Dokumentuaren akzioak
Dantza soltearen inguruko jardunaldiak
Dauden dantza askoren artean, eta tipologia desberdinei buruzko aipamen garbia eginez, “dantza soltea” aurkitzen dugu. Horren izaera eta egitura estetikoak kulturen arteko erreferentzia eta lotura puntua bihurtu du azken mendeetan. Hemen, Jota, Fandango, Arin-arin edo Porrusalda izenez ezagutzen dira, bestetan “A lo llano”, “A lo ligero” edo “A lo pesa(d)o” deitzen dituztela, beste izen askoren artean. Dantza mota honen bilakaera prozesuak maila desberdinetako azterketa iradokitzen du: historikotik sozialera; koreografikotik musikalera; tradizionaltzat harturiko formetatik sorkuntzara; edo haur adineko eskolako ezagupen bakunetik agertokiko dantzaldira. Jatorriaz, ezarpenaz, aldaera erritmikoez eta urrats aldaerez dauden teoria desberdinak, baita berriaren aurrean benetakotzat, bertakotzat jotzen denari buruzkoak ere eskaintzeko asmoz, Jardunaldi hauen txostenak Eibar eta Iruñean egingo den Ezpalak jaialdiaren esparruan azalduko dira.
Gonbidaturiko adituen txostenen osagai gisa, dantza solteari buruzko komunikazio askeak eskatzen dira, horren soziologia, historia eta musika alderdiez jardungo dutenak, gehienbat tokikoari, sortze alderdiari eta forma tradizionalen defentsari dagokiona azpimarratuko dutenak.
PROGRAMAREN ILDO NAGUSIAK
Jardunaldietako laneko bilerak goizez egingo dira 2011ko maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, ondoko gonbidatu zerrendaren arabera: Jose Ignazio Ansorena, Carlos Antonio Porro, Iñaki Irigoien, Carolina Ibor, Aingeru Berguices, Gustavo Couto, Josu Larrinaga, Marta Elola eta Javier Santamaría.
Txosten bakoitzaren ondoren hizketaldi bat izango da bertan landutako gaiari buruz. Jardunaldietako bi egunetan komunikazio aske laburrak aurkeztuko dira. Horien ahozko edota ikusizko azalpena ez da, inola ere, 10 minutu baino gehiago luzatuko. Antolaketari dagokio txosten eta komunikazioen banaketa eta ordua bilduko dituen behin betiko programa prestatzea, eta jasoko dituen komunikazio proposamenen arabera erabakiko du.
KOMUNIKAZIOEN AURKEZPENA
Parte hartu nahi dutenek beren komunikazioen laburpena bidal dezakete Eusko Ikaskuntzara.
Laburpen horretan ondoko datuak azaldu beharko dira derrigorrez:
-Komunikazioaren izenburua letra xehetan.
-Edukiaren laburpena, 20 lerrokoa gutxienez eta 50ekoa gehienez.
-Egile edo egileen izen-abizenak, lanbidea helbidea edota helbide pertsonala, harremanetarako telefonoak eta e-posta helbideak. Egile batzuk izanez gero, egile nagusia eta haren datu pertsonalak azaldu beharko dira.
Laburpena eta zehazturiko datuak 2011ko martxoaren 11a baino lehen bidali behar dira Eusko Ikaskuntzaren hizkuntza ofizialetako batean: euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez.
Aldez aurreko laburpenaren arabera, Jardunaldian azaltzeko onarturiko komunikazioen egileei martxoaren 15etik aurrera jakinaraziko zaie onespena, eta orduan bidaliko zaizkie Eusko Ikaskuntzaren argitalpen arauak, komunikazioaren behin betiko testua presta dezaten, gehienez 15 orri izango dituena. Egun horretatik 2011ko maiatzaren 15a arte zabalduko da komunikazioen testu osoa aurkezteko epea, Jardunaldiaren Batzorde Antolatzaileak eta Zientifikoak materiala berrikusi ahal izan dezaten Jardunaldia egin baino lehen.
Bilbo, 2011ko otsailaren 15a
Batzorde Antolatzailea
Emilio Xabier Dueñas, Jose Alfonso Antequera, Josu Goiri, Juan Mari Beltran eta Oier Araolaza
Batzorde Zientifikoa
Emilio Xabier Dueñas eta Karlos Sanchez Ekiza
Dokumentuaren akzioak