Dokumentuaren akzioak
Dantzan Bilaka 2014: Koreografiak sortzeko prozesuak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultur Sailak urteak daramatza Dantza laguntzeko programak sustatzen. Dantzan Bilaka programa hau, zehazki, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberriei zuzenduta dago. Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako dirulaguntza deialdia egiten da urtero. Dirulaguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan.
Dantzan Bilaka programak euskal sortzaileen elkarrizketarako eta gogoetarako topaleku izan nahi du, koreografia-lanak sortzerakoan izaten dituzten kezkak eta zalantzak aztertzeko. Zortzi hilabetean, koreografoek eta partaideek hainbat lan-topaketa egiten dituzte, sortzaileak eta sorkuntza-prozesuaren aldi desberdinak aurrez aurre jartzeko. Talde-gogoetarako espazio bat sortu nahi da horrela, sormen-prozesuetan funtsezkoak diren tresnez eztabaidatzeko, partaide bakoitzaren proiektua garatzen laguntzeko, eta partaideak egile eta sortzaile burujabe bihurtzeko. Hala, proiektuak aurkezteko topaketa bat egingo da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua, bere ideiak, proiektua zer fasetan dagoen, nondik eta nola lan egin nahi duen eta abar azalduko du. Gero, hirugarren topaketa bat egingo da, lanak eszenaratzeko, prozesuaren edozein fasetan egonda ere. Garrantzi handiko unea da hori, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, hasierako ideiak gauzatzen hasten direlako; bestetik, ideia horiek talde osoarekin (koreografo, dantzari, teknikari, musikari eta bestelako laguntzaileekin) partekatzeko aukera eskaintzen zaielako.
Irailean, proiektu bakoitzak dituen behar teknikoak aztertuko dira lan-aste batean. Egun horietan, koreografoei aukera emango zaie nork bere lanerako diseinatutako argiztapena eta soinua saiatzeko eta lana bera eszenaratzeko, teknikoki behar bezala hornitutako areto batean. Azkenik, prozesu honi amaiera emateko, Dantzan Bilaka programaren zortzigarren ekitaldi honetan parte hartu duten bederatzi koreografoen lanak Euskadiko hiru hiriburuetako formatu desberdineko espazioetan jarriko dira ikusgai. Aurten hiru gunetan erakutsiko dira: horietako hiru italiar erako antzoki batean (Gazteszena, Donostia) eta beste lau AlhóndigaBilbaon. Azken gune horretan, koreografo bakoitzak bere lan-proposamenerako espaziorik egokiena aukeratu du. Eta beste hiru, berriz, Gasteizko Baratza Aretoan ikusi ahal izango dira. Gune bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, oso desberdinak, eta horien araberakoak izango dira lan mota, ikusleekiko harremana, argiztapena, soinu kalitatea... Koreografo bakoitzak bere modura ulertzen du, noski, lana “erakusteko”, bere sorkuntza-prozesua ikusarazteko eta ingurunean kokatzeko modua. Aurtengo egitarauan, iaz bezala, Gogoeta Jardunaldi bat izango dugu. Jardunaldi horretara Isabel de Naveran ikertzailea eta teorikoa gonbidatuko dugu (Arte Ederretan doktorea eta Arteako ikertzailea, www.arte-a.org), aurkezturiko lanei buruzko iritziak partekatzeko.
Gogoeta Jardunaldiaren helburua honako hau da: Dantzan Bilaka-ko parte-hartzaileek beren proposamenen inguruan diskurtsoa egituratzeko aukera izateko eta lanbide-bizitzako etorkizuneko egoeretan beraien buruarekin kritikoak izateko, azterketarako marko egoki bat sortzea.
Horrenbestez, Dantzan Bilaka programaren zortziazpigarren ekitaldi honetan aurkeztutako koreografia-proposamen askotarikoak jarrera irekiarekin jasotzeko gonbita egin nahi diegu ikusle guztiei.
Dantzari laguntza
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultur Sailak dantza sustatzeko diru-laguntza deialdi bat egiten du urtero, honako modalitate hauekin: Sorkuntza koreografikoa, Konpainiak sendotzea Dantza ekoizpena, eta profesionalentzako Prestakuntza eta laguntza (Gainera Etxepare institutuak Euskal herritik kanpoko birak egiteko diru-laguntzak ematen ditu) Formakuntza eta Zabalpena.
Dantzarako diru-laguntza deialdiaren helburuak hauexek dira:
- Beren aktibitatea Euskadin garatzen duten koreografo eta konpainien SORKUNTZA sustatzea.
- Sektore honetan egiten diren PROFESIONALIZAZIO ahaleginetan laguntzea, ahal delarik.
- Dantzako Profesionalen Etengabeko PRESTAKUNTZAko ekimenak sustatzea baita beren jardueretarako bestelako laguntza zerbitzueak ere.
Gainera, bestelako diru-laguntza bideetatik , entitate kolektibo edota profil berezia duten beste ekimen batzuk laguntzan dira. Hala nola: ’Adde-Euskal herriko Dantza profesionalen Elkartea’, ‘Euskal Dantzarien Biltzarra’, ‘Dantzaz’ –inserzio profesionaleko konpainia; ‘La Fundición’; Dantzan.com; ‘Azala’; Muelle 3; ‘Elai-Alai – Portugalete-ko folklore jaialdia, eta abar. etc.
Hala eta guztiz ere, sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, dantzaren munduaren ahultasunik nabarmenena lanen difusioarena da (zirkuitua). Horixe da hain zuzen ere ‘Dantza’ programaren ekintzek landu nahi duten alorra.
Dantza Programa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren Dantza programaren bitartez, Euskadin dantza zabaltzea du helburu baita gero eta publiko gehiagok, sortzaile eta dantzariekin batera, mintzaira eszeniko berriak esploratu eta erakusteko grinaz parte hartzea ere.
Programaren zabalkunde ekintzek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urtero egiten duen diru-laguntza deialdiaren osagarriak dira. Lagundutako proiektuek zabalkunderako laguntza ere jasotzen dute: aipaturiko ‘Dantzan Bilaka’-ren jardueraz gain, ondorengo ekintza hauen bitartez:
1. Dferia – Dantzan (Ekoizpen profesionalak)
Dantza sustapenerako programa orokorraren barruan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak “dferia-DANTZAN” programa espezifikoa bultzatzen du, non, dFeriaren barruan, Dantzarako programa berezia antolatzen baita.
Honela ere jarraipena ematen diogu 2001 eta 2009 urteen bitartean antolatzen zen ‘Dantzarako Plataforma’ programari, Feriaren edizio batzuetan zehar antolatutakoa.
Marka honekin “dFeria-DANTZAN”, aurten 7 dantza lan aurkeztu dira Donostian Feriaren barruan, hain zuzen:
- ‘Hautsa’, Parasite Kolektiboa
- ‘Madifathinka (Ekaitz magikoa)’, Ertza
- ‘Karaoke (Vacío de orquesta)’, Cielo Raso
- ‘Hooked’, Lasala
- ‘Self’, Matxalen Bilbao
- ‘Mugakoa’, Dantzaz Konpainia
- ‘Geltokia’, Aukeran Dantza Konpainia
Dantza konpainiek Euskadin nahiz kanpoan beren produkzioak erakusteko egiten duten esfortzua lagundu nahi du dFeria-DANTZAN. Alde horretatik, programatzaileentzako erakustoki egokia da egungo Euskadiko dantzaren ikuspegi orokorra izateko.
2. Dantza Zirkuitua (Ekoizpen profesionalak)
Dantza Zirkuituak behar zehatz bati erantzun nahi dio; alegia, formatu txiki eta erdiko produkzioak erakusteko espazio egonkorren eskasia dela-eta, sektoreko profesionalek eta zaletuek duten kezka bati aterabide bat ematea, baita honelako ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea ere. Zirkuituaren hamargarren edizioa urtarrila eta abenduaren bitartean ospatzen da aurten.
Dantza Zirkuituaren X. edizioa urtarrila eta abendua bitartean izango da honako toki hauetan: Vitoria-Gasteiz, Dulantzi, Zornotza-Amorebieta, Barakaldo, Basauri, Durango, Elorrio, Galdakao, Gernika, Leioa, Sopelana, Andoain, Arrasate, Azpeitia, Donostia, Eibar, Hondarribia, Irun, Lasarte, Tolosa eta Errenteria.
Azpimarratzekoa da urte bakoitzean programaturiko ikuskizun kopuruaren inguruko datua: lehen edizioan dozena erdi izan ziren eta edizio honetarako 60 aurreikusten dira. Datu horiek, zalantzarik gabe, antolatzaileen eta parte-hartzaileen Dantzarekiko konpromisoa eta inplikazioa islatzen dute. Atseginez esan dezakegu publikoaren erantzunak eta inplikazioak joera positibo hori baieztatzen dutela.
LANAK
Programazioa
AlhóndigaBilbao. Urriak 10, 20.00
María Ibarretxe "PINK FLAMINGOS, CRAZY HORSES" (CAC 1º planta)
Izaskun Lapaza "EHUNDURAK" (CAC 1º planta)
David Guerra García "OUTLINE" (Lucernario del atrio)
Atxarte Lz. De Munain "K-T" (CAC 1º planta)
Baratza, Vitoria-Gasteiz. Urriak 12, 19.00
Amparo Badiola "AMALABA (PALABRAS INVISIBLES)"
María Ibarretxe "PINK FLAMINGOS, CRAZY HORSES"
Idurre Azkue "BAILAR POR BAILAR"
Gazteszena, Donostia-San Sebastián. Urriak 19, 19.00
Ziomara Hormaetxe "SYMBIOSIS"
Judith Argómaniz "HOOKED"
María Martín-Judit Ruiz " …TO BE CONTINUED…"
Informazioa: Dantzan Bilaka 2014 (Eusko Jaurlaritza)
Dokumentuaren akzioak