Dokumentuaren akzioak
Gaztedik bere 55. urteurrena ospatuko du
Gaztedi dantza taldeak, Bilboko beteranoenak, 55 urte betetzen ditu aurten y bere ospakizunak Luzaideko inauteri handi batekin hasiko ditu. Taldeko belaunaldi guztietako dantzariek hartuko dute parte emanaldi horretan. Otsailaren 26an, Bilboko Zazpi Kaleetan ikusiko den inauteria ziuraski talde bakarreko dantzariekin osatutako handiena izango da. Guztira 15 eta 60 urte bitarteko 60 bikotek parte hartuko dute. 120 dantzari horiez gain, Kabalkadan parte hartuko dute inauteri konpartsaren pertsonaia guztiek: zaldiak eta zaldunak, zapurrak, gorriak, banderariak, basanderak, jigantiak, e.a. Sama-Siku fanfarea arduratuko da musikaz, eta baita Gaztedi dantzari taldeko gaitero eta gainontzeko musikariak ere.
Talde hau bera martxoaren 4an, larunbatean, Santutxu auzoan arituko da, Bilboko Udalak bultzatutako Dantzan egitarauan, eta auzoan ospatuko diren inauterien bezperan.
Gaztedik 2006 urte osorako aurreikusita ditu ekitaldiak urteurrena opsatzeko. Ekainean, San Juan gauena, "Euskal Herria. Dantza eta kanta egiten duen herria" ikuskizuna berreskuratuko du, 2000. urtean Euskeria abesbatzarekin arrakastaz estreinatu zuena. Gaueko 21.00etan izango da, Karmelo plazan. Biharamunean, ekainaren 24an, dantzari gazteek eta umeek eskainiko dute emanaldia senide eta auzotarren aurrean.
Uztailean, ziur aski uztailaren 15ean, Urdiñarbeko herriaren maskaradak osorik parte hartuko du Santutxun.
Urteurrenaren beste ekitaldi erakargarrietako bat, uztailaren 22an, larunbata, arratsaldeko 19.00etan, Bilboko Arriaga Plazan egingo da. Bertan Mallorkako Artá herriko taldea arituko da. Izan ere talde horrekin truke kulturala burutuko du aurten Gaztedik. Mallorkako taldearekin batera Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdira etorritako talde bat eta GAztedi bera arituko dira.
Urteurrenaren ekitaldiak urrian borobilduko dira, kultur aste batekin eta urriaren 21ean egingo de erromeriarekin. Gaztediko 55 urteko historian helduen taldeko kide izan diren guztiekin bazkaria eginez bukatuko dira urteurreneko ospakizunak.
Gaztedi Dantzari Taldearen historia
A) 1951-1960:JAIOTZA ETA LEHEN URRATSAK
Gaztedi Dantzari Taldea 1951.ean Karmeloko elizaren inguruan eta Aita Txanton Goiria karmeldarraren erantzunkizunpean sortu zen, honen sen euskaltzale eta egonezinari zor zaiolarik taldearen eraketa eta izatea. Lan hau aurrera eraman ahal izateko DINDIRRI dantza talde mitikoaren laguntza teknikoa izan zuen talde haren zuzendaritza artistiko eta teknikoa hartuko zuten pertsonak bilatzeko. Aita Txanton beraren esanetan DINDIRRI zen sasoi hartan Bizkaiko ispilua munduan eta praktikoki Bizkaiko dantza talde antolatu bakarra.
Taldearen lehenengo agerraldia Zornotzan izan zen 1951.eko Irailaren 26an Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña izenpean. Ekitaldi honetan hala ere mutilek soilik dantzatu zuten, nesken lehen agerpenerako 1952.eko Ekainearate itxaron behar delarik, Orduñan, Antiguako santutegian.
Taldeak itxura hartzen zuen heinean bere ezaugarriak finkatzen hasi ziren. Honela, 1953.ean TALDE GAZTE izena hartu zuen, Karmeloko Gazteriarekin zuen harremana argi erakutsiz,honen menpean sortu eta garatzen baitzen taldea. Urte honetan baita ere gaurregungo ereserkia sortu zen Aita Emiliano de Barandiaranen musikarekin eta Aita Txanton Goiria beraren letrarekin. Ereserki hau beranduago TXISTULARI aldizkariaren 45. alean argitaratu zen GAZTEDI izenarekin.
Sarritan Francoren erregimenak ezarritako bideetatik kanpo ibiltzeak arazo ugari ekarri zizkion taldeari, 1955.ean Aita Txanton Goiriak Karmeloko Gazteriaren estatutuak legeztatzea lortu zuen arte. Estatutu hauek dantza taldeak eta beste zenbait taldek, antzerki taldeak adibidez, beraien iharduera aurrera eramateko beharrezko babesa suposatu zuten. Era honetara TALDE GAZTE zena GAZTEDI izatera pasatu zen. Izen aldaketaren ondorioz ereserkiaren letra eta banderak zeraman izenaren bordatua aldatzeko beharra agertu zen, 1954. urteko data mantendu zen arren.
Baina ordurako lan gogorra hasi zen. DINDIRRI taldetik zetorren Txomin Unzaluk GAZTEDIren zuzendaritza teknikoa hartu zuen momentutik aurrera ez zen atsedenerako astirik egon dantza zein musiken ikasketa eta jantzien eta itxura fisikoaren prestakuntzan.
GAZTEDIK erronka gogor bati aurre egin zion, ez baitzen nahikoa gure folklorearen alorreko ezagutzak zabaltzea, euskal kulturaren beste zenbait alor ere garatzeko asmoa zabalduz, aurrekoak bezain ezagunak izan ez arren. Jakina da, garai hartako errekurtso eskasak zirela eta, herrialdeko hainbat puntutara dantzak ikusentzute soilez ikastera joan behar izatea beharrezkoa zela. Era honetara, adibidez, Luzaide, Lesaka eta Otsagiko dantzak edota Larrain Dantza Iruñako DUGUNA taldearen eskutik ikasi ahal izan ziren, berehala Gaztediren ekitaldietan ikusi ahal izan zirenak. Era berean, Iparraldeko lehenengo ekitaldiekin batera, hango dantza eta musikak ikasteko aukera eman zen. Hainbat lekutara dantzak bere jatorrian dantzatzen ziren modura ikasteko bidaiak egiteaz gain, bidai hauetan dantzen exekuzioa hobetzeko balio izan zuten. Honela, Berrizera joan zen bertako Alejandro Aldekoa Aranburu maisuaren ikasketak jasotzeko Dantzari Dantzari zegokionez, nahiz eta dantza hau taldearen errepertorioaren hasieratik bertatik agertu.
Baina lana ez zen soilik dantetan egin, musikaren arloan lana ere gogorra eta garrantzitsua izan baitzen, 1959. urtean sortutako lehen txistulari bandaren sorrerak erakusten duen bezala.
Era honetara taldeak, lan gogorrari esker maila on bat lortu ondoren, ikuskizun handiak sortzen hasi zen errepertorio oso zabalarekin, lan koreografiko propioak noizbehinka ere sartuz, eta ez herrietako plazetan bakarrik, baizki eta antzezleku itxietan ere bai. 1960. urtean Arriaga dantzatu zen antzokian lehen aldiz, beranduago Eusko Ederti izenmez ezagunak izango ziren ekitaldietatik lehena izanik. Aipatzekoak dira baita ere Euskal Herritik kanpo burututako ekitaldiak, gure mugetatik kanpo gure folklorea ezagutzera emateko ahaleginetan, Segovian 1960. urteann egindakoa adibidez.
B) 1962-1967: URREZKO AROA
Urrezko urtetaz hitz egitea handigurakoa iruditu arren, izatekotan 60ko hamarkada litzateke, azken urteak kenduta eta aurreko hamarkadako azken urteekin batera, garai hau baita taldeak kalitate artistiko eta mirespen handiena lortu zuen garaia. Dantzen exekuzio kalitatea eta ekitaldien kalitatea dira garai honetako ezaugarri nagusiak. Garai honetan ematen diren ekitaldiak oso ugariak dira, zenbatzeko ere zaila, hainbat lekutan eta hainbat arrazoigatik dantzatzen delarik. Euskal Herriko bazter guztietako plazetan dantzatzeaz gain, antzokietan burutzen ziren ikuskizunak ere oso garrantzitsuak izan ziren, garai hartako beste hainbat ikuskizunekin lehiatuko zutelarik. Ikuskizun hauek Eusko Ederti izenez ezagutzen hasi ziren 1960.etik aurrera eta gehienetan Arriaga antzokian burutzen ziren. Aipatzekoa da 1964.ean eginikoa, bertan aurkeztu baitzen orduan desagertuta zegoen eta Gaztedik berreskuratu zuen Oriako Sorgin Dantza. Ekitaldi honetan bertan beranduago GAZTEDIren ezkutua/armarria izango zen anagrama diseinatu zen baita ere.
Aipatzekoak dira bestalde garai honetan Donibane Lohitzunen burutzen ziren ekitaldiak, urten baten bost ekitaldi ezberdin zenbatu daitezkeelarik. Ekitaldirik garrantzitsuenak Festival des Sept Provinces delakoaren barruan sartzen ziren, urte askotan zehar GAZTEDIri suertatu zitzaiolarik Bizkaia ordezkatzeko ohorea.
Era berean Euskal Herritik kanpo ere ekitaldiak izan zituen, nazioartean ere ospe eta entzutea lortuz. Aipatzekoak dira batez ere, 1963.ean Normandiatik egindako bira, Parisen 1964.ean egindako ekitaldia eta 1965.ean Oviedoko VII Nazioarteko Folklore Jaialdian partehartzea. Garai honetakoak dira baita ere gaurregun hain arraroak diren dantza txapelketak, Deustu edo Erandiokoa adibidez, Gaztedik parte hartu zuen guztietan irabazi zituenak (5 aldiz Erandion eta birritan Deustuan).
Hala ere, eta jasotako ospearen arren, lan gogorrak jarraitzen zuen eta Gaztediko hainbat dantzarik beste dantza talde batzuen jaiotza ekarriko zuen haziak landatu zituzten. Era honetara Basauriko INDARTSU, Galdakaoko ANDRA MARI , Bilboko DANOK ALAI , eta beranduago Eubako LAGUNDI, Bilboko URDURI, Zornotzako UDABARRI edo Bilboko GORANTZA sortu ziren. Gainera GAZTEDIK kulturaren beste alorretan ere lan egin zuen, SANTUTXUKO EUSKAL ESKOLAren sorreran adibidez.
C) 1968-1981: LEHENENGO KRISIALDIA ETA BELAUNALDI ALDAKETA
Hirurogeiko hamarkadaren amaierak taldearentzako une larriak ekarriko lizkiokeen arazo bat ekarri zuen, 70. hamarkadaren hasieran taldearen lehenengo krisialdia ezagutu baitzen. Partaide asko taldea utziz joan ziren baina ez zen jende gaztea agertzen, taldea ahultzen joan zelarik. Hasiera baten beterano gogotsu askok taldean jarraitzen saiatu ziren ahal zen neurrian lagunduz, baina belaunaldi aldaketa ezinbestekoa zen.
Garai honetan Euskal Herriko bizitza politiko eta soziala oso delikatua/larria zen. Gogoratu beharra dago E.T.A.ren lehen ekintza armatuak, Txabi Etxebarrietaren heriotza, lehenengo salbuespen egoeren ezartzea, etab. taldearen barnean ere eztabaidak sortu ziren, gazteenen eta nagusienen artean batez ere eta taldearen ekitaldiak aurrera ateratzeko moduaz gehien bat. Eztabaida guzti hau gauza hobetzeko asmo garbiarekin egin izan ziren argi eta garbi. GAZTEDI orduan egoera orokorrago baten isla baino ez zen, beste talde kultural eta sozialek nabaritu zuten egoera batena hain zuzen. Une latzak izan ziren hauek taldearentzat, dudarik ez. Honen adierazgarri GORANTZA (Sabin Egigurenek sortutako taldea Gaztediko dantzaria zela eta gaur egun BIZKAI Euskal Folklore Elkartea denaren lehen hazia) eta GAZTEDI taldeen batzea izan zen 1970. urtean, biek bizi zuten egoera zaila zela eta. Honek talde bien iraupen duin bat baimendu zuen ziurrenik denbora batez baina beranduago elkarteak porrot egingo zuen bakoitzak bere bideari ekinez. Hemendik aurrera, taldea berriz indartu zen, dantza berriak ikasiz, programa hobetuz, eta taldearen barneko giroa suspertuz, aipatutako krisialdia atzean utzi arte.
Hala ere, erreforma politikoaren hasiera izan zen Gaztediri, beste hainbat talderi bezala, giro eta bizi berriak ekarri zizkiona, sarritan esan edo pentsatzen den ez bezala. Aldi hau talde askorentzat krisialdi garaia izan zen, ordutik aurrera kezka politiko eta abertzaleak kaleratzeko bide ezberdinak baitzeuden, lehen dantza taldeek neurri baten betetzen zituzten jarduerak. Beraz, trantsizioaren urteak garai oso ona izan zen Gaztedirentzat, dantzariak Euskal Herriaren goraipatzearen sinbolo bezala ikurrinarekin batera izan zuen garrantzia zela eta. Garai honetan eskainitako ekitaldiak oso ugariak izan ziren, jai herrikoien berreskuratzea zela medio gehienbat. Guzti honek aurretik aipatutako krisialdia 80. hamarkadaren hasieraraino atzeratzea eragin zuen. Garai honetan aipagarria da GAZTEDIK EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRAri lagunduz burututako lana, indar berriekin berpiztuz zebilena, Iruñan 1978.ean egindako lehen Dantzari Egun gogoangarri hura antolatu arte.
Karmeloko Gazteriaren desagertzearen urtea izan zen baita ere 1978. urtean, beronekin aldentzea gero eta handiago zen arren. GAZTEDIK 1971.etik autonomia akordio bat zuen Gazteriaren egituraren barnean, taldearen funtzionamendua Gazteriaren funtzionamendutik aparte jarraitu zuela esan daitekeelarik.
Beste alde batetik GAZTEDIk Santutxuko bizitza kulturalean izandako partaidetza ere aipagarria da, jai eta inauteri herrikoien berreskuratzean, Santutxuko aste kulturalaren sorreran, SANTUTXU aldizkariaren argitaratzean, dantza ikastaro herrikoien sorreran, SAMA-SIKU konpartsaren sorreran, beranduago fanfarrea bilakatuz gaur egunerarte edo beste hainbat ekintzatan, lehenengo KORRIKAN partehartzea adibidez.
1981-1991: BIGARREN KRISALDI OSTEKO BERPIZTEA
Hortik aurrera taldeak maila altuari jarraitzeko ahaleginak handiak izan ziren eta lortu arren, ez zen ekitaldirik agertzen. Jendea apurka-apurka desanimatuz joan zen. Egia esan dantzariak ez zuen aurreko urteetan gozatu zuen mirespenik.
Hala ere, aurrera jarraitu beharra zegoen, eta taldearen beste alorretan aktibitate maila areagotzea lortu zen, alderdi musikalean adibidez. Gaztedin trikitixa, Bizkaiko dultzaina, alboka, Nafarroako gaita edo txalaparta sartzea lortu zen, honekin hain goraipatua izan zen GAZTEDIko musika taldea sortuz. Era honetara musika talde hau auzoko bizitza sarritan animatzeaz arduratu zen txistu, gaita edo trikitixarekin. Honetaz gain Euskal Herria osoko jaialdi eta musika tresna herrikoien erakusketa askotan parte hartu zuten, EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRAK antolatutako Santiago plazako erromeriatan ematen ziren ekitaldiak ahaztu gabe.
Krisialdia aldiz atejoka zetorren. Dantzariek taldetik alde egiten zuten, eta taldeko zuzendaritzan ez zen konponbide egonkorrik topatzen. Kontutan hartu beharra dago DINDIRRI bezalako talde ospetsu bat 1982.ean desagertu zela. Beraz, taldea mutilik gabe gelditu zen 1985.ean. Ez dira inoiz nahikoak izango orduko nesken taldeari eman beharreko eskerrak, saioekin (entsaioak/entseguak) aurrera jarraitu zuena, ekitaldiak osotuz eta dantzari txikien taldeak eramanez. Beraiei eta gazteen monitoreei esker GAZTEDIK aurrera egin eta iraun ahal izan zuen. Berpiztearen lehenengo aztarnak 1986. urtean 35. urteurrenaren ospakizunetan antzeman ziren, garai hobeagoen gogoetak etorkizun oparo batetarako animoak/adorea ezartzeko erabili ostean.
Nesken taldean belaunaldi berri baten agerraldiarekin batera, 1987an mutilen taldean lanean hasiko baitziren berriro ere. GAZTEDIren abarketak berriz ere dantzari hasi ziren jendaurrean. Une honetatik aurrera, astiro baina gogotsu, taldeak kalea eta eskenatokiak hartu zituen berriro ere jendearen aurrean berriz agertzeko, itxura berri eta hobetuarekin.
GAZTEDI berriro ere loratzen ikusteko aukera izan zen hain zuzen taldeko beteranoen bueltatzearen arrazoia, gazteenekin batera lanean jarduteko, berauen gogo eta ekimenak beste garai batzuk gogorazten zutelarik. Belaunaldi ezberdinen arteko elkarlan hau izan zen hain zuzen Gaztediren berpiztearen kakoa. Nagusi zein gazteek batera egin zuten Gaztedik aurrera jarraitzeko. Hurrengo urteetan ekitaldiak bata bestearen atzetik datoz, gazte haiek gure ondare kulturalaren zati garrantzitsu bat erakusteko zituzten gogo harrigarriak erakutsiz. Guztien artean beharbada aipagarriena Luzaideko inauteriaren erakusketa izan zen, 1990.eko Bilboko Inauterietan zehar partaide kopuru handi batekin Kabalkaden kopia fidagarri bat osotuz. Ekitaldi hau bera 1991.ean ere errepikatu zen. Era honetara 1991. urtean amaitu zen, 40. Urteurrenaren ospakizunarekin. Bertan ekitaldi kopuru handi bat prestatu zen, amaierako ekitaldi nagusi bat prestatuz puntu goren bezala, Santutxuko Berrio-Otxoako polikiroldegian ospatu zena eta belaunaldi guztietako dantzarien partaidetza izan zuena.
D) 1991-2001: GARAI BERRIAK, ERRONKA BERRIAK
Aurreko urteetan ezagututako arrakastak ikusita, ideia berri bat hasi zen lantzen: posible izango litzateke Zuberoako Maskarada bat burutzea, jatorrizko lurraldeetan egiten den modu berean? Idei honekin gogor egin zen lan bi urtetan zehar, dantzariak eta pertsonaiak prestatuz eta jantziak eginez. Azkenean, 1994.ean Zuberoako Maskarada oso bat egitea lortu zen, ordura arte Zuberoatik kanpoko beste inongo taldek lortu ez zuen zerbait. Lehenengo erakustaldia Santutxun burutu zen Urtarrilak 16 euritsu baten. Lortutako arrakastaren ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutara eraman zen, Baionaraino helduz 1994.eko Martxoan. Urte askotan Maskarada honen bertsio oso zein murriztuak kaleratu ziren, eta baita eskenatokietara egokitutako bertsio bat Bilboko 1994.eko Aste Nagusian lehen aldiz erakutsia. Aipagarria da baita ere urte hauetan TXARANGA GAZTEDI izeneko musika taldearen sorrera, musikari askoz osotutako taldea ekitaldi kopuru handi bat burutu zituena erromeria eta herrietako jai askotan urte batzuetan zehar.
Eremu bi hauetan burututako lanaz gain, taldearentzako ekitaldiak bata bestearen atzetik agertuz zihoazen, bai Euskal Herrian, eta baita Euskal Herritik kanpo.
Era honetara 1997. urtera heltzen gara, GAZTEDIren urterik bidaiatsuena izateagatik guztiok gogoratzen duguna. Urte honetan Cartaxon (Portugal) dantzatu zen bertako talde batekin egindako elkartruke kultural baten ondorioz eta Errumanian ere bai bertako Folklore Jaialdi internazional baten barruan. Urte honetan zehar, eta batez ere bidai hauen ondoren, belaunaldi aldaketa errealitate bat bilakatu zen, jende gaztea sartuz, nahiz eta beterano askok taldean jarraitu bai aktiboki eta baita laguntza oso baliotsua emanez.
Lan gogorrak jarraitzen zuen, eta ekitaldiek ere bai, 2000. urtera arte helduz, urte honetan GAZTEDI eta EUSKERIA ABESBATZAren arteko proiektu interesgarri bat burutu baitzen, Euskal Herriko leku ezberdinetako kantu eta dantzak nahasten ziren ikuskizun batean. EUSKAL HERRIA, abesten eta dantzatzen duen herria urte horretako Bilboko inauterietan erakutsi zen lehenengoz, beranduago ikuskizuna Santutxu, Dima eta Etxebarrira eramanez.
Urte honetan bertan GAZTEDIK Bilboko 700. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu zuen, taldeko aspaldiko ezagun batek gonbidatua, gaur egungo BIZKAI Elkartearen zuzendari den Sabin Egiguren, Bizkaiko beste 6 dantza talderekin batera.
Eta azkenik 2001. urtea heldu zen, GAZTEDIK 50 urte betetzen zituen urtea hain zuzen. Honela, GAZTEDIK ikuskizun ezberdinak aurkeztu zituen Bilboko antzokirik onenetan, Euskalduna Jauregian ZAZPIAK BAT BESARKA ikuskizunarekin, zazpi herrialdeetako dantza taldeen partaidetzarekin, eta Arriaga Antzokian EUSKO EDERTI, belaunaldiz belaunaldi GAZTEDIKO belaunaldi guztietako dantzari eta musikarien partaidetzarekin. Bilboko Udaletxeak eta Bilboko Konpartsek taldeari omenaldi gisa GAZTEDI Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izendatu zuen 50 urte hauek betetzeagatik, eta urte berean KORRIKA 12an testigua eramateko ohorea izan zuen berriz ere.
D) 2002-2005: LOKALAREKIN URTE LATZAK
GAZTEDIN egon den edozeinek bizi izandako momentu gogoangarriaren ondoren, 2002. urteak berri txar bat dakarkigu, Karmeldarrek GAZTEDIren egoitza betidanik izan den Karmeloko elizaren ondoko eraikina Bilboko Udaletxeari eman baitiote. Bilboko Udalak beranduago eraikin hau Bizkaiko Foru Aldundiari emango dio, bertan, beraien esanetan, Alzheimeren gaitzak jotako pertsonentzako Eguneko Zentru bat eraikitzeko. Zentru honen obrak ez dira lokal hauen hustetik urtebete igaro arte hasi. Tamalez, Karmeldarrek eraikin hau uztearen arrazoia SORGINTXULO Gaztetxean zebiltzan gazteen desalojoa zela da usterik handiena, gazte hauek 5 urte aurrerago eraikin honen goiko solairuak okupatu baitzituzten aktibitate gogaikarri batzuen garapenerako, beraien kontroletik alde egiten zuelarik. Gaur egun ere, oraindik, gazte hauek lokal hauek beraientzat eskatzen dituzte beraien aktibitate sozial, kultural edo aisialdizkoak garatzeko. Auzoko bitza sozial eta kulturalarentzat ezinbestekoak, Santutxuko gazteentzako dagoen lokalen beharra azpimarratuz.
Hala ere, GAZTEDI lokalik gabe gelditzea eragotzi ahal izan zuen Udaletxearekin burututako negoziazio luze baten ondoren, beste lokal berri batzuen lagatze konbenio baten sinadurarekin amaitu zuena taldearen aktibitatea garatu ahal izateko. 2004.eko Urrian burutu zen lokal berrietara lekualdatzea.
Aipatutako arazoa alde batera utzita, GAZTEDIK ez zuen inoiz bere jarduera alde batera utzi, ekitaldiekin zein umeen kurtsoekin aurrera jarraituz, taldearen etorkizuna landuko baitute hauek. Ekitaldi aipagarri gisa Baigorriko ARROLA dantza taldeari bueltatutako bisita legoke beraien 50. Urteurrenaren ospakizunetan. 2003. urtean GAZTEDI, BILBOKO GAITEROAK eta MAIRUEK erraldoien konpartsaren artean ideia berri bat garatuz joan zen 2004. urteko Uztailan herri oboeen agerraldi bat presatzeko, HERRI OBOEAK. NAZIOARTEKO I. JAILADIA izenarekin. Lehenengo urte honetan Catalunyako Vilanova i la Geltrú herriko dantza taldearekin elkartruke bat burutu zen. Jaialdiak onarpen ona izanik, hurrengo urtean ere berriz ere burutu zen, oraingoan Errioxako Villamediana de Ireguako tadle batekin.
Bestalde GAZTEDIK Valladolideko jaietan parte hartu zuen 2003.eko Irailean, eta CAMPO DE MONTIEL Folklore Jaialdian Villanueva de los Infantes herrian (Ciudad Real)2004.eko Irailan. Aipagarria da gainera 2005.ean Galiziara egindako bidaia Galiziako Telebistako Luar programan agertuz. Erronka berri batekin dator orain GAZTEDI bere 55. urteurrenaren ospakizunarekin, 2006. urte osoan zehar burutuko dena, proiektu interesgarri askorekin, GAZTEDIK iragana, oraina eta etorkizuna berak dakien bezala bat eginez: dantzan.
Dokumentuaren akzioak