Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzaren hilabetea 2010 Gipuzkoan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren hilabetea 2010 Gipuzkoan

Aste Santuko ikastaroa Artelekun

Dantzarekiko lehen hitzordua, ohi bezala, Aste Santuko ikastaroa izango da (Arteleku, apirilaren 6tik 10era). Marta Ortega irakaslea izango dugu dantza klasikoaren modalitatean (mailak: hasierakoa, ertain/aurreratua eta puntak), Ángela Rodríguez irakaslea dantza garaikidean (mailak: hasierako eta ertain/aurreratua), eta Laura García irakaslea jazz-dantzan (mailak: hasierakoa eta ertain/aurreratua).


Eskolen erakustaldia Lasarte-Orian

'Dantzaren Hilabetea' apirilaren 18an,larunbatarekin, izango da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultura Etxeko agertokian, han izango baita Elkarteko ikasleek eskainiko duten dantza-erakustaldia. Erakustaldia 12,00etan hasiko da. Dantzaren erakustaldi ondo osatua, non Gipuzkoako akademiek urteko uztaren onena aurkeztuko baitute. 16 pieza guztira, bakoitza irakasle batek sortua: horra programa askotariko bat, hala ballet klasikoena nola joerarik modernoenak hartzen dituena.

Apirilaren 23tik 25era OLATU TALKA JAIALDIA egingo dela eta, Donostiak 2016an Europako Kultura Hiriburu izateko aurkeztu zuen hautagaitzari laguntzeko, Dantza Kalean izeneko jarduera eta Kontxako Barandillan egin ohi den Barra Klasikoko Erakustaldia ere sartuko dira jaialdi honetan egingo diren 69  jardueren artean.


Dantza Kalean Udaletxeko Terrazan

Udaletxeko terrazan Dantza Kaleanen laugarren edizioa izango da apirilaren 24an,  eguerdiko 12etan. Jazz-dantza, funky eta dantza garaikidearen erakustaldia egingo da aire zabalean, hiritarrek dantza-gozaldian parte har dezaten asmoz.


Barra Klasikoko erakustaldia Kontxako barandillan

1997an lehen aldiz egin zenetik, hitzordu ezinbesteko eta jendetsuenetako bat bihurtu da Kontxako Barandillako barra klasikoko erakustaldia, 'Dantzaren Hilabetea'n diren jardueren artean. Azken edizioan Urumea ibaiaren bokalean egin zen, Kontxako Pasealekuko lanak zirela eta, baina aurten jarduera hori bere ohiko ingurunera itzuliko da. Hitzordua apirilaren 25ean izango da, eguerdiko 12etan, 9 eta 12 urte arteko dantzari gazteentzat; eta  12,45etan, berriz, beste dantzari guztientzat. Kontxako barandilla ingurutzat hartuta, ikasle eta irakasleek kalera aldatuko dute ohiko barra-ikastaldia. Dantzari egiten zaion omenaldia izateaz gainera, Elkartearen ekimen horrek arreta erakarri nahi du artediziplina hain babesgabe horren bizitasunaren berri emanez, jaiak duen aldarrikapen-izaerari eutsiz
betiere.


VIII. Dantza sariak

'VIII. Dantza Sariak' ematea. Donostiako Antzoki Zaharrean izango da 'Dantza Sariak' jardueraren zortzigarren edizioa. Maiatzaren 1ean, larunbatarekin, eguerdiko 12etan, sariak emateko ekitaldia izango da, UNESCOk Dantzaren jaia dela eta prestatu duen manifestua irakurtzearekin batera.

Dantza sariak

  • Jon Vallejo (Dresdengo Operako Balleteko bakarlaria), Errebelazio Saria
  • Mónica Zamora (Birmingham Royal Ballet-eko Dantzari Nagusi ohia), Arte Ibilbidearen Saria.

 

XIV. Dantzaren Nazioarteko Eguneko Gala

'Dantzaren Hilabetea'ren amaiera-ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da. Donostia Kulturak antolaturik, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin lankidetzan, maiatzaren 2an, igandearekin, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala izango da (19,30etan). Hamalaugarren edizioan, ikuskizunak arte eszeniko honen estilo sorta zabalaren erakusgarri izan nahi du. Hori dela eta, etortzen direnek era guztietako piezak ikusteko aukera izango dute, hasi bariazio klasiko eta neoklasikoetatik, eta dantza garaikideko estilo modernoetaraino, psikodantza edo klakea barne, bai eta dantza tradizionalaren eraberritzea ere, euskal neofolklorearen bidez. Galan, Santamaría Compañía de Danza (Juan Carlos Santamaría, 2008ko Dantza Sari Nazionala), Ballet Biarritz, Aukeran, Kukai, Verdini Dantza Taldea, Tapeplas, Dantzaz, Acroindar taldeek jardungo dute. Konpainia horiek guztiek jarduteaz gainera, Alicia Amatriain izango da protagonista ikuskizunean, Sttugart-eko Ballet-eko Dantzari Nagusia, eta halaxe eskertuko die Donostiako Udalari eta Elkarteari Dantza Sari Nazionalerako hautagai izan zedin eskaini zioten laguntza. Amatriainek Jason Reilly izango du dantza-lagun, Sttugart-eko Ballet-eko Dantzari Nagusia. Saioan, dantzari eta konpainia profesionalen emanaldiak ikusiz gozatu ahal izango dute ikusleek, hala parte hartuz egingo baitiote omen denek beren arte-diziplinari, 'Dantzaren Nazioarteko Eguna' dela eta.
Dantzaren Nazioarteko Eguneko XIV. Galarako sarrerak (10€, 8€, 6€) salgai daude dagoeneko Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Nagusiko leihatiletan, bai eta Kutxaren ohiko erosbideetan ere (Telekutxa, Servikutxa eta kutxa.net).

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea

Gure eskoletako irakasle eta ikasleentzako ikastaroak antolatzea. Horra gure Elkartea –irabaziasmorik gabeko erakundea– sortzea ekarri zuen zio nagusia, 1982ko urtean. Pixkanaka, indarra hartuz joan zen, eta era guztietako jarduerei ekin zien, dantza-estilo guztien ezagutza bultzatzeko.  Jardueren helburua dantza alorreko arte-bizitza dinamizatzea da, hala irakaskuntzan nola sorkuntzan, eta irakasleei irakaskuntza-metodo berriak ezagutzeko aukera ematea, bai eta nazioartean ospea duten beste profesional batzuekin harremanetan jartzea ere. Dantzaren alorrean duen zereginaz jabeturik, 1996an Elkartea zenbait jarduera antolatzen hasi zen Dantzaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 29a) ospatzeko. Jarduera haien ondorioz etorri zen 'Dantzaren Hilabetea' deritzana, apirilean izaten ziren dantzarekiko hitzordu haien guztien hedadura ikusirik. Gipuzkoako zenbait herrik hartu dituzte Elkartearen jarduerak urteotan zehar: Irun, Tolosa, Lasarte-Oria, Andoain eta Donostia. Donostia da protagonista, hain zuzen, irudi gero eta ezagunago horretan: ehunka dantzari barra egiten Kontxako barandillan; horrez gainera, kalean egiten diren dantza jazz-garaikidearen erakustaldi jendetsuak edo Antzoki Zaharreko Dantza Sariak. Hasieran Miguel Orbelzu lehendakariak eta bederatzi bazkidek osatutako Elkarte hark berrogeita hamar kidetik gora ditu gaur egun, dantzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako profesionalak: irakasleak, koreografoak, dantzariak, fisioterapeutak eta kazetariak. Bazkide talde askotarikoa osatzen dute denek ere, dantzaren alderako maitasun zinezkoa bultzagarri dutela.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.