Dokumentuaren akzioak
Nobedadeak eta zaharkinak Durangoko azokan

Euskal Dantzarien Biltzarraren standa izan ohi da Durangoko Azokan dantzaren inguruko lan gehien eskaintzen dituena. Aurten ere baziren bertan hainbat nobedade. Batetik, iaz -bigarren aldiz- hasitako Folklorea Euskal Herrian izeneko DVD kolekzioko ale berriak. Iaz lehen bost zenbakiak argitaratu ziren (1, 2, 3, 4 eta 5) eta aurten lau berri aurkitu genituen. Kolekzio honetan tokian tokiko dantza tradizionalak bideoan grabatu eta DVDan argitaratzen dira. Aurten Otsagabia, Zumarraga, Luzaide eta Iurretako dantzen DVDak zeuden salgai EDBren standean.
Musika eta egutegiak
Txistulari elkartearen standean ere aurkitu ditugu dantzaren inguruko hainbat argitalpen interesgarri. Aldizkariaren lehen garaian argitaratu ziren milaka doinuren partiturak lau diskatan bildu ditu Txistulari elkarteak eta Durangon salgai zeuden. Horrekin batera, partitura batzuk paperean modu txukunean zeuden salgai, tartean Gipuzkoako dantzenak, Jose Ignazio Ansorenak moldatutakoak.
Musikari dagokionez Biarritzeko Txistulari Elkarteak grabatu duen CDa aurkitu genuen Agorila disketxean. Iñaki Urtizbereak zuzendutako taldeak Melodies et Danses Basques argitaratu du, eta zenbait fandango eta arin-arin aurki daitezke bertan.
Aurten dantzarien argazkiekin osatutako bi egutegi aurkitu ditugu salgai Durangon. Batetik, Anboto komunikabideek Durangaldeko dantza taldeen argazkiekin osatu dute egutegia. Bestetik, Udalbidek ere dantza argazkiekin prestatu dute egutegia, eta dantzarien erreferentziarik jartzen ez badu ere Irun aldeko dantzariak direla antzeman daiteke.
Berralgitarapenak eta zaharkinak
Udalbide bera tarteko da Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera burutzen ari den lan erraldoi batean. Jose Maria Jimeno Juríoren Obras Completas argitaratzen ari dira, luxuzko kolekzio eder eta zaindu batean. Roldan Jimeno semea ari da zuzentzen 60 liburukitan antolatutako lan eder hori eta Durangon bertan agertu da jendaurrera dantzaren aztergai duen liburukietako bat. Danzas tradicionales de Navarra izeneko liburuan bildu dituzte gai horren inguruan Jose Maria Jimeno Juríok idatzitako lanak.
Durango salmenta puntu oso garrantzitsua da argitaletxe eta banaketa enpresentzat, eta ez bakarrik nobedadeetarako. Kutxetan sartuta dauden hainbat liburu interesgarri ateratzen dituzte urtero Durangon, eta dendetako apaletan inoiz aurkituko ez ditugunak agertzen zaizkigu begien aurrera. Aurten ere izan dira horrelako batzuk dantzaren inguruko liburuetan ere.

Nobedadeak izan ala zaharkinak izan, beti aurkitzen dira dantzaren inguruko hainbat liburu eta diska interesgarri Durangoko Azokan.
Dokumentuaren akzioak