Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak El Hierro irlako Amabirjinaren jaitsiera

Dokumentuaren akzioak

El Hierro irlako Amabirjinaren jaitsiera

2009/07/24 10:35
El Hierro irlako Amabirjinaren jaitsiera

Argazkia: Gelmer Finol

1546. urtean, urtarrilean, ekaitza omen zen nagusi El Hierro irla kanariarrean. Zenbait artzain kobazulo batean zeuden babesean. Halako batean ekaitza baretu eta itsasontzi txiki bat azaldu zen kostaldean eta bertan marinel zahar bat. Artzainek ura eta jatekoa eman zioten marinelari eta honek trukean Amabirjinaren irudi bat utzi zien.

Amabirjinaren irudi horri erregu egin ostean jasotako onurak eskertzeko, lau urtean behin, El Hierroko biztanleek irudia kalera ateratzeko botoa egin zuten. Hartara, Dehesako baselizatik goizaldean atera eta irla iparraldetik hegoaldera zeharkatu ostean, Valverde izeneko herrian bukatzen dute erromesaldia, gauez. Amabirjinaren jaitsiera deitzen diote jai horri.

2005. urtean egin zuten azken Amabirjinaren jaitsiera eta lau urte pasata, aurten berritu dute boto hori, uztailaren 4ean. Jai jendetsua izaten da inondik inora, irla guztiko biztanleek parte hartzen dute eta.

El Hierro irlako Amabirjinaren jaitsiera - Amabirjina

Amabirjina "El Corso" izeneko besaulki apaindu batean daramate. Ibilbide luzean zehar (40 bat kilometro), zenbait geldialdi egiten dituzte eta bertan herri ezberdinetako biztanleek laudorioak egiten dizkiote Amabirjinaren irudiari. Maiordomoak joaten dira irudiaren zaindari eta ondoan, hamarnaka dantzari.

1785. urtean dagoeneko badira dantzarien erreferentziak El Hierroko Amabirjinaren jaitsieran. Juan Antonio de Urtusaustegik urte horretako jaitsieraren berri jaso zuen eta dantzarien aipamena egin zuen bertan. Bi gidarik zabaltzen dute taldea (dantzaririk onenak edo zailduenak), ondoren beste dantzari bikote bat, aurrekoak ordezkatuko dituena noizean behin. Ondoren gainontzekoak, eta bukaeran azkenak ("pareja de cola").

El Hierro irlako Amabirjinaren jaitsiera - Dantzariak

Txirula eta danborren doinura egiten dute dantzan, kaskainetak joz. Zuriz janzten dira, kapela koloredun eta zintadunak direlarik haien apaindura nagusia. Bi gidarien artean kokatzen da banderaria eta dantzari talde bakoitzaren aurrean artzainak doaz, dantzariei bidea zabaltzen. Izan ere, artalde gisa irudikatzen dute El Hierron dantzarien taldea.

Jaitsiera egunaren ondotik, hainbat jai egun datoz jarraian, abuztuaren hasieran berriz ere Amabirjinaren irudia Dehesako baselizara igotzen duten arte.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.