Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gaztedi eta Euskeria abesbatzaren ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Gaztedi eta Euskeria abesbatzaren ikuskizuna

2006/06/09 17:33
NOIZ: Ekainak 23, gaueko 21etan
NON: Karmelo Plazan (Santutxu, Bilbao)
HARTUKO DUTE PARTE: Gaztedi Dantzari Taldea, Euskeria Abesbatza, Ibon Koteron, Gaztediren belaunaldi desberdinetako txistulariak

 
Euskal Herria: abesten eta dantzatzen duen herria

Kanpotar ospetsuren batek kantari eta dantzari lez definitu omen gintuen euskaldunak. Beste kanpotar ospetsu batek, berriz, gure benetako jarduera historikoa behiak eraistea izan dela esan zuen. Ziur gaude gaur egun askoz gehiago garela dantzatzen eta kantatzen dugun euskaldunak, behiak eraisten dituztenak baino. Hala ere, kolektiboki hartuta, gero eta gutxiago dugu kantatzen eta dantzatzen. Bestera hobeto esanda: bai dantza eta bai kanta, gero eta gutxiago dira herritarrek praktikatzen dituzten fenomeno sozialak; gero eta gehiago dira herritarren ikuskizunerako “espezializatu” gutxi batzuek egiten duten (dugun) zerbait. Baina hori, gaurko gizartean, fenomeno arrunta eta generalizatua da beste gauza askotan ere. Eta euskaldunak ez gara, honetan ere, hain diferente. Bestetik, dantza lehenagotik ere izan da espektakulu gurean; ez espektakulu hutsa, baina bai espektakulu ere; gehiago ala gutxiago. Eta beste horrenbeste esan daiteke –seguraski- kantari buruz.

Modu batera edo bestera, dantza eta kanta elkarren ondoan eta elkarrekin nahastuta agertu izan zaizkigu beti. Harreman mota ia guztiak (izan) dira posible: “yuxtaposizioa” (dantza eta kanta tartekatuz elkarren segidan); “koordinazioa” (nahastea berdintasuneko planoan, esaterako, dantza kantatua edo kanta dantzatua, egileek berek den-dena emanik); eta “menderakuntza” (dantza nagusi eta kanta-elementu batzuk haren mende edo zerbitzuan; edo guztiz alderantziz ere, kasu bietan forma ugari emanaz). Hala izan da historikoki. Ez dugu gauza handirik asmatu behar izan gure gaurko espektakulu (muntaia) honetarako, gauza gehienak, funtsean, eginak aurkitu baititugu, eta, oro har, ikututxoren bat edo beste ematea izan da gure lana; ez besterik.

Durangaldeko “Dantzari-Dantza” multzo ezaguneko dantza, tradizioan, kantuz –eta ez txistuz- lagunduak izan dira. Koplen ahotsarekin batera txintxarririk gabeko panderoaren hotsa, besterik ez zen jartzen. Azkenengo urteetan oso ezagunak izan diren arren, halako formak bizi-bizirik zeuden, kasu batzuetan, oraindik 1.970ko hamarkada ondo sartuta ere.

“Dantza kantatu”en jeneroaz ere mintza daiteke. Tradizio dokumental batek halakoetan sartzen du Eaurtako emakumeen dantza. Baina tradizio biziak kanta besterik ez digu ekarri, dantza galdua izan baitzen. Horrek ematen du aditzera, agian “dantza kantatua” baino gehiago “kanta dantzatua” (beste tradizio baten ildoan, Urdiaingoa kasu) izango zela, eta, akaso, jatorrizko dantzaren formak hainbat sinpleago izango gaur egungo berreraiketan ikusten ditugunak baino.

Elementu galduen berreraiketaz josita daude “Gorulariak” ere. Hala ere, ikusiko dugun irudi eszenikoan emango den “gorularien kanta” ez dago inongo hitzezko tradizioan hartua, XVIII. Mendearen amaierako literatura idatzian baino. Ehun urte beranduago montatu zen irudi eszeniko hura, zertxobait lehenago berreskuratu berriak ziren Durangaldeko Arku dantza ta Domingiluen dantza zaharren forma berreraikiaren tradizio berriari lotuaz, numero hauek guztiak (eta geroago sortuko ziren beste batzuk ere) “Gorulari” dontsu eta famatuen kategorian baitan sartu baitziren.

Euskal plaza-dantza paradigmatikoenetan “jauziak” ditugu. Tradizio biziak bai ekarri dizkigu jauzi horietako batzuen hitzak, dantza eta soinuen aparte (Zuberoako dantzen artean ikusiko ta entzungo dugun “Ostalersa”ren kasua, esaterako), baina ez da gauza guztiz argia inoizko iraganean jauzi hauek dantzarien kantuaz lagunduak izan direnentz.

Dantza eta kantaren yuxtaposizioaz gainera, lotura tematikoaz baliatu gara batzuetan: Zuberotar koblakariaren aireak herrialde hartako ihauteriko dantzen argiak itzaliko ditu; kantautore garaikidearen konposizio ezagunak atea zabalduko die gaitaren hotsak lagunduriko Erriberako dantza alaiei; mariñel giroko kanta herrikoiak Lekeitioko “Kaxarranka” aurkeztuko eta eszenikoki lagunduko du. “Mairuek” Erraldoiak ere dantzatuko dute. Ahotseko disonantzia ausartez apaindu dugu, azkenik, Luzaideko kontraiantza tradizionalen antzerako dantza berria. Besterik ez.

Egitaraua

1- GURE DANTZA. Abesbatzaren kanta, Andoni Arregik eginda.

2- DURANGALDEKO DANTZARI DANTZA: “AGINTARIENA”, “BINANGO”, “MAKIL JOKU” eta “TXOTXONGILO”. Dantza hauetariko bi, abesbatzak eta txistularien bandak batera lagunduta egingo ditugu. Koplen hitzak ahotsezko tradiziotik hartuak dira, Durangaldean dauden aldakien artean hautatuak.

3- GORULARIAK: “ARKU DANTZA” eta “GORULARIAK”. “Gorularien kanta”ren irudi eszenikoa handik gutxira sortua da, Astarloa apologistari egin zitzaion omenaldirako lehen aldiz eman baitzen. Bertsoak 1886 urtetik argitaratu zen Mogelen “Peru Abarka”ren obratik hartuak izan ziren.

4-  ARRATIAKO JOTA ETA PORRUE. Jota eta fandangoa bereizten ez dakitenentzat, ondo etorriko zaie Arratiako forma zaharretan oinarrituz aurkezten dugun hau. Ez da hango joten aldakietan aberatsena, baina jotari dagozkion erritmo aldaketen berri emango digu. Horretaz gainera, aeroplanozko fandango garaikideen kontrapuntuzko adibide lurtarra azalduko digu.

5-  EAURTAKO DANTZA. Azkueren kantutegian dantza kantatu lez agertzen den arren ez dugu jatorrizko dantzaren forma zehatzen berri. Ikusiko dugun berreraiketa J. A. Urbeltzek egina da melodiaren egitura kontuan hartuz eta Baztango mutil dantzen formetan oinarrituz.

6-  ELANTXOBETARRA NAIZ. Abesbatzak emaniko kanta herrikoia.

7-  KAXARRANKA. Lekeition San Pedrotan urtero ematen ohi den dantza ezaguna.

8-  ERRIBERA. Benito Lertxundiren konposizio ezaguna Abesbatzak emanda.

9- KORTESKO DANTZAK: “VALS” eta “TRENZADO DOBLE”. San Migeletan Kortes herriko “Dance” deituriko dantza multzoaren numero bi dakarzkigu: makil joku bat eta zinta dantza bat.

10- GEUREA. Sabin Salaberrik Abesbatzarako sortu zuen konposizioa txistularien bandak lagundurik.

11- ZUBEROAKO DANTZAK: “BARRIKADA HAUSTIA”, “ARRIBADA”, “OSTALERSA”, “MAREXALAK” eta “GODALET DANTZA”. Ihauteriko dantza eta jokuetan, Zuberotar Maskaradak omen dira Euskal Herri osoan ditugun adierazle osatu, aberats eta esanguratsuenak. Ihauteriaren adierazle gisa duten karga sinboliko osoaz gainera, beste gauza deigarri bat dute maskaradek: beren dantza modu eskolatu eta landuak. Inork apuntatu zuen dantza forma hauek zirela ballet klasikoaren iturburu. Errealitatea guztiz alderantzizkoa da. J. M. Guilcheren estudioek argiro utzi zutenez: Zuberoako dantzen formak dira klasikotik datozenak, XIX. Mendearen erdialdera Frantses Armadaren dantza eskolen bidez sartuak izan baitziren.

12- GOIZIAN ARGI HASTIAN. Etxaun Iruriren kanta Abesbatzak emana.

13- BIZAR DANTZA. Irri dantzen jeneroa ez dago gaur egun oso hedatua. Lapurdin gelditu da gehiena, eta handik dakargu “Bizar Dantza” hau ere.

14- LUZAIDEKO KONTRAIANTZA. Hona hemen J.A. Urbeltzen beste sortze-lan bat, Luzaideko kontradantzen formetan oinarrituz egina. Sortze-lan txiki bat ere guk geuk eginda, abesbatzaren hatos laguntzaileez baliatuaz.

15- AGUR JAUNAK. Amaierako dantzari ta kantari guztion kanta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.