Dokumentuaren akzioak
Dantzategia 2.0 auzoarekin dantzatzen
Egia auzoak berezko nortasuna du, elkarte arloan mugimendu handikoa. Bertan, auzoaren etorkizuna markatuko duten hainbat kultur proiektuk bat
egiten dute. Alde batetik: Egiako Kultur Etxea auzoarekin oso lotuta dagoen arte eszenikoen sustapen lanagatik nabarmendu da, eta bereziki dantza eta mugimenduaren arteak landu ditu. Dantza programazioan erreferente bihurtu da hirian, bai eta sormen koreografikoa babesten eta sustatzen ere (beste hainbaten artean, Dantzaz Konpainia berak egoitza bertan izan zuen).
Dantzaz Konpainiak dantza herritarrengana orokorrean helarazteko zeregina du, eta horretarako, gizarteari zabalik dauden sormen prozesuak planteatzen ditu, dantza komunitatea lantzeko, eta komunitatea bera hazten eta garatzen jarraitzeko helburuekin.
Bigarren edizio honetan, Dantzategia 2.0-k haratago urrats bat emanen du, lurraldearekin bat egiteko, eta Jone San Martinek horrela definitzen du bere proiektua “Gidariak”:
“Gidariak” esperimentu bat da. Dantza gure eguneroko bizitzaren pare kokatzeko saiakera egiten duen esperientzia da. Gure ohiko keinu eta ohiturek eragingo dute dantza: leunki, ohitura horiek gidatuta eta kalean ibiltari bat gehiago balitz bezala bat egiteko xedearekin. Egunero kaleetan barrena egiten ditugun ibilbide eta bidegurutze guztiak egunerokotasun koreografiatu baten moduan antzeman, babestu, partekatu eta lagundu nahi ditugu.”
Dantzategia 2.0: FAQ (Jone San Martinek erantzuten du)
Nola sortu zen ideia?
Iazko esperientziaren ostean, Win Wendersen “Berlin gaineko zerua” filmeko aingeruen irudia etorri zitzaidan burura, eta oinezkoen pasabideak gurutzatzen
dituen jendearentzat aingeru izatearen ideiarekin esperimentatu nahi nuen; ibilbideen, segizioen, “beste aldearen”... metafora bat egin nahi nuen.
Sorkuntzaren jarraibidea pertsona bakoitza kalearen beste aldera pasatzen laguntzeko dantza mota hautatzen saiatzea izango da, zein izango den
distantzia, mugimendua, erritmoa... Eta hori guztia erabateko errespetua gordez egingo da, parodiarik egin gabe eta inor gogaitu gabe; azken batean, erabateko sentsibilitatez behatzea, eta sortzea!
Zergatik arituko gara elkarlanean Iñaki Sagarzazu ile-apaintzailearekin?
Dantzariak desberdin sentitzea, eraldatzea bilatzen nuen, baina norberak bere nortasuna eta naturaltasuna galdu gabe. Iñakik “gidari” horiek sortzen lagunduko digu, orrazkera eta ile-luzapenen bidez.
Soinuak garrantzia izango du?
Jakina. Kaleko soinua, eta zehazkiago, zebra-bideetako soinua protagonista bilakatu nahi dugu, bai eta soinu hori dantzaren, dantzarien... soinuekin
nahastea ere. Horretarako, Mikel Nietorekin batera aritu gara elkarlanean, eta “gidariak” euren zereginean eta ibilbidean girotuko dituen soinu-paisaia sortzen lagunduko digu. Berez, kaleko eraikinak konplize izan daitezen saiatuko gara, eta gurekin batera lan egitea eskatuko diegu, haien ekipoetan guk esandako musika jarriz.
Non egingo da Dantzategia 2.0?
Mandasko Dukearen hiribidean barrena egingo dugu ibilbide koreografikoa, trenaren lurpeko bidetik hasi eta Epaitegien plazaraino. Sorkuntza lan hau publikoari zabalik egongo da erabat hilabete honetako 21ean eta 22an, eta azken aurkezpenak maiatzaren 30ean eta 31n egingo dira; 19:30ean eta 12:30ean, hurrenez hurren.
Zergatik Dantzategia?
Dantzak espazioarekin eta gizartearekin bat egiten eta haiekin harremanetan jartzen saiatuko gara. Erronka sortzailea da guretzat, eta erronka da publikoarentzat ere, biek ohiko ditugun parametroetatik irten behar dugulako, bai guk sortzaile gisa, bai haiek publiko gisa ere.
Jone San Martin
Dantzaz Konpainiarekin eta Egia Kultur Etxearekin batera, Donostian jaiotako dantzari eta koreografo hau da ekimen honen sustatzaile eta sortzaile. Honako konpainia hauetan aritu da: Bartzelonako Balleta, Espainiako Ballet Nazionala, Ulmer Teather, Philippe Talard, Archipel Sud (Belgika), Jose Besprosvany konpainia (Belgika), Jacopo Godani konpainia (Belgika), Charleroi-ko Balleta (Belgika), Ballett Frankfurt -William Forsythe (Alemania).
Gaur egun The Forsythe Company-ko dantzaria da. Dantzari gisa, Munich-eko Haus der Kunst Museoan Francis Bacon-en erakusketa inauguratzera gonbidatu zuten, W. Forsythe, Dana Caspersen eta Kristine Burkle-rekin batera. 1999an Parisko Cartier Fundazioan Issey Miyake-ren erakusketarako gonbidatu zuten, Kristina Burkle-rekin batera. 2004an Carlotta Sagna-ren « Tourlourou » koreografiarekin Avignongo Jaialdira gonbidatu zuten. Jone San Martinek Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkarteko Dantzaren IV. Saria eskuratu zuen. 2013an “Dantzategia” proiektuaren sortzailea izan zen, eta hortik atera zen “Ni Espioi” pieza
Dantzaz Konpainiaren errepertorioan dago, bere obra “Gorputitz” -arekin batera.
Mikel R. Nieto
Donostian jaioa. Artea ikasi du Donostian, Madrilen eta Bartzelonan. Aspaldi, praktika fonografikoan murgilduta dago, eta hortik ateratzen den teorian.
Tailerrak eman ditu hainbat kultur zentroetan eta unibertsitateetan, eta bere lan sonoroak Europan, Amerikan eta Asian entzun izan dira. Hots! Irratia paisai sonoroari dedikaturiko irratiaren ko-koordinatzailea da [www.hots-radio.info], Euskadiko soinumapa taldeko kidea da [www.soinumapa.net] eta mediateletipos
taldean aritzen da [www.mediateletipos.net].
Gaur egun ikerketa proiektu batean ari da, mundu naturala eta mundu artifizialaren arteko mugetan dagoen soinu paisaia, nortasuna, eta entzumenari buruzkoa.
Proiektu honek 2012ko Pompeu Fabra Unibertsitatearen Phonos Beka lortu zuen.
Iñaki Sagarzazu
Oso gaztea zenean ileapainketaren munduan hasi zen, eta bere lehenengo aurkezpen publikoen artean hauexek daude: 1979an, Madrilgo Dama sarian parte harten du, 1980, Parisko Taldekako Munduko txapelketan parte hartzen du, eta 1983an Mejikoko Munduko Txapelketa irabazten du, fantasia estiloan.
Gaur egun Donostitik nazioarte mallan aritzen da galetan eta atelierretan parte hartuz. Bere hitzetan: “ileapainketa ikuspuntu artístico eta sorteable batetik ikusten dut. Pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartuta, estiloak pertsonalizatzen ditut."
Dokumentuaren akzioak