Dokumentuaren akzioak
Dantzaren bitakora 2011
Euskaldun/en/ekin/gabe jaialdiak
Izarren jaialdien formatuak indarrez jarraitzen du. Donostiako Victoria Eugenia antzokian "‘Alicia y las maravillas del ballet’ gala jaso zuen apirilaren 2an eta 3an, Alicia Amatriain, Stuttgart-eko Balleteko dantzari nagusia protagonista zuela. Igor Yebra bilbotarra, Bordeleko Operako Balleteko izarrak, gala eredua ballet osoarengatik aldatu zuen, eta ‘Giselle’-n barneratu zen, Lituaniako Ballet Nazioanalarekin eta Oxana Kucheruk bikote zuela, pasa den apirilean 29an eta 30ean, Bilboko Campos Eliseos antzokian.
Udan, Asociación Bilbao Ballet Elkarteak antolatzen duen "Euskaldunak eta dantza" gala sendotuak, kaleak hartu zituen eta 9.000 ikusle liluratu zituen Abandoibarrako zabalgunean, Bilboko Aste Nagusiaren baitan. Abuztuaren 27an burutu zen seigarren ekitaldian Itziar Mendizabal, Londreseko Royal Balleteko lehen bakarlaria, eta Iker Murillo, Basel Ballet bakarlaria nabarmendu ziren. Bi hilabete beranduago, Bilboko Euskalduna Jauregiko entzutegian burutu zen "Euskaldunak eta dantza" 7. jaialdia. Bertan, "Kai" ekoizpenaren erabateko estreinaldia egin zen, ‘Lau teilatu’ eta ‘Baga biga higa’ doinuekin, Jon Ugarrizaren koreografiarekin, eta Royal Balleteko Itziar Mendizabal eta Johannes Stepanek bikotearekin. Gainera, Javier Amo bilbotarra, Munich-eko Operako Balleteko lehen bakarlariak, lehen aldiz etxean dantzatzeko aukera izan zuen urriaren 29 horretan.
Errusiar Balletaren galan, Espainia-Errusia bitako urtea itxi zuen ekitaldian, munduko ballet konpainia onenetakoak diren Bolshoi eta Mariinsky konpainietako dantzari errusiar bikainenak bildu zituen. Madrileko Erret Antzokian izan zen ikuskizuna, abenduaren 5ean.
Sarituak
Lucia Lakarra, Munich-eko Operako Balleteko dantzari nagusiak ikusleen saria jaso zuen San Petersbrugoko "Dance Open" jaialdian, Marlon Dino lagun zuela, joan berria den Roland Petit-ek egindako "Thais" bikote dantzaren koreografiarekin. Apirilaren 4an jaso zuen saria dantzari gipuzkoarrak.
Gipuzkoako Dantza Profesionalekin Elkarteak 9. ekitaldiko sariak eman zituen. Monte-Carloko Balletetako Asier Edesok jaso zuen 2011ko Errebelazio Saria eta Maria Teresa Fagoaga irakasleak jaso zuen dedikazioaren saria. Ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean burutu zen apirilaren 30ean.
Handi bati agurra
Roland Petit (1924-2011) koreografo emankorrak uztailaren 10ean hil zen, Suitzan, Genevan. Berrehun ballets inguruk osatutako errepertorio zabala utzi zuen, paper dramatikoen sorkuntza nabarmenduz bere lana. Bere lanen artean aipatzekoa kdira ‘Le jeune homme et la mort’ (1946), ‘Carmen’ (1949) ‘Notre dame de Paris’ (1965) edo ‘Pink Floyd Ballet’ (1972), besteak beste. Lucia Lakarra euskal dantzariaren ibilbide oparoan funtsezko bultzatzailea izan zen Petit, Marsellan gidatzen zuen Ballet konpainiara eraman, eta bertan lehen dantzari bihurtu baitzuen, bere ibilbideko lehen sariak eskuratuz.
Bi errelebu
Pariseko Garnier Jauregiak bere izarretako bati agur esan zion. Jose Carlos Martínez, Étoile du Ballet de la Ópera de Paris, ‘Les Enfants du Paradis’ lanarekin agurtu zen. Lan horrekin berarekin eskuratu zuen Benois de la Danse saria bere garaian. 1988tik bere etxea izan da GArnier jauregia eta 1997tik izar dantzaria izan da bertan. Madrilen erronka berria zuen zain eta horretan dihardu orain: Compañía Nacional de Danza-ren zuzendaritza. Hain zuzen ere, CND Jose Carlos Martínez buru duela eta Sara Baras-en laguntzarekin, Eguberriak zoriontzen ari da telebista iragarki ezagun batekin. Bestalde, Antonio Najarrok bere konpainia desegin du, Espainiako Ballet Nacionalaz arduratzeko, eta horrekin bi konpainia nazionaletan errelebua burutu da.
Emanaldi handietarako lau eszenatoki
Beste ezein eszenatoki gutxiesteko asmorik gabe, Arriaga (Bilbo) eta Victoria Eugenia (Donostia) antzokiak, eta Kursaal (Donostia) eta Euskalduna (Bilbo) entzutegiak, urte honetako ikuskizun handi batzuk jaso dituzte: Malandain Ballet Biarritz Euskadiko Okrestra Sinfonikoarekin (‘Magifique’, Kursaal, otsailak 17), La La La Human Steps eta Diana Vishneva errusiar izarra (‘New work by Édouard Lock’, Arriaga, martxoak 4), Compañía Nacional de Danza (‘Noodles’, ‘Gnawa’ eta ‘White darkness’, Arriaga, apirilak 15), Eifman Ballet (‘Onegin’, Victoria Eugenia, maiatzak 21 eta ‘Tchaikovsky’, Euskalduna, maiatzak 24), Compagnie Thor (‘To the ones I love’, Victoria Eugenia, abuztuak 16), Genevako Antzoki Handiko Balleta (‘Romeo eta Julieta’, Kursaal, abuztuak 20) eta Ballet Nacional de Cuba (‘Beltxargen aintzira’, Kursaal, azaroak 26 eta ‘Errauskine’, Euskalduna, azaroak 27).
Elkartasunaren eremu bat
Verdini Dantza Taldea konpainia donostiarrak laster beteko ditu bi hamarkada bere sorreratik. Aurten, Isabel Verdiniren ekimena, besteak beste Zinema eta Giza Eskubideak jaialdian aritu da (Victoria Eugenia, apirilak 9), “Dantzaria naiz /Soy bailarin” ikuskizunarekin.
Euskal dantza tradizionalaren bizitasuna
Bai lengoaia garaikidearekin bide berriak bilatzeko asmoarekin –Kukairen ‘Karrikan’ (maiatzak 13) edo Aukeran-en ‘Burnia’ (ekainak 9)-, bai eredu tradizionalagoan –Argiaren ‘Aunitz urtez’ (urriak 16)- edo umeei zuzenduta –Kresalaren ‘Buba’ (abenduak 26)-, euskal dantza tradizionala bizitasuna erakutsi du 2011n zehar.
Balio berrientzat lehiaketa
Dantzari gazteen hainbat lehiaketa burutu dira Espainiako geografia osoan. “Tiempo de Danza” 3. saria (Victor Villegas entzutegia, Murtzia, maiatzak 28) edo Bilbo Hiria Dantzari Gazteen 6. Lehiaketa (Euskaldunak A-1 aretoa, Bilbo, abenduak 10), besteak beste.
Hauek dira azken 365 egunotan agertutako albisteetako batzuk, ohar pertsonal modura jasotakok, eta protagonistatzat euskal eta espainiar dantzari eta koreografoak dituztenak. Guztiak islatuta izan dira komunikabideetan. Krisiak ez diezagun 2012 mingostu eta albiste onez beteta eta letra larriz idatzitako DANTZAZ beteta izan dezagula.
Eguberri on eta urte berri on!
Dokumentuaren akzioak