Dokumentuaren akzioak
Folklorea eta Merkatua Ortzadarren 24. Jardunaldietan
dantzan.com
2008/06/05 07:56
Folklore Jardunaldiak - Folklorea eta merkatua
Iruñea, 2008ko azaroaren 12 - 14a
Merkatua egungo paradigma menperatzailea da, eta hala, gizarteko jarduera guztiak edo ia guztiak merkatuak zehazten eta markatzen dituen errentagarritasun-parametroetatik pasatzen behartuta daude. Honela, ohitura edo kultur adierazpen bat desagertzear denean (edo beste batek ordezkatzear denean) merkatuarekiko egokitasun eza hartu behar dugu arrazoitzat, lehiakortasun falta bat da, alegia. Noski, garbi da ezin mintza gaitezkeela alderdi ekonomikoaz soilik. Baina hala ere folkloreak, bere adierazpenek eta eragileek, oro har, gaur egun dituzten inplikazio ekonomikoak ezin ditugu saihestu. Eta hau da hain justu XXIV. Folklore Jardunaldietan landuko dugun gaia.
Tradizio kulturak egungo ekonomian duen esku-hartzea zabala da, eta delako kultura tradizional horri emanen diogun definizioaren araberakoa izanen da ia esklusiboki, kulturak bizitzaren alderdi guztiak ukitzen dituela jakinik ere (baita ekonomikoa).
Artisauak eta artisau ekoizpenak, folklorearen edozelako alderdiren ikerketa eta zabaltze-jarduerak, hartan ari diren erakundeen bizirautea, turismoaren sustapen-kanpainak, kultura-paisaien mantenua (bai sortuak, baita "naturalak" ere)... hauek denak gizartearen alderdiak dira, folkloreari lotuta daude, jarduera ekonomiko baten subjektu dira, diru-laguntzaz ala gabe, eta garrantzia erlatibo bat dute.
Zenbait landa-guneko garapen ekonomikoa euren tradizio ekoizpenen erakargarritasunean funtsaturik daude: eraikinen edertasuna, sortutako paisaiak, tokiko jaiak... Horrek guztiak ekonomikoki eragina dakar.
Folklorean sektore profesionalek (inplikaturiko populazioari dagokiola) bezainbeste pisu dute irabazi asmorik gabeko sektoreek, baina, bestelako gizarte esparruetan ari diren taldeek ez bezala (ONGD edo ONGak, esaterako) erakundeen eskutik ez dute inolako esker onik jaso.
Elkarte hauek jende multzo handia biltzen dute bere baitan, arauzko jarduera dute, antolaketa jakina eta bere erakundeen araberako ekonomia dute.
Honetaz gain, tradizio-kulturaren elementuetan oinarritutako merchandising-a, esaterako, folklorearen adierazpenei lotutako markak sortzea, taldeen egile-eskubideak... hauek denak ezin dira bazter utzi
folklorearen alderdi ekonomikoa aztertzen delarik.
Ikerketa-esparru zabal eta mugagabe baten aitzinean gara, gutxi garatua gainera eta aurtengo jardunaldi hauetan huts hori estaltzen saiatuko gara, baita egungo gizartearen ekonomian jarduera honek duen eragina ezagutzen ere.
Lanen aurkezpena
Jardunaldiak antolatzen dituen batzordeak txosten nagusi batzuk eskatu ditu, baina gainera interesik duen orori gonbitea egin nahi dio bere lanak, argitaratu gabekoak, aurkez ditzan.
Egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dute proposatutako lanaren izenburua eta laburpen txiki bat. Gainera, egilearen edo egileen izenak, lanbidea edota titulazioa eta harremanetarako datuak (helbidea, telefono zenbakia, faxa, helbide elektronikoa) erantsi beharko dira. Behin betiko testua urriaren 15a baino lehen bidali beharko da euskarri informatikoan (Word bertsioan), eta gehienez ere 15 orrialde izan beharko ditu. Horrekin batera 15-20 lerroko laburpen txikia bidali beharko da, testuan erabilitakoa ez den beste bi hizkuntzatan. Batzorde zientifiko batek lanak baloratuko ditu eta proposatutako gaiari egokitzen zaizkion erabakiko du, lana onartzeko eta ondoren argitaratzeko aukera izateko. Jardunaldiak Iruñean izango dira 2008ko azaroaren 12, 13 eta 14an, eta publikoarentzako zabalik izango dira. Horretarako izena ematen ahalko da Jardunaldietako Idazkaritzara joz.
Ortzadar kultur Elkartea Iruñean sortu zen 1974an herri musika eta dantza talde gisa, eta kultura tradizionalaren ikerketa eta zabalkundea izan ditu helburu nagusi. Urte hauetan dantza eta musika ikuskizunen alorrean etengabeko jarduera izateaz gain, 1984. urteaz geroztik, folklorezale eta
ikerlarientzat urteroko jardunaldiak antolatu ditu. 1995ean gure argitalpen ildoa ireki genuen aipatu jardunaldietan aurkeztutako lan garrantzitsuenak argitaratuz, besteak beste. Elkarte askea da gurea, irabazi-asmorik batere gabe, orain dela 20 urte baino gehiago Iruñeko Udalarekin eta Nafar Gobernuko "Vianako Printzea" Erakundearekin lankidetza akordioak dituena. Halaber, Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da.
Folklore Jardunaldiak
Jardunaldien helburu nagusia Kultura Tradizionalaren alderdi guztien ikerketan sakondu eta hura zabaltzea da, eta aldi berean, ikerkuntza eta azterketa horiek aurkeztu eta eztabaidatzeko batzar edo topaketa batzuk eskaintzea. Ortzadarren Folklore Jardunaldiek zientzialarien artean eta gai hauetan zaletuak direnengan ospea eta izen ona lortu dute aurkeztutako lanen jarraikortasun eta mailarengatik. Edizio bakoitzean gai bakarreko ikerketa egiten da, azpimarragarri dira adibidez, honakoak:
"Gizarte dantzak", "Festa tradizionala eta hiri kultura", "Folklorea eta herrien nortasuna", "Emakumea kultura tradizionalean", "Mito, erritu eta sineskeriak", "Herri sendagintza", "Janzkera", "Ahozko transmisioa", "Materiagabeko ondare kulturala" "Jatorrizko eraikuntza",...
Partaide gehienak gure ingurune geografikotik badatoz ere, beste herrialdeetako partaidetza ere izan dugu, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela eta Kanariar uharteak. Partaideen zerrenda luzean beren lan zientifikoari esker izen eta ospe handiko jendea aurkitzen ahal dugu, bai eta ikertzaile gazteak ere.
Jardunaldietan aurkeztu diren lanak Eusko Ikaskuntzako Folklore Saileko hirugarren liburukian argitaratu dira, 1986 eta 1993 bitartean "Vianako Printzea" Erakundeko "Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan", eta ondoren, "SUKIL, kultura tradizionalaren gaineko koadernoak"-en lau aleetan, Ortzadarrek berak argitaratuak 1995tik aitzina. Datozen jardunaldietan aurkeztuko diren lanak erredakzio batzordeak hautatuko ditu, eta Sukilen bosgarren liburukian bilduko.
Jardunaldien Idazkaritza
Descalzos Kalea, 65 behea
31001 Iruñea / Pamplona
Tfnoa: 948 223 107
ortzadar@ortzadar.org
www.ortzadar.org
Dokumentuaren akzioak