Egia auzoak berezko nortasuna du, elkarte arloan mugimendu handikoa. Bertan, auzoaren etorkizuna markatuko duten hainbat kultur proiektuk bat egiten dute. Alde batetik: Egiako Kultur Etxea auzoarekin oso lotuta dagoen arte eszenikoen sustapen lanagatik nabarmendu da, eta bereziki dantza eta mugimenduaren arteak landu ditu. Dantza programazioan erreferente bihurtu da hirian, bai eta sormen koreografikoa babesten eta sustatzen ere (beste hainbaten artean, Dantzaz Konpainia berak egoitza bertan izan zuen).
Dantzaz Konpainiak dantza herritarrengana orokorrean helarazteko zeregina du, eta horretarako, gizarteari zabalik dauden sormen prozesuak planteatzen ditu, dantza komunitatea lantzeko, eta komunitatea bera hazten eta garatzen jarraitzeko helburuekin. Lehen edizio honetan, Dantzategiak sormen koreografikoko laborategia izan nahi du, lurraldea sormen koreografiko horren elementuetako bat bezala erabiliz. Lurraldearekin batera hazten den eta lurralde horretara egokitzen den koreografia bat. Prozesuan hiri honetan eta ingurune honetan kultura eta artea ulertzeko ezinbesteko entitate baten laguntza eskerga izango dugu: Donostia 2016.
Oinarrizko ideia
Dantzaz Konpainiako dantzariekin batera koreografia sortzea, Egia auzoa bera erabiliz, eta lurraldea bera koreografia horretan integratuz. Sormen prozesua hainbat egunetan garatuko da, dantza aretoan hasiz eta ondoren kalera irtenda, lurraldearekin eta bertako biztanleekin topatuz, hauek prozesu horretan integratzeko eta koreografia garatzen jarraitzeko. Espazioak euren heterogeneotasunagatik aukeratu dira; halaber saiatu gara herritarrekin topo egiten, hauek normalean biltzen diren lekuak eta garaiak bilatuz.
Ez dakigu zein izango den prozesu honen emaitza, eta horixe bera da prozesua hain erakargarria egiten duten ezaugarrietako bat: prozesua emaitzaren aurretik ipintzen da. Gainera, 4 dantzari eta koreografo handi proiektuaren zerbitzura jartzen dira eta proiektua bera diziplina anitzeko egiten dute: DJ-ak, AudioJ-ak, proiekzioak...
Jardun plana
Maiatzaren 31 eta ekainaren 1a bitartean burutuko dira ekintzak Egiako kaleetan eta tokietan, honako egutegi honekin:
Maiatzaren 31
19:00etan emanaldia-performancea Martin Santos Plaza
21:00ean emanaldia-performancea Le Bukowski
Ekainaren 1a
12:30ean emanaldia-performancea Kalkutako Teresa Plaza
18:00etan emanaldia-performancea Egiako pasabidearen sarreran
Horretarako, hilaren 29az geroztik, koreografoek-sortzaileek eta Dantzaz Konpainiak elkarrekin lan egingo dute konpainiak Dantzagunen (Arteleku) duen egoitzan.
Sormen taldea
Frankfurt-eko Forsythe konpainia ospetsuan izan duten esperientzia komunak elkarturik, Jone San Martin buru duen lau dantzariz, koreografoz eta sortzailez osaturiko talde batek burutuko du koreografia sormeneko lan hau proiektuaren benetako protagonistekin batera: Egia auzoa eta Dantzaz Konpainiako dantzariak.
Jone San Martin
Dantzaz Konpainiarekin eta Egia Kultur Etxearekin batera, Donostian jaiotako dantzari eta koreografo hau da ekimen honen sustatzaile eta sortzaile.
Honako konpainia hauetan aritu da: Bartzelonako Balleta, Espainiako Ballet Nazionala, Ulmer Teather, Philippe Talard, Archipel Sud (Belgika), Jose Besprosvany konpainia (Belgika), Jacopo Godani konpainia (Belgika), Charleroi-ko Balleta (Belgika), Ballett Frankfurt -William Forsythe (Alemania). Gaur egin The Forsythe Company-ko dantzaria da. Dantzari gisa, Munich-eko Haus der Kunst Museoan Francis Bacon-en erakusketa inauguratzera gonbidatu zuten, W. Forsythe, Dana Caspersen eta Kristine Burkle-rekin batera. 1999an Parisko Cartier Fundazioan Issey Miyake-ren erakusketarako gonbidatu zuten, Kristina Burkle-rekin batera. 2004an Carlotta Sagna-ren « Tourlourou » koreografiarekin Avignongo Jaialdira gonbidatu zuten. Jone San Martinek Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkarteko Dantzaren IV. Saria eskuratu zuen. 2010eko ekainean Dantzaz Konpainiarako “Gorputitz” koreografia.
Jacopo Godani
Jatorri italiarrekoa, Jacopo Godani dantzari eta koreografoa 1984. urtean hasi zen ballet klasikoa eta dantza modernoko teknikak ikasten La Speziako Studi Danza Zentroan, Loredana Rovagna-ren zuzendaritzapean. Halaber, ikusmen arteetako ikasketak egin zituen Carrarako Arte Ederretako Goi Mailako Eskolan. 1986. urtean Godani Bruselako (Belgika) Maurice Bejart, Mudra, zentroan onartu zuten bere ikasketekin jarraitzeko. Profesionalki Godani-k 1988an egin zuen debuta Parisen egoitza zuten dantza garaikideko hainbat konpainiarekin. Dantzari gisa, nazioarteko koreografo askorekin egin du lan. 1990ean egoitza Bruselan zuela Godanik bere konpainia sortu zuen eta koreografo gisa bere karrera hasi zuen. Bruxelles-eko bere lana Atelier Saint’Anne antzokiak produzitu zuen, eta Bruxelles Arteetako Jaialdiak eta Plateau antzokiak babestu zuten. 1991. eta 2000. urteen artean, Godani Frankfurt-eko William Forsythe Ballet-eko bakarlari nagusia izan zen eta Forsythe-rekin batera lan egin zuen Frankfurt-eko Ballet-aren lan garrantzitsuenetako askoren koreografia sortzen. Gordanik nazioarteko konpainia askorentzako obra originalen koreografo gisa garatu du bere karrera.
Cyril Baldy
9 urterekin hasi zen dantzatzen Toulon-go (Frantzia) Christiane Espitalier dantza zentroan; 1993. urtetik aurrera ikasketekin jarraitu zuen Parisko Conservatoire National de Musique et de Danse kontserbatorioan 4 urtez. 1997. urtean lehen kontratu profesionala lortu zuen eta Le Jeune Ballet de France balletean hasi zen dantzatzen. Urtebete beranduago, 1998. urtean, NDT IIn eta ondoren NDT Ien dantzatzera gonbidatu zuten. 2002. urtean Frankfurt-era (Alemania) joan zen. Lehendabizi Frankfurt Ballet-en lan egin zuen eta, hau itxi ondoren, Forsythe Company-n hasi zen. Bertan ari da 2005. urteaz geroztik. Urte hauetan zehar mundu mailan izen handiko koreografoen lan eta piezatan hartu du parte, eta proiektu independentetan jardun du dantzari eta koreografo ospetsu gisa. Koreografoei laguntzeko aukera eman zioten. Eta azken bi urteetan irakaskuntzarako gero eta interes handiagoa erakutsi du, eskola magistralak emateko aukera edukiz.
Josh Johnson
Kaliforniako (EEBB) Misson Hills-en jaio zen. Eartha Robinson eta Otis Sallid-ekin ikasi zuen, eta Hollywood High School-en aritu zen Kenny Largo-ren zuzendaritzapean. Los Angeleseko Marat Daukayev Ballet eskolan ikasi zuen Karen Mcdonald-ekin. Ailey IIn, Alvin Ailey American Dance Theater-en eta Francesca Harper proiektuan dantzatu zuen. 2010ean Forsythe Konpainiako kide bihurtu zen.