Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lehenengo tradizioa; ondoren argazkia?

Dokumentuaren akzioak

Lehenengo tradizioa; ondoren argazkia?

Irudiaren gizartean bizi omen gara eta badirudi, irudirik ez duen gertakaria ez dela esistitzen. Ahatik, badira gaur egungo “boom”aren aurretik, azken hamarkadetan, izenburuan aipatutako bi esparru horiek (folklorea eta ikus-entzunezkoak) uztartuz lanean ari diren hainbat lagun, eta horietako batzuen esperientzia mamitsuak aditzeko aukera izan genuen Bilbon, Eusko Ikaskuntzak antolatutako jardunaldietan.

Aurreko larunbatean egin dira Bilbon, Eusko Ikaskuntzako folklore sailak antolatutako “Folklorea ikus-entzunezkoetan” jardunaldiak. Etnografiarekin lotutako bideogintza eta argazkigintza izan dira hizpide aurkeztutako ponentzietan.

Jardunaldien kronika egiten hasi aitzin, esker onekoak garenez, antolatzaileei zorionak! Emilio Xabier Dueñas, Josu E. Larrinaga, Karlos Sánchez Ekiza, José Patricio Aldama, José Alfonso Antequera, Juan Mari Beltrán, Xabier Etxabe eta Mikel Legorburuk osatu dute lantalde antolatzailea. 

Jon Kortazar, Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko Lehedakariordearen eta Emilio Xabier Dueñas antolatzailearen agurren ondotik, ponentzien aurkezpenari ekin zioten.

Folklorea eta bideo-sorkuntza: errealitatea ala fikzioa?

Osasun arazoak tarteko lehen hizlariak ez zuen Bilbora bertaratzerik izan eta grabazio baten bitartez esan zizkigun esan beharrekoak (horretarako ziren ikus-entzunezkoei buruzko jardunaldiak). Manuel Garrido Palacios-ek 70-80. hamarkadetan Espainiako telebistan ematen zuten “Raíces” izeneko saioaren zuzendari izan zen, besteak beste. 300 saio baino gehiagotan penintsula osoko hainbat eta hainbat herrietako ohiturak erakutsi eta ezagutarazi zituen Garrido-k eta bere taldeak.

Grabazioak nola egiten zituzten, herri bakoitzeko biztanleekin sortutako harremanak, ondarea zaintzen eta gordetzen ari zireneko sentsazioa... aipatu zituen grabatutako hitzaldian. Etnografia gaiak lantzen dituen kazetariaren paperaz ere mintzatu zen. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga non dagoen jakiten zaila omen da eta berak nahiago izan zuen dudarekin geratu.

Eugenio Monesma produktore aragoarrak eta Juan Miguel Gutierrez produktore euskaldunak ere Folklorea ikus-entzunezkoetan 1gai bera izan zuten hizpide. Monesma errealitate etnografikoa gertatzen den bezala dokumentatzearen beharraz solastu zen. Errealitatea desitxuratzearen kontra agertu zen, beraz. Iritzi bera azaldu zuen Juan Miguel Gutierrez-ek “Cronica d’o 25 de Chunio” izeneko dokumentalaren bitartez. Bertan, Huescako Yebra de Basa-n egiten den Santa Orosiaren omenezko erromeriaren irudiak eta hotsak bere horretan erakutsi zizkigun, kronologikoki ordenatuak, inolako posprodukziorik gabe.

Errealitatea desitxuratzen

Baina posiblea al da manipulaziorik gabeko ikus-entzunezkorik? Posiblea al da errealitatea desitxuratzen ez duen dokumental etnografikorik? Orson Welles-en ustez ez. Orson Welles zinemagile ezagunak “La pelota vasca” izeneko dokumentala filmatu zuen Euskal Herrian, 50. hamarkadan. Eneko Lorente EHU-ko irakasleak Welles-en lanari barrenak atera zizkion bere hitzaldian. Lorente-ren esanetan, Welles-en helburua ez zen izan euskaldunen inguruko lan etnografikoa egitea. Bai ordea erakustea dokumentalaren ezintasuna errealitatea gertatzen den gisan islatzerakoan. Horretarako kamera bera bihurtzen du dokumentaleko protagonista behin baino gehiagotan.

Orson Welles-en uste bereko agertu zen Koldo San Sebastian produktorea ere. Bere ustez zinemaren lengoaiak eta etnografiak talka egiten dute. Eta Juan Miguel Gutierrez-en dokumentala jarri zuen horren eredu. Narraziorik gabeko 30 minutuko dokumentala ETB-k sekula ez lukeela emitituko aitortu zuen. Errealitate horrek nolabaiteko manipulazioa pairatu beharko luke (fikzio bilakatu, nolabait) telebistan emitigarri izateko. Etnografia ideologiaduna dela aipatu zuen, errealitatearen manipulazioa beti gertatzen dela ere bai eta gehienetan manipulazio hori herriari buruz dugun ideiaren araberakoa izaten dela azaldu zuen azkenik.

Space invaders

Goizean bideoarekin zerikusia zuten hitzaldiak izan genituen gisan, arratsaldean berriz folklorea eta argazkigintzaren arteko harremana aztertu zuten hizlariek. Proiektatutako argazkiak ikusteko beharrezkoa den iluntasunagatik akaso, bazkalondoko logurearen eraginez agian, baina arratsaldeko saioa pisuagoa egin zitzaigun.

Folklore ospakizunetan argazkilariak izan beharreko errespetua (eta batzuek duten errespetu eza) izan zen arratsaldeko hitzaldien ardatz. Dantzan.com-en ere horrelako kezkak azaldu dituenik bada. Oier Araolazak bere blogean “Space invaders” deitu die argazki on bat ateratzeko edozeren gainetik pasatzeko gai diren argazkilari horiei.

Lehenengo tradizioa, ondoren argazkia?

Bada horien inguruan aritu zen batik bat Mª Angeles Sanchez kazetari eta argazkilaria. “Lehenengo tradizioa, ondoren argazkia” esaldiaren asmatzailea bera dugu, eta esaldi horrek ederki laburtzen du bere hitzaldiaren mamia. Etnografia argazkilaritzat aurkeztu zuen bere burua Mª Angeles-ek, eta folklore-ekitaldia errespetuz eta ematen den bezala erretratatu behar dela azaldu zuen.

Santiago Yaniz ere argazkilaria da. Etnografia argazkilaria ere bai, akaso. Baina bikote horretan Folklorea ikus-entzunezkoetan - Santiago Yañiz(etnografia/argazkilaria) berak argazkilaria lehenesten du. Folklore-ekitaldiaren zirrara islatzen duten eta zirrara eragiten duten argazkiak ateratzea da bere helburua eta horretarako ez du baztertzen barreraren beste aldera pasatzea, hau da, ekitaldiaren barnean sartzea argazkia ateratzeko, ekitaldia bera oztopatu gabe, beti ere.

Gonzalo Azumendi eta Jose Alonso argazkilariek ere argazkilariaren errespetua eta errealitatearen manipulazioa izan zituzten hizpide.

Jardunaldiei buruzko bi ohar (edo hiru).

Gisako jardunaldien arrakasta entzule kopuruaren araberakoa izaten da sarri. Goizeko hamarretan Bilboko Sota eraikineko aretoan sartu eta 30 persona pasa ikusterakoan harritu egin nintzen. Jende asko iruditu zitzaidan. Egunak aurrera egin ahala konturatu nintzen entzule horietatik asko antolaketa taldeko kideak eta hizlariak edo hizlarien laguntzaileak zirela. Hartara, hitzaldiak entzutera espreski joandakoak 10 inguru izanen ginen. Gutxiegi.

Hain zuzen ere ikus-entzunezkoen munduan mugitzen direnek badakite teknikak zer nolako Folklorea ikus-entzunezkoetan - ikusleakjokaldi makurrak eragin ditzakeen. Eneko Lorente-ren hitzaldian Orson Welles-en dokumentala ikusi gabe geratu ginen teknologiaren erruz, eta horrek hitzaldia baldintzatu zuen. Zer esanik ez Gonzalo Azumendi-ren hitzaldian. Hainbat argazkien proiekzioan oinarritu behar zuen bere jarduna, baina argazkiak erakusteko garaian ordenagailuak bat izan ezik, beste guztiak irentsi omen zizkion. Pena bat!

Pena handiagoa izan zen, edozein gisan, hitzaldi bakar bat ere euskeraz entzun ahal ez izana. Hizlarien aurkezpenak eta entzuleen hainbat galdera euskeraz egin ziren, baina ez da nahikoa.

Dokumentuaren akzioak

2016/02/10 11:18
Oso ondo idatzia

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.