Dokumentuaren akzioak
Euskal Herritik Europara: Humboldt 1801
Iaz egin zen ikuskizun honen estreinua, eta aurten aldaketa txiki batzuekin eskainiko da berriz. Kemen dantza taldeko kideak, Joseja Zabalo eta Aritz Lekuona aktoreek eta Txingudi Ikastolako dantzari txikiek parte hartzen dute saioan. Estitxu Mentaberri aktoreak jardun du antzezleak prestatzen eta Aitziber Ubegun-ek egindako gidoiarekin laguntzen. Eneko Lekuonak egindako bi bideok osatzen dute emanaldia.
Euskal Herritik Europara: Humboldt 1801
Euskal Herriaren eta euskaldunon izena eta izana gure mugez gain Europan zehar zabaldu eta ezagutarazteko lehenengo saiakerak zor dizkiogu Humboldti. Euskaldunon begirale zorrotza izan zen, euskal gizartearen antolakuntza, hizkuntza, izaera eta erakundeen berezitasunez ohartu zelarik. Beraz, euskaldunontzat esanahi handiko izena izan beharko lukeen honen atzean aurkitzen dugun ikuskizunak, hainbat espresio elementu bateratuko ditu, modu honetan legegizon eta hizkuntzalari prusiarrak gure herriari eginiko laudorio eta kritikak taularatzen saiatuko garelarik. Beti ere bi adierazpen bide nagusi jorratuz: antzerkia eta dantza.
Hezkuntza arloa
XVII-XVIII. mendeen arteko zubiaren garaiko Euskal Herriaren ikuspegia ematea du helburu lan honek, ordungo egoera eta ohiturak azalduz. Honetarako Wilhem Von Humboldt filologo eta ilustratu Prusiarraren begiak eta bizipenak erabiliko ditugu, berarekin kontaktuan egondako beste hainbat pertsonaia esanguratsuren ekarpenekin batera.
Ikuskizunaren gidoia Humboldt-en "Los vascos" bidai liburuan oinarrituta dago, azalpenen mamirako Los Vascos liburuaz gain beste hainbat iturri erabili direlarik:
- Aita Larramendi; Corografia de Guipuzcoa
- Beatriz Monreal Huegun; Guipuzcoa en escritores y viajeros
- Aita Donostia; Cancionero popular vasco
- J.I. Iztueta; Gipuzkoa'ko dantza gogoangarriak
- Wilhem von Humboldt; Primitivos pobladores de España y lengua vasca
- R.M. Azkue; Cancionero popular vasco
- Xabier Altzibar; Gilen Humboldt (1767-1835)
Antzerki arloa:
Hiru pertsonaia nagusiz osatuta; Humboldt, Bokelmann (bidai laguna), Carolina (Humboldt-en emaztea)...
Antzerkiaren pisua Humboldt-ek berak eramango du 1801ean Euskal Herrira eginiko bidaiaren narrazioa eginez. Bidaian aurkitzen dituen herriak deskribatuz bai eta berak bizitako egoerak zuzenean ikusteko aukera izanez.
Dantza:
Humboldt-ek deskribatzen dituen dantzak plazaratuko dira nagusiki, berak, bere bidaian ikusi edo kokatu zituen herrietan. Beti ere dantzarien partehartze aktiboarekin eta dantzaren bitartez garai hartan gizarteak jasaten zituen bizipenak adieraziz.
Taularatuko diren dantzak, hauek dira; Durangoko Erregelak eta Dantzari Dantza, Gipuzkoako Ezpata dantza eta Brokel Dantza eta Zuberoako Pastorala-Maskarada.
Hauekin batera Gipuzkoako Kuarrentako Erregela eta Maiak daude. Kuarrentako Erregela doinuzaharra, Humboldt-ek jasotako doinuen familiako dantza dugu eta Maiak garaian oso errotuta zegoen ohitura baten azterketaren ondorioz plazaratuko den dantza.
Gainontzeko dantzak berak ematen dituen azalpenekin bat datozen dantzen egokitzapenak ditugu, hala nola arrantzale-dantza eta bateleren dantza.
Musika:
Musika ohi dugun bezala zuzenean izango litzateke, besteak beste txistua, txirula, akordeoi, bibolina, klarinetea, atabala, panderoa eta gaita protagonista izango direlarik. Instrumentu ezberdinen bitartez, ikuslegoa gure kultura eta folklorearen ardatz nagusi izan diren jai, errito eta giro ezberdinetara hurbiltzea lortzen delarik. Zalantzarik gabe lan honetan, aipagarria da baita ere abestiek duten pisua (Erregelak, Maiak etab..), hala nola Humbold-ek herriarekin eta euskal literatura eta hizkuntzalaritzan hain aipagarriak diren Mogel, Astarloa eta beste hainbat jakitunekin izandako hartuemanetatik jasotako doinuekin eginiko lana. Bera kontsidera daitekeelarik euskal folklore biltzaileen aitzindari, XVIII. eta XIX. mende hasierako musikalan eta doinu asko, batez ere dantzakoak (zortziko, kontrapas...) berak jaso zituelako ezagutzen baititugu.
Eszenografia:
Eszenatokia besarkatuz ikuskizunari sinesgarritasuna ematen dion eszenografia kokatuko da, honetan bai herri giroa bai arrantzale giroa erakusten direlarik, ikuskizunaren beharrei egokituz. Argi jokuen bitartez taularatzeari ematen zaion gertutasuna eta espresioa ere aipagarriak dira.
Ikus-entzunezkoak
Eszenatokiaren albo batean kokaturiko pantailan proiektore batez ikuskizunarekin loturiko irudiak aurkezten dira. Bertan filmazioak zein dantzen aurkezpenak agertuko liratekelarik. Modu honetan antzezlanaren gidoia indartzen da eta ikuslearen panoramika zabaldu ere bai.
Wilhem Von Humboldt-en Biografia
Wilhem Freiherr von Humboldt, letra eta estatu gizon ezagunak, irakasteaz gain ikertzea ere helburu duen lehenengo Unibertsitatea sortu zuen. Orduzkeroztik XIX. mendearen ateetan giza ezagutza izugarri zabaltzen da. Wilhelm von Humboldt, Alexanderren anaia zaharrena, 1767ko ekainaren 22an jaio zen Potsdam, Berlinen. Heziketa humanistiko klasikoa jaso zuen, legeak ikasiaz eta Kanten pentsamenduarekin oso lotuaz. 1789an Parisa joan zen bere irakaslearekin Asanblea Nazionalaren saioetan parte hartuz. Hurrengo urtean Weimarren ezagutu zuen bere emazte izango zen Karoline von Dachröden, Schillerrekin ere harremanetan jarri zelarik. 1797tik 1799ra familiarekin berriro itzuli zen Parisa, bertatik Espainia bisitatu zuelarik. Urte hauetan ekin zion euskal hizkuntza aztertzeari. 1802.urtean Estatu Prusiarraren ordezkari gisa Erromara joan zen, bertan 1808rarte geratuaz. Berlina itzuli zenean, prusiar hezkuntza sistemaren erreforma abian jarri zuen Unibertsitate berria sortuz. Ondorenean enbaxadore lanak bete zituen bai Vienan eta baita Londresen ere. 1810. urteaz geroztik Estatu Ministro lanak burutu zituen, gizarte ongizatea askatasun eta norbanakoaren eskubideetan oinarrituz bilatzen zuelarik. Estatuaren lehenengo betebehar gisa norbanakoaren askatasuna babestearen beharra aldarrikatzen zuen. Bere gobernuak Karlsbaden harturiko erabaki gogorrei eginiko erresistentziak 1819. urtean ministro lana uztera eraman zuen. Bere ikerketa filologikoekin jarraituz, euskaraz gain hizkuntza amerikarrak eta mendebaldekoak ikertu zituen, hauen artean sanskritoa esaterako. Wilhelm von Humboldt 1835. urteko apirilaren 8an hil zen Tegelen, Berlinen.
Dokumentuaren akzioak