Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzaren hilabetea

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren hilabetea

2005/03/31 18:01

Apirilaren 29a, Jean-Georges Noverre (1727-1810) koreografoa, dantza modernoaren aitzindaria, jaio zen eguna, aukeratu zuen 1982an UNESCOk Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko eguna. Erakunde horrek munduko herrialde guztietako dantza mota guztiak babesten ditu modu ofizialean, Dantzaren Nazioarteko Batzordearen bidez. 1996tik, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak jaiegun hori oroitzeko ekitaldiak antolatu ditu; horrenbestez, aurtengoa izango da jardueren egitaraua antolatzen dugun hamargarren aldia, beren lanbidea omentzeko helburua duena.

Aurtengo ‘Dantzaren Hilabetea’ ohiko Aste Santuko ikastaroarekin (Artelekun, martxoaren 29tik apirilaren 2 arte) hasiko dugu. Evandra Martins irakaslea, dantza klasikoaren alorrean (hastapen-maila, erdikoa eta aurreratua ikastaroak), eta Miryam Benedited, telebistako “Un paso adelante” telesaileko irakasle eta koreografoa, dantza-jazz alorrean (hastapen-maila, erdi maila/aurreratua eta mintegi koreografikoa irakasten) irakaslea izango ditugu gurekin.

Apirilaren 9an, larunbatean, Lasarte-Oriako “Manuel Lecuona” Kultur Etxean egingo dugu Elkarteko ikasleek eskainiko duten dantza erakusketa. Ekitaldia 12,00etan hasiko da. Dantza erakusketa zehatza izango da eta Gipuzkoako akademiek urteko beren lanaren zatirik onena eskainiko digute. 11 lan ikusi ahalko ditugu guztira, beste horrenbeste irakaslek sortu dituztenak. Egitarau heterodoxoa izango da, eta baletik klasikoenetik hasi, eta joerarik modernoenak ere ikusgai izango ditugu.

Bestalde, apirilaren 16an, larunbatean, Andoaingo “Bastero” Antzokian, lehen aldiz, Dantzaren Nazioarteko Egunaren IX. Gala (20,00etan) izango dugu ikusgai. Bederatzigarren gala horretan, arte eszenikoaren estilo ugariak ikusi ahal izango ditugu bertako ikuskizunean. Hori dela eta, ikusleek oso lan heterogeneoak ikusi ahal izango dituzte: bariazio klasiko edo neoklasikoetatik hasi, eta dantza garaikideko estilo modernoak edo jazz-hip hop arte, egun tangoak bizi duen gorakada eta euskal neofolklorearekin dantza tradizionalaren suspertzearekin batera. Ordubete iraungo duen ikuskizuna izango da eta ikusleek dantzarekin eta konpainia profesionalen emanaldiarekin gozatzeko aukera izango dute. Era berean, guztiek, beren parte hartzearekin, beren diziplina artistikoa omenduko dute, “Dantzaren Nazioarteko Eguna” dela eta.

1997an, lehen aldiz egin genuenetik, Kontxako barandan egin ohi dugun barra klasikoaren erakustaldia “Dantzaren Hilabetea” egin ohi ditugun jardunaldi guztien artean jende gehien elkartzen duenetariko bat da eta joan beharreko hitzordua bihurtu da. Aurten, apirilaren 24an, igandean, egingo dugu, 12,00etan hasita; lehenengo, dantzari gazteenek, 6 eta 10 urte artekoek, eskainiko dute beren ikuskizuna; eta jarraian, 12,30ean, gainerako dantzariek. Kontxako badia testuinguru gisa hartuta, irakasleek eta ikasleek Donostiako barandarik ezagunenera eramango dute beren ohiko barra eskola egun batez bada ere. Dantzari bihotz-bihotzez omenaldia egiteaz gain, Elkartearen helburua babes gutxi duen diziplina artistiko horren existentziaren eta bizitasunaren arreta piztea da, jaiak duen izaera aldarrikatzaile sakona galdu gabe. Aurten, beste komunitate autonomo batzuetako dantzariekin eta Logroñoko Dantza Etxeko dantzarien parte hartzearekin joan den urtean ezarri genuen ekimena berritu nahi dugu. Horrela, elkarteek hainbat komunitate autonomotatik etorritako dantza kolektiboen arteko loturak indartzen lagunduko dute.

“Dantzaren Hilabetearen” itxiera ekitaldia III. Dantza Sarien banaketa izango da. Donostiako Udaleko Ekitaldi Aretoan “Dantzaren Sariak” izeneko ekitaldiaren hirugarren aldia egingo dugu; garaikur horien helburua dantzari eta Elkarteari, haren hogei urteko ibilbidean, beren babesa eman izanagatik gailendu diren erakundeen eta banakoen lana eskertzea da. Apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Egunean, eguerdiko 12,00etan, emango ditugu aipatutako sariak eta UNESCOk jai horren inguruan idatzitako adierazpena irakurriko du. Horrekin amaituko dugu “Dantzaren Hilabete” honetako jardunaldien egitaraua. Elkarteak aurten bideratuko duen berrikuntza nagusia ekitaldi hori nahi duten guztientzat zabalik egongo dela da, dantza maite duten guztiekin ospatu nahi baitugu “Dantzaren Nazioarteko Egunaren” jaia.

DANTZAREN NAZIOARTEKO EGUNAREN (DID) ADIERAZPENA GIPUZKOAN

Ospatzeko, omenaldia egiteko eta Dantzarekin gozatzeko hogeita hamar egun. Irakaskuntzan eta kultura eskaintzan arte eszenikoa aldarrikatzeko hogeita hamar egun. Motibazio horrekin sortu zen “Dantzaren Hilabetea”. Hain zuzen ere, hauxe da Gipuzkoako Dantzaren Profesionalen Elkarteak apirilaren 29an ospatuko duen Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta jardueren egitaraua prestatu duen hamargarren aldia. Hamar urtetan, hainbat proiektuk eta ilusiok emaitza onak izan dituzte, eta beste ekimen batzuk, berriz, ahaztuta geratu dira. Eskerrak eman beharrean gaude jaialdiaren sorreran eta hori zabaltzen lagundu duten guztiei, ideien eta ahaleginen ekarpena eginez, ekimenez betetako hilabetean zehar, jatorriz ospakizun xume bilakatzea ahalbidetu duten guztiei. Eskerrik asko baita ere parte-hartze eta bertaratzearen bidez antolatzaileen etengabeko ahalegina berrestu duten ikasle, dantzari, irakasle eta publikoari. Egiazki, hamarkada batean, Dantzaren egoera nabarmen aldatu da. Ez dugu egoeraren ikuspegi apokaliptikoa eman nahi, nahiz eta oraindik lan ugari egin beharreko eremua izan. Zalantzarik gabe, erakundeek, Asoziazioak eta Dantzarekin konpromisoa hartutako gainerako adituek elkarrekin egin beharko duten zeregina da hori. Baina ez ditzagun gertaerak aurreratu; ospakizunean gaude. Hemen eta “Dantzaren Hilabetearen” edozein ekimenetan egon izana eskertu nahi dizuegu hoberen egiten dakigun moduan: dantzan.

GIPUZKOAKO DANTZA PROFESIONALEN ELKARTEA 2004an

Aurreko bi urteotan egin dugun lana indartzea izan zen egungo Zuzendaritza Batzordearen laneko ildo nagusia 2004an. Aipatutako Batzordeko presidentea Josu Mujika da eta bere agintaldiko azken urtean dago. Alde batetik, aurreko Zuzendaritzak utzitako lekukoa bere egin zuen eta Eguberrietan eta Aste Santuetan antolatu ohi ditugun ikastaroekin aurrera jarraitu genuen- hori zela eta sortu zen, bere garaian, Elkarte hau- eta “Dantzaren Nazioarteko Eguneko” ospakizun jardunaldiak ere antolatu genituen, apirilean jarduera horiek izango zuten kantitatean eta luzapenean oinarrituta.

Bestalde, Zuzendaritza Batzorde honek aurretik abian zeuden harremanak estutu zituen erakunde publikoekin: Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako Udalarekin, Egiazko Mugaz Gaindiko Zentro Koreografikoarekin eta Dantza Profesionalen Elkarteen Espainiako Federazioarekin. Elkarteak, horrez gain, Euskadiko Erakusketa Koreografikoen parte hartuko zutenak aukeratzen (2004ko apirilean) eta Kultur Euskal Plan aurketzen parte hartu zuen. Aipatutako bi jarduera horiek Eusko Jaurlaritzak sustatukoak izan ziren.

Egun, hasiera batean Miguel Orbelzu buru zuen eta bederatzi kidek osatzen zuten Elkarte hark berrogeita hamar bazkide ditu, eta dantza munduarekin lotura duten profesional ugari biltzen du: irakasleak, koreografoak, dantzariak, fisioterapeutak, eta kazetariak. Horiek dira, hain zuzen ere, kideen talde heterogeneo hau osatzen dutenak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.