Dokumentuaren akzioak
Eszenikaren aldeko plataforma: Etapa bukaera
Pasa den apirilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailak jakinarazi zuen Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola datorren 2015-2016 ikasturtean jarriko dela martxan. Antzerkia eta Dantzaren alorreko sektore profesionalaren ia-eremu guztietatik aldarrikatu den eskaerari erantzuna eman zaio horrela. Hain zuzen ere, orain 10 urte batu ginen Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aldeko Plataforman, ondoren Eszenikaren aldeko Plataforma bihurtu zena.
Denbora tarte honetan, Euskadin izan diren Jaurlaritza desberdinen mahai gainean jarri dugu irakaskuntza publikoak eszenaren alorreko lanbide espezialitateei titulazioak eta kalitatezko hezkuntza eskaintzearen premia. Begibistakoa irudi dezake aktore, dantzari, aretoko teknikari edo eszena zuzendari izatea ikasi eta ondoren etengabe bizitza osoan hobetu egin behar den lanbidea dela, beste edozein ogibide bezala, baina ez da erraza gertatu alorreko eskuduntzak dituzten administrazioaren erakundeei horien beharra eta erabilgarritasuna ikustaraztea. Zalantza, duda-muga, aurrerako eta atzerako pauso ugari izan dira urte guzti hauetan.
Konstantziaz eta irmoki landutako etapa baten helburuak betetzeagatik gure burua zoriontzeaz batera, ezin dugu ezkutatu azken txanpa honetan proiektua ez dela partekatua izan. Urteotan, ordainik eskatu gabe, euskal eszenarentzat formazio eredu egokiena definitzen lagundu nahian ideiak, azterketa-lanak eta proiektuak eskaini ditugunok, ezer gutxi dakigu gaur, zentroak izango duen funtzionamenduari buruz, bere hezkuntza proiektuari buruz, apustuaren sakontasunari buruz, epe luzerako asmoei buruz, sinergia asmoei buruz, gure herriko sormen ehunduran txertatzeko estrategiei buruz... Alegia, ezer gutxi dakigu Dantzertiren arimari buruz, ikusi ahal izan ditugun dekretu zirriborroen biluztasunetik haratago. Guretzat, artisten hezkuntzan aritu behar den eskola baten muina teknika batzuen transmisio soila gainditzen duen kontua da. Talentua antzeman, babestu, hazten lagundu eta balio sinboliko handia duen testuinguruan kokatzea da, Antzerkia eta Dantza komunitate baten kulturaren osagai eratzaileak baitira.
Ez dakigu nolakoa izango den eszenarako formazio zentro berria, baina badakigu zer etorri garen aldarrikatzen eta zer defendatzen dugun albora utzi ezinezkotzat:
-
Kalitate altuko heziketa eskainiko duen zentro bat, jarduera profesionalera bideratuko dituena ikasleak, jakinik horrek berezko dituen zailtasun eta eskakizunak.
-
Antolaketa eta pedagogia autonomia izango duena, eta gaitasun eta eskarmentu handiko irakasle taldearekin.
-
Euskal eszenarekin, profesionalekin eta sortze eta ekoizte egiturekin estu lotutakoa.
-
Disziplinartekoa eta joera artistiko garaikideetan txertatua, estetikaren ikerketan arituko den, eta hezkuntza eta sorkuntza eszenikoan diharduten beste nazioarteko zentroekin etengabeko elkarrizketan arituko dena, aldi berean euskal kultura tradizionalaren adierazpen mota desberdinen ikerketan sakonduz eta baliatuz.
-
Komunitatean inplikatuta eta sormena eta Arte Eszenikoekiko zaletasuna sustatzeko gai izango dena, arte hauen praktika eta profesional bokazioak normalizatutako jarduera izan daitezen.
Eszenikaren aldeko plataforma
Dokumentuaren akzioak