bizkaia Irratiko zuzendariaren ahotik.

Aurkezpenaren ostean, Elai-Alaik darabilen beste egoitzara joango dira. Orain dela urte bi utzi zien Udaletxeak, materiala gordetzeko eta. “Erakutsi gabe daukagu oraindik, eta aukera hau erabiliko dugu”, dio Leire Martiartuk. Zapatu eguerdian, berriz, egoitza horren inaugurazioa egingo da. Erregelak dantzatuko dute taldeko mutilek, eta ondoren poteoa, bazkaria eta erromeria izango dira. “Ekitaldi potolorik ez oraingoan”, adierazi digu Martiartuk, 75. urteurreneko jaialdi handia gogoan.

Gaur egun, 35 dantzari inguruk osatzen dute Elai-Alai taldea. Harrobirik ez zaie falta, ehundik gora ume daukate eta. Gainera, harreman estua daukate Busturialdeko herri txikietako taldeekin. Horietako batzuetara izan ere –gehienek umeak baino ez dauzkate-, Elai-Alaiko kideak joaten dira dantza irakasten. Azken hamarkada bietan hainbat bidaia egin dute atzerrira. Azkenekoa, aurton, Venezuelara. 2008an, berriz, Kolonbiara joatekoak dira, Bogotan egin duten plaza berri baten inauguraziora. Hango agintariei eman beharko zaizkie eskerrak, plazari Gernika izena emateagatik. Taldeak 81 urte ordurako.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.