Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Fauxtin Bentaberriren eragina Baxe Nafarroako musika eta dantzetan: aparteko kasu bat

Dokumentuaren akzioak

Fauxtin Bentaberriren eragina Baxe Nafarroako musika eta dantzetan: aparteko kasu bat

2016/11/30 08:10
Fauxtin Bentaberriren eragina Baxe Nafarroako musika eta dantzetan: aparteko kasu bat

Fauxtin Bentaberri, bere klarinete kuttunarekin. Argazkia: Donibane Garaziko Herriko Etxea

Aurkezpena 

1979an, Garaztarrak euskal dantzari taldearekin Fauxtinen Eguna antolatu ginuelarik harrituta gelditu nintzen ikusiz mila lagun baino gehiago hurbildu zitzaizkigula Fauxtin Bentaberriren oroimenez emaiten ginuen kabalkada edo libertimendu horren ikustera. Geroago, ainitzetan nituelarik Fauxtini buruzko ikerketak ulertzen hasi nintzen zendako, 43 urte pasatu zirelarik zendu zenez geroz (1936-1979), bere orroitzapenak hoin sakon eta azkar segitzen zuen jenden artean. Eta ez zuen bakarrik orroitzapenak bizirik segitzen baizik eta berak musikeri eta dantzeri imprimatu zizkien hatzak. Zonbeit jende daki dantza jauzi zahar asko atera zuela betirako ahanztapenetik (adibidez Teilagorri, Alemanak edo Kattalina) eta dantzatzeko manera guziz iraultzatu zuela antrexanten teknika zabalduz Garazi aldean?. Nor konturatzen da, gaur egun ezagunak edo herrikoiak diren hainbat dantza (Euskaldunak eta Sorginak, Kontra-Dantzak eta kabalkadan erabiltzen diren Martxa gehienak) berak asmatu zuela bai musikaren aldetik bai eta koreografien aldetik?

Jakinik herrikoi musika eta dantzen sormenaren prozesua gehienetan kolektiboa dela (hizkuntz prozesua bezala) zinez haundia izan behar zen Fauxtin Bentaberriren pertsonalitatea Baxe Nafarroako kultura hoin barnaki markatzeko eta aldatzeko. Holako pertsonalitate berezi bati buruz gauza asko esateko baldin bada era saiatuko naiz laburki kondatzen haren biziaren ezaugarri garrantzitsenak eta ahal bezain xeheki azpimarratzen musika eta dantza arloan egin zuen lana.

Faustin Bentaberri eta Garaziko bolantak 1927 Londres
Faustin Bentaberri bere dantzariekin, 1927ko azaroaren 27an Londreseko Royal Albert Hall antzokia egin zuten emanaldia. Ezkerretik eskuinera: Battitta Haranburu, Martin Apezarena, Martin Ergi, Etienne Sala, Pierre Xiramberro, Beñat Arrozagarai, Faustin Bentaberri. Argazkia: Donibane Garaziko Herriko Etxea

Fauxtin Bentaberriren bizia 

Fauxtin Bentaberri 1869ko agorrilaren 16an Izpura herriko Gainekoarotztegia etxean sortu zen. Ama, Mari Otegi, Donazaharreko Maddalen auzoko Landaburuarenea etxekoa zen. Aita, Xan Bentaberri, Donazaharre Asoritzean hazia izan zen bere aita (Fauxtinen aitona) istripu batez hil ondotik (Uharte Garaziko Xarretainean) ama berriro ezkondu baizitzaion etxe hartako nagusiarekin. Genealogi edo leinu labur horrek argiki erakusten du Bentaberriren iturburua Uharte Garazin aurkitzen dela, zortearen eraginez beren bizilekua Donazaharrerat eta gero Izpurarat aldatu baldinbadute ere.

Fauxtin Claverie, Mari Otegiren ahaidea, eman zioten aitatxitzat hau gazteari eta hortik heldi zaio izen ttipia, denbora hartan usu egin ohi zuten bezala. Donibane Garaziko jabe aberats bat izanez gain beste berezitasun bat bazuen Fauxtin Claverie-k: arrabitalari profesionala izana zen luzaz Parisen. Halta, ez zen hira familian aurkitzen ahal zen misikalari bakarra: Bentaberritarrek kusi bat bazuten, Jatsuko Hegi familiakoa ttunttuneroa edo txirularia zena; bestalde bere osaba (amaren anaia), Landaburu deitua, aski ezaguna zen aro horietan Garazi aldean esku soinu eta arrabitarekin jaietan ibiltzen zelakotz. Osaba hura izan zen preseski 16 urte inguruan musika (bereziki arrabita) eta dantza erakusten hasi zitzaiona. Geroago, solfeoa ikasi zuen Donibane Garaziko “cours complémentaires” delakoetan eta hango errienta edo erakasle baten aholkuak segituz (jaun Espraben zena) klarineta bat erosi zuen, lehenbiziko musikaria bihurtzen zelarik iparralde barnekaldean halako tresna bat erabiltzen zuena. Bere aitatxi Fauztin Claveri-k ikasketa luze batzuen egiterat bultzatzen bazuen eta aitak arotzgoan ikusten baldin bazuen haren etorkizuna, beste bide bat hartzea deliberatu zuen Fauxtin gazteak, jadanik oso gustokoa zuena: musikari profesioanala izatea. Memento hartan 20 urte inguru zituen eta ia hasia zen dantza jauziak eta musikak biltzen eta salbatzen zaharren ahotik (bere osaba Landaburu iturri garrantzitsu bat zelarik). Ordukotz aski ezaguna zen Baxe Nafarroan gaindi eta nahiz denbora hartako ekintzak eta jaiak elizaren legeen arabera antolatuak izan (erran nahi baita hilabete edo sasoin berezi batzuetan ez zela inolako jairik egiten ahal) ez zuen urtean zehar eneatzeko mementorik. Urtarriletik otsailera zernahi ezkontza edo eztei egiten zen iparraldean (hiru egun irauten ahal zutena) eta maiz galdegina zen Fauxtin halako ospakizunetan parte hartzeko. Halaere ez ziren horiek gehienik gustatzen zitzaizkion bestak, bakarrik (edo atabalari batekin) eta luzaz ari behar baitzen. Denboraldi hau ihauteriekin bukatzen zen, Izpura edo Uharte Garaziko Kabalkadekin edo Donibane Garaziko San Pantzarekin. Kabalkada bi egunez emaiten zen (ihauteriko igandean eta asteartean) eta azpimarra daiteke paper haundi bat betetzen zuela Fauxtinek horien antolakuntzan, izan zedin dantzarien edo berdin musikarien prestakuntzaren aldetik. Gero hasten zen garizuma, elizaren debeku denboraldi garratza, bazkoraino iraunen zuena. Epe luze hau partitura batzuen prestatzeko eta bere orkestako kideekin biltzeko eta ensaiatzeko baliatzen zuen Fauxtin bentaberrik. Maiatzetik goiti giroa berotuz zihoan berriz, lehenik Heleta eta Iholdiko besta berriekin eta gero herriko jaien zirimola luzearekin, irailean geldituko zena. Urrian, Mariaren hilabetea izanik, ez zen inolako jairik ospatzen eta Fauxtini hasten zitzaizkion gazte batzuk etxerat hurbiltzen dantza jauzien ikastera. Ez ziren nolanahika etortzen, baizik eta taldeka eta herrien arabera, askotan kabalkada baten osatzen asmoa zutelarik. Eta horrela iragaiten zituen Fauxtinek urteak, bere fama haundituz eta haundituz ziholarik. Etenaldi bakarra lehenbiziko gerra mundialean ezagutu zuen ez baizen, bixtan dena, besta haundirik antolatzen aro hartan. Bere ogiaren irabazteko Donibane Garaziko Haramburu larru-lantegian lau urtez lan egin zuen (suetena izenpetu izan arte).

Bolantak Donibane Garaziko Euskal Etxea
Bolantak. Argazkia: Donibane Garaziko Herriko Etxea
Fauxtin Bentaberriren bizia konda ez daiteke elizarekiko harremanak aipatu gabe. Jakin behar da lehenik, ezkerreko aburuak ukan arren oso gizon kristaua zela musikari baxe nafartarra. Halaere apez batzuek eta bereziki apezpikuek bere ekintzak gaizki ikusten zituztelako (partikulazki alaitzen zituen dantzaldiak) exkomikatu zuten bere orkestako maiz erraiten kideekin batera. Neurri hori injustizia bat bezala hartu zuten Fauxtinek eta bere familikoek zien “Nik etxit (ez dut) konpreitzen. Testament zaharrean erraiten dute aingeruen David erregea ohoratu nahi zutelarik musika jotzen ziotela”. Ondoko urtetan, bere bazkoak Luzaiden egiten zituen herri horrekin harreman hestuak zituelako eta beste diosesa bat izanez geroz debekuak baliorik ez zuelako. Baina egun batez Baionako apezpikuak Iruñakoa abisatu zuen eta azken hau Luzaideko apezari defenditu zion Fauxtini komunionea ematea… ikusten dugu hor (orain bezala lehen ere) beharrezkoa delarik agintariek badakitela mugaz gaindi airez aire pasatzen. 

Fauxtinen obra nolakoa izan den ikusi aintzin zerbait erran dezagun bere familiaz. Aski gazterik ezkondu zen Fauxtin Izpura Apateko Joanarekin eta bost haur jaio ziren batasun hartatk. Horietako bat, Jean Bentaberri, oso ezaguna izan da Tolosako “Orchestre du Capitole”-go zuzendari bezala. Izpurako Hiribarnea etxea erosi zuten eta han berean iragan zuten bere bizi guzia (oraindik ere Fauxtinen alaba bat, Jean Servant -lerro hauetan diren xehetasun gehienak eman dizkidanak- Hiribarnean bizi da.) 1936ean eritasun baten ondorioz zendu zen Fauxtin, Izpuran eta geroztik hango hilerrian datza bere klarineta eskuetan.

Fauxtin Bentaberriren eragina Baxe Nafarroako musika eta dantzetan

Faustin Bentaberri Izpura Iribarnea
Faustin Bentaberri bere Izpurako Iribarnea etxean. Argazkia: Donibane Garaziko Herriko Etxea
Fauxtinen ekarpena Baxe Nafarroako musiketan eta dantzetan aztertzeko mementoan hiru punta desberdin kontuan har daitezke: jauzi zaharren bilduma, dantza teknikaren berritzea eta azkenik kreazioak edo sortzeak.

Beraz lehenbiziko puntutik abia gaitezen. Azpimarratu dugun bezala bere osaba Landabururekin hasi zen Fauxtin dantzak eta musikak ikasten, denbora berean solfeoaren erabilpenarekin usatzen zelarik Garaziko eskolan. Dudarik gabe azken kursto horiek eman zioten jauzi zahar batzuen biltzeko ideia eta gutizia. Suposatzen ahal dugu bere osaba izan dela bere iturrietatik garrantzitsuena bainan horrek digu ahantzi egin behar ingurumen hurbilean (familian, herrian) ziren pertsonek edo berdin bestetan aurkitzen zituen jendek ukan zuketen eragina. Horren aztarna, Teilagorri bezalako pieza batean oraindik sendi daiteke, seguraski jauzi honi bere informatzailearen izena titulu bezala ipini baizion (ikusi dugunaren arabera Donazaharre Asoritzeko Teilagorri familian hazia izan baitzen Fauxtinen aita). Fauxtin Bentaberriren obraren aspektu hau utsi aitzin erran behar dugu jauzi zaharren bilduma hau zinezko altxor bat dela Baxe Nafarroako kulturarentzat lehenbiziko aldikotz, eta joan den mendeko beste manuskrito edo eskuskribu askotan ez bezala, jauzien doinuak eta urratsak xeheki emanak baitira. Bertzalde eta lan horri esker, jauzi oso arraro batzuk (Kattalina, Teilagorri edo Alemanak bezalakoak) gureganaino osorik etorri dira, ahanzduratik betikotz salbatuak.

Baxe nafartar maixuaren obrak bigarren ardatz bat badu. Garazi inguruan gauregun baliatzen den dantza teknikan (eta partikulazki antrexaten bitartez) errex ikus daitekeena. Jakin behar da 18garren mende arte dantza jauziak oso manera ximplez ematen zirela iparraldeko hiru probientzietan. Antrexatak, frisatak eta horrelako urrats konplikatuak 19garren mendean bakarrik sartu ziren Xiberoan, soldaduzkatik etortzen ziren gazteen bitartez. Denbora hartan (19garren mendean) dantza maixu batzu baziren frantses armadetan soldadueri “danses par principes” delakoak (bereziki frantses balletaren tekniketan oinarrituak) irakasten zizkienak eta horren ondorioz gertatu da etxerat itzuliz geroz, xiberotar gazte batzu hasi zirela urrats horietarik zonbait dantza jauzietan sartzen. Arrakasta haundi bat jaso zuten berrikuntza horiek, xiberotar dantzen teknika zinez aldatzen eta aberasten zutelarik (aldaketa prozesu horrek kasik 1920era arte iraun zuen). Lekukotasun batzuen arabera badakigu Fauxtin bentaberrik aski ongi menperatzen zituela Xiberoko dantzen teknika berri horiek eta noizean behinka bere etxean iragaiten ziren jauzi entsaioetan frisat lehiaketak egiten zituztela. Hortik ulertzen ahal dugu baxe nafartar dantzetan antrexata bezalako teknika zonbaiten sartzeko zuen gutizia. Eta posible baldin bada Xiberoaren eraginez toki batzuetan jadanik hasiak zirela antrexata zonbaiten eransten, gauregun argi dago bera izan dela jauzien egiteko molde berri hori pentsatu eta hedatu duena. Teknika horren azalpenean ez baldin bagira sartuko ere, jakin behar da baxe nafartar antrexata ez dela arras Xiberokoa bezala (golpeak aztalen artekoak dira eta ez zango-sagarren artekoak) eta salbuespen bakan batzu bazterrerat utzirik (ebats, luze, lau urrats, ezker airean, aitzina, pika eta ebats, pika luze eta ebats) urrats edo urrats-segida gehienak antrexatez egiten direla. Dantza irakaskuntzaren aldetik eta dantzari zahar batzuk diotenez Fauxtinen usaia zen lehenik jauziak urrats ximplez erakustea eta hau ongi menperatua zelarik antrexaten sartzea. Teknika hunen hedapenaren neurtzeko mementoan erran genezake sekulako arrakasta bildu zuela Garazi aldean eta bereziki Izpuran, Uharte Garazi eta Luzaideko kabalkaden artean. Gauregun ez da bakarrik hiru herri horietan erabiltzen bainan ere Donibane-Garazi, Donazaharre, Arnegi eta Lasako libertimenduetan (gainetik kabalkadarik ez duten herri zonbaitetan ere, hara nola Eiheralarren edo Ezterenzubin, Fauxtinen teknika aski ongi ezaguna da). Gain hunen bukatzeko azpimarratu behar da dantzatzeko molde berri horren epizentrua Garazi aldea dela eta holako fenomenoetan maiz gertatzen den bezala antrexaten erabilpena murrizten edo berdin desagertzen dela zentrotik urrunez geroz (adibidez Baigorrin antrexatak urrats bakar batzutan -zote eta hiru, erdizka eta hiru- sartzen dira).

Dudarik gabe, Fauxtin bentaberriren obraren atal nagusiena egin zituen kreazio edo sortzeetan datza. Gertatzen da bildu duten arrakastaren ondorioz ainitzek ez dakitela Fauxtinen asmakuntzak direla eta (gehiago dena) maiz aurkeztuak direla herrikoi doinu edo dantza bezala. Azken finean oso positiboa baldin bada norbaiten obra herriak beregana zezan, behar dira zenbait aldiz gauzak bere lekuan ezarri eta horren egitera noa. Kreazio horiek hiru klaseetan bana daitezke, kabalkadekin, eskenarekin edota dantzaldiekin lotuak diren arabera. Kabalkaderi dagokienez eta dantza teknikaren aldaketaz gain, Fauxtinen aportazio nagusiena izan zen doinu mota berri baten sartzea: martxak. Denbora hartan, kabalkada edo libertimenduak herriko kaleak zeharkatzen zituelarik bolant-dantza zen baliatzen zen dantza bakarra. Ikusiz koreografia horrekilan ibilaldia zinez emeki aurreratzen zela (gibelerat egiten da aitzinerat bezainbat urrats) beste ibiltzeko molde baten asmatzea deliberatu zuen Fauxtinek. Erran behar da martxa horien urratsak bolant-dantzaren koreografian oinarritua dela (azken hunekilako) desberdintasun garrantzitsuena delarik dantzariak beti aitzinerat jotzen dutela. Musika aldetik seguru baldin bada Fauxtin bera izan dela martxa batzuen egilea (horien artean Antton deitutakoa), pentsatzen ahal da besteen doinuak mende hunen hastapeneko “Quadrille”etarik heldu direla. Egungo egunean martxa horiek Baxe Nafarroaren eremu guztian erabiltzen dira.

Faustin Bentaberri, bolanta
Bolanta. Argazkia: Baionako Euskal Museoa
Beste kreazio mota bat egin zuen Fauxtinek eskenarekin edo ikusgarriekin zerikusteko duena. Jakin behar da memento batez bere fama haundiaren ondorioz, leku guztietatik galdegiten zutela eta bere dantzariekin ikusgarri batzu eman zituela Euskal Herriko beste probintzietan (Miarritze, Baiona, Donostia, Bergara, eta abar), Katalunian (Bartzelonako erakusketa unibertsala) Frantzian (Akize, Egen-en eta Parise) Rumanian eta bai ta ere Londresen. Azken bidai hau egin zuten Violet Alford britainiar foklorista ezagunak (“English Folk Dance Society”ko partaidea) gonbidaturik (1927) eta Albert Hall antzoki ospetsuan agertu ziren Gipuzkoa eta Xiberoko dantzari batzuekin batera (xehetasun bat bezala interesantea da jakitea Londreseko bidai hau Pujana gipuzkoar maixuaren konpainian egin zuela Fauxtinek). Fauxtin Bentaberriren adixkide haundia zen Violet Alford eta zonbeit egonaldi egin zuen jadanik Izpuran Baxe Nafarroako ondare kulturala ikertu nahiz. Europan gaindi eman zituen ikusgarri horien bitartez, antzoki baten kontestuan dantza jauziak bakarrik aurkeztea ez zela oso aproposa ohartu zen Fauxtin eta berehala hasi zen bi dantza berri asmatzen, Euskaldunak eta Sorginak izenen pean ezagunak direnak. Arazo nagusiena zen kanpoko jendentzat dio bat aspergarri dantza jauzi luzeak bere tengabeko inguruko koreografiarekin eta bestalde, eskenatoki batean emanak zirelarik, alde batetik bakarrik ikusiak zirela herriko plaza batean (usaiako ingurumenean) ez bezala. Beraz egiaztapen horiek kontuan harturik, saiatu zen Fauxtin eskenarendako zerbait egitea, urratsak aberastuz eta dantzarien antolamendua edo disposizioa aldatuz. Hain zuzen ere azken aspektu hau da lehenik nabaritzen dena Euskaldunak eta Sorginak ikustean, dantzari guztiak bi lerrotan izanik espazioaren dimentsio bakar batean mugitzen baitira (aitzinerat edo gibelerat, denak norabide berdinean edota buruz buruka). Urratsen aldetik berriz baliatu zuten Fauxtinek Xiberoko dantzen oinarrizko urrats edo puntu zonbeit (hara nola “tombé” edo “zeina”), entrexata, itzul eta jauziekin batera efektu oso ederra lortuz. Musikari dagokionez erran daiteke Lauetan Erdizka jauziaren doinu desberdinak hartuak izan direla eta bat bestearen ondotik ipiniak. Londresko Albert Hall antzokian lehenbiziko aldikotz emanak izan ziren bi dantza horiek sekulako arrakasta bildu zuten dantzarien artean eta gauregun kabalkada gehienek aurkezten dute, Halaere eta kontuan hartuz antrexaten teknika ez dela Baxe Nafarroa guztian hedatua, leku askotan ikusten dira dantza horien bertsio simpletu edo erraztuak.

1936 Faustin Bentaberri orkestra Donibane- Garazi
1936 Faustin Bentaberri bere orkestrarekin Donibane Garazin. Argazkia: Donibane Garaziko Herriko Etxea

Kreazioeri buruzko parte hau ezin genezake buka kontra-dantzak edo kadrilla delakoak aipatu gabe. Jakina denez, joan den mende bukaeratik mende hunen hastapeneraino kadrillak oso hedatuak ziren Euskal Herri guztian (polka, baltsa scottish eta mazurkak bezala). Leku batetik bestera kadrilla horien forma aldatzen zen bai figuren kopuruaren aldetik bai eta ere urratsen aldetik. Adibidez Baxe Nafarroako toki askotan bost figura erabiltzen baldin baziren, Xiberoko zahar batzuek berrogei eta hamar figuraz goiti ikusi dituztela bere probintzian diote. Dakigunaren arabera gauregun ezagutzen ditugun kontra-dantzen lau figuretarik azkena (laugarrena edo “Xilo-Xilo” deitzen dena) oso ezaguna zen jadanik Fauxtinen denboran. Baxe nafartar maixuaren kreazio bat izan zen, aski arin hedatu zena lurralde guzian usaiako bost figureri eransten zena (zaharrak orroitzen dira bost figurak bukatu eta ikusliarrek oihukatzen zutela “Xilo-Xilo”).  Lehenbiziko hiru figureri dagokionez ez dakigu bere dantzarientzat (edo dantzari ttipientzat) asmatu zituenez Fauxtinek ez eta ere oso ezagunak zirenez jenden artean denbora hartan. Halaere iduri du kontra-dantza horiek desberdintasun batzu badituztela lehenago egiten ziren bost figurekin urrats berriak bertan sartu zituelako Fauxtinek (partikulazki antrexata eta fandangoaren beso mugimendu batzu), dudarik gabe euskal kutsu edo aire bat eman nahiz. Musikaren aldetik berriz iduri baldin badu Fauxtin bera izan dela “Xilo-Xilo”-ren kreatzailea ez daiteke esan beste hiru figuren doinuak asmatu zituenez ala ezagutzen zituen doinuen artean hautatu zituenez. Azpimarratu behar da Fauxtinek, bere denborako jendea bezala, bereizketa argi bat egiten zuela kabalkadan eta dantzaldietan emaiten ziren dantzen artean, azken hauek arruntagoak edo berdin arrotzagoak kontsideratuak zirelarik. Gauza horren ulertzeko, kontuan hartu behar da bolantaren pertsonaiak zuen izaera kasik sakratua, jauntzietan, dantzetan eta eskenografian isladatzen zirenak (kabalkadaren dantzak eskenatoki batean aurkezten ziren eta bakarrik dantzariek zuten haren gainean igaiteko eskubidea). Gauregun ere bereizketa horrek bizirik segitzen du bolantek ez baidute sekulan kontra-dantzak egiten txamarra beltz bat ezarri gabe bere jauntzi dirdiratsuaren gainean, zikinatik zaindu nahi balute bezala.

Egilea: Mixel Aurnage (Txistulari aldizkariaren 156. alean argitaratua)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.