Dokumentuaren akzioak
Gerardo Viana: gerrako umetik, balleteko mitora
Gerardo Viana bere liburuaren aurkezpenean. Karrantza, 2007ko ekainaren 17an. Iratxe de Arantzibiaren artxiboko argazkia.
“Gerrako ume” da Gerardo Vianaren (1925-2013) bizitza gorabeheratsua deskribatzeko lehen izendapena. Espainiako guda izan zen 11 urte besterik ez zituen ume bizkaitar honen bizitzako lehen inflexio-puntua; izan ere, bere familia utzi eta erbestera irten behar izan zuen 1937ko ekainaren 12an, ume euskaldunak zeramatzan azkenengo espedizioan. “Euskaldunen hirugarren espedizioan joan nintzen. Lehenengoa Frantziara joan zen, bigarrena Ingalaterrara -horretan Primin Treku (1930-2006) gipuzkoarra zihoan, Londresko Royal Balleteko Lehen Dantzari izan zena 50. hamarkadan- eta hirugarrena, gurea, Sobietar Batasunera joan zen. Azkena izan zen, zazpi egun geroago nazionalak Bilbon sartu zirelako. Hainbestekoa izan zen Santurtzin egin zuten bonbardaketa, ezen handik hurbil zegoen kupel batean ezkutatu behar izan baikenuen; goizean goiz iritsi ginen itsasontzira. Frantziaraino joan ginen, eta handik Leningradera (San Petersburgora) eraman gintuzten. Kantauri ingurukoak ginen denak. Leningraden banandu egin gintuzten. Bazegoen umeak betirako hartzea, adoptatzea, baimentzen zuen lege bat. Baina gu nagusi samarrak ginenez, ez zuen balio. Ni Moskuko 12 zenbakia zuen etxera eraman ninduten. Gerra hasi zen arte, 1941 arte, bertan hezi nintzen, eta balleta ikasi nuen” hala azaldu zidan Gerardok 2006an egin nion elkarrizketa batean, Danza en Escena aldizkariaren azalean aterako zen hartan (Logroño, 2006ko urria-abendua).
Dantza beti egon zen bere buruan nola edo hala, berak aitortzen zuenez. “Nik hemen ere dantzan egiten nuen: jota, fandangoa... euskal dantza guztiak ezagutzen nituen. Ufan (Baxkortostan), operako antzokira joan ohi nintzen klaseak jasotzera, nahiz eta hegazkin pilotu izateko ikasketetan sartu ninduten. Alde egin nuen eta Moskura joan nintzen, bertan fronterako artista bezala hasi nintzen lanean. Zauritu egin ninduten. Gero errusiera irakasle jardun nuen, (1943-1960), umezurtz errusiar, ukraniar, judutar eta bielorrusiarrei Literatura irakasten. Maisu Emeritu kondekorazioa jaso nuen. Baina dantzaren munduan ere aritzen nintzen, koreografo eta dantzari lanetan (1944). Tulako Musika eta Komedia Antzokian -Opereta- jardun nuen. Bertan, frontera joateko brigada bat sortu genuen eta orduan zauritu ninduten. Ondorioz, ezin izan nuen artista profesional gisan dantzan jarraitu”. Bilbora bueltatu zen 1957an, etorkizun baten bila, eta bertan bizi izan zen urte eta erdiz; orduan sortu zuen ABAO-ko Balleta.
SESB-era bueltan, Vladimiro Vianak, hala ezagutzen zuten, ikasketekin jarraitu zuen, eta bi karrera bukatu zituen: Koroena bata eta Balleteko koreografoarena bestea. Lorpen eta lan handiko garaia izan zen, koreografo eta dantza zein ballet irakasle bezala. “Lehenengo promoziokoa naiz, eta ni izan nintzen Kirov Antzokian ballet bat sortu zuen lehena: “Miniaturas Españolas” (1967). Groznin nengoela, lanbide eskolan ballet sail bat irekitzeko eskatu zidaten, dantza klasikoko koreografoak prestatzeko. Geroago, Moskuko zentro espainiarrak Rigara (Letonia) bidali ninduen. Bertan 8 urte egin nituen lan koreografia eskola profesionalean, Europako onenetarikoa den hortan. Aldi berean, Opera eta Ballet Antzokian koreografo gisa egiten nuen lan, eta bertan sortu nuen “El oro de los incas”(1971) balleta, beste koreografo batzuekin elkarlanean."
San Petersburgoko Kirov Opera eta Ballet Antzokian 1967an estreinatu zen Miniaturas Españolas, Gerardo Viana Vladimirori bururaturako koreografia. Zazpi koadrok osatzen zuten lana; jaioterriko euskal dantza tradizionalez gain, Espainiako zenbait lurraldetako dantzak ere barne hartzen zituen, Andaluziakoak, Aragoikoak edo Mallorkakoak. Lanak ordura arte sekula ikusi gabeko arrakasta izan zuen. “Ideia Antonio 'el Bailarín' bere talde espainiarrarekin Finlandiara etorri zenean jaio zen. Kiroveko taldeak hura ikusi zuenean, Antonioren balletaren antzeko zerbait sor ote nezakeen galdetu zidan. Antonio 58tik ezagutzen nuen, Espainian nintzela Pilar -[López]-enean dantza egin zuelako; ni Madrilen hilabete egona nintzen dantza espainola ikasten, eta beraz, material asko eraman nuen handik. Ikaratu egin nintzen. Karrantzako ume bat Kirov Antzokian, munduko koreografo guztiek aritu nahiko luketen lekuan, sortzen? Dantzari klasiko guztiek dantza espainola dantzatu nahi zuten. Fandangoen koadroa puntetan egin nuen. Hori dela era, obrak karaktere dantzak eta klasikoa nahasten ditu” gogoratzen zuen Gerardok. “Garai hartan Espainia flamenkoarekin lotzen zen soilik; biretan, flamenkoa lantzen zuten artista espainiarrak ikusten zituztelako. Flamenkoa ere sartu nuen, baina benetan erakutsi nahi niena gainerakoa zen; Euskal Herria, Aragoi, Balear Irlak eta Andaluzia zer ziren, alegia. Izan ere, Andaluzian flamenkoaz gain, dantza andaluziarra dago, eta hori da benetako dantza espainiarra. Guzti hori 7 koadrotan sartu nuen. Koadro bakoitzak bere eduki eta artistak ditu. Euskal Herriari buruzko koadroan Ezpata-dantza eta Arretxinagako San Migel (Markina-Xemein) zeuden. Nire ballet guztiek euskal koadro bat izan ohi dute. Behin, Moskuko Kremlinerako emanaldi batean, zuzendariak koadro hori kentzea proposatu zuen. Ezetz esan nion, eta hura izan zen txalo gehien jaso zituena, 6000 lagunen aurrean egindako emanaldi hartan”.
Gerardo Vianak onartzen zuen estreinaldiaren egunean nerbio handiak igaro zituela. "Miniaturas hasi zenean, oihu egiten zuten denek: aupa Gerardo! Ez dakit zenbat aldiz irten ziren artistak eszenatokira. Bukaeran, eszenatokira arrosa zuridun otar pila bat ekarri zituzten, izugarria zen hura. Nire emaztea antzokian egon zen, gaixoa, dena jasan behar izan zuen. Leningradeko (San Petersburgo) egunkarietakoak etorri ziren, Pavda ere bai... eta ez hori bakarrik, eszenatokira Moskuko zentro espainiarrekoak etorri ziren, eskerrak ematera. Espainian Frankoren aurka borroka egin zuten Nazioarteko Brigadak ere etorri ziren. Handik aurrera SESB-eko antzoki guztietan egon ginen”. Euskal egileak antzinako SESB-eko antzoki askoren gonbidapena jaso zuen. Perm-eko Opera eta Ballet Estatu-Antzokian, Uraletan, aurkeztu zuten bigarren aldiz lan koreografikoa, 1972an. Ondoren etorri ziren Jekaterinburg (1973), Novosibirsk (Siberia, 1974), Gorki (Nizniy Novgorod, 1974), Chelabinsk (1975), Baxkortostan (Ufa, 1975), Kharkiv (Ukrania, 1976) Uzbekistan (1976), eta distira gauak izan ziren denak ere. “Sobietar Batasunean 15 errepublika zeuden. Batzuek antzoki bakarra zuten, nahiz eta Leningradek (San Petersburgo) Opera Antzokia eta beste txikiago bat eta Moskuk ere bi antzoki dituen. Miniaturas 1967an sortu nuen eta 1968tik aurrera beste zenbait lekutan erakutsi genuen. Hamaika urte izan ziren Miniaturas-ekin. Permeko antzokia izan zen bigarren emanaldirako lekua. Nik uste “Miniaturas” errepertorioan 30 urtez egon dela jantziak hainbat alditan aldatu zituztelako.”
Gerardo Viana Foncea, Vladimirok Arte Ederren Domina jaso zuen, zilarrezko bereizgarriarekin, kultura Espainiar antzinako SESB-en zabaltzen laguntzeagatik. Izendapen horrekin batera “Jaun txit gorena” titulua eman zioten. Parafernalia alde batera utzita, modu maitekorrean hitz egiten zuen bere bizitzaz, abentura eta zorigaitz bilduma gorabeheratsua aurkezten zuen, Gerra Zibilean erbesteratu beharrak markatua. Sobietar Batasunean 1986an argitaratu zen ballet klasikoari buruzko lehen entziklopedia eta Viana maisua berrogei bat alditan izendatzen zuten bertan. Miniaturas espanolas sortzeak ekarri zizkion koreografo karrerako poz handienak.
Gernika azken balleta
70. hamarkada bukaeran, trafiko istripu batek gurpildun aulkian utzi zuen koreografo bizkaitarra. Bere konpainiak Turkmenian zuen emanaldi batera bidean, Gerardo zeraman autoa irauli egin zen. Urtebete mugitu gabe pasa ostean, Vianak bere azken koreografia gurpil aulkitik prestatzea onartu behar izan zuen. Gernikaren garaia izan zen, eta lan horretarako Sergio semearen ezinbesteko laguntza izan zuen; Gasteizko José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan karaktere dantza irakaslea da Sergio gaur egun. Rigako (Letonia) Opera Antzoki Nazionalak hartu zuen balletaren estreinaldia 1990eko abuztuaren 22an. Obrak hiru zati zituen: Ave Maria, Dolor (mina) eta Vivir (bizi), eta euskal mitologiako pertsonaiak agertzen ziren bertan, Aitor patriarka, Andra Mari jeinuen erregina, haren seme Mikelas eta horren emaztea, Sorgin, besteak beste. “Egiten dudan guztia sormenarekin eta bihotzetik egiten dut. Baina bihotzaren zati handiena “Gernika”-n eman nuen, elbarri nengoela egin nuelako. Pentsa nola sufritu nuen, udako etxeko gela batean nengoela, artistak etorri eta muntaia egiten nuenean. Sergio laguntzailea zen, berak egiten zuen dena nire partez. Pentsa, nire bihotz gaixoa, lehen nik egiten nuen dena, urrats bakoitza... Sergiori esan behar izaten nion, “battement bat horrela...”. Ezin egin zezaketela ikusten nuen, eta horrek sufriarazi egiten zidan, dantza espainiarra oso zaila delako atzerrikoentzat, euskalduna bereziki”.
Gasteizen finkatu zen 1992an, eta bertan eman ditu bizitzako azken urteak; euskal hiriburuan hil zen orain egun gutxi, minbiziaren ondorioz. “Bueltatu nintzenean, asko gustatu zitzaidan Espainiako jotak ematen zituen telebistako saio bat; Aragoiko jota da nagusia, eta horretatik irteten dira gainerako guztiak. Saio hori izan da ikusi dudan bakarra: hortik aurrera flamenkoa besterik ez; baina hori ez da dantza espainiarra, ijitoen dantza da. Ez da herriarena, Aragoikoa ez bezala. Ba al dakizue nola hartzen duten jota Errusian? Primeran, dantzatu beharreko dantza delako. Flamenkoa, zapateatua hemen, zapateatua jan, soinekoa hona, soinekoa hara... Dantza klasikoko pausu gehienak euskaldunak dira: rond de jambe, zortzikoa, grand battement, piqué, artaziak... euskal dantzak dira guztiak. Behin Sergiori antzinako sevillanak nola dantzatu behar ziren eman nion idatziz, eta Antonio Gadesen aurrean dantzatu zuen. Hark Espainiatik deitu zidan, zorionak emanez nire semeak sevillanak oso ongi dantzatzen zituelako”.
Azken urteetan jasotako omenaldien artean Asociación Bilbao Ballet Elkarteak (ABBE) Dantzaren Nazioarteko Eguneko afarian emandakoa dago (Carlton Hotelean, Bilbo, 2007ko apirilaren 27an). Bi hilabete beranduago De Carranza a Siberia y más allá..! liburua argitaratu zuen, Karrantza Haraneko Udalarekin elkarlanean. Logroñoko Dantzaren Etxearen “Ohorezko Lagun” ere izendatu zuten Viana maisua 2008ko apirilaren 27an Errioxako hiriburuan. Goian bego Gerardo Viana Foncea, goitizenez Vladimiro.
OHARRA: Aipu guztiak Gerardo Vianari egindako “Memoria viva de la danza, leyenda y olvido injustificado” ekarrizketan jasoak dira. “Danza en Escena” aldizkariaren 14.zenbakian (2006ko urria-abendua ) argitaratuak, Logroñon. Egilea: Iratxe de Arantzibia. Elkarriketa 2006ko ekainaren 17an egin zen, Gerardo Vianaren etxean, Gasteizen.
Dokumentuaren akzioak