Dokumentuaren akzioak
Dantza Hirian jaialdiak 7. aterpean programaren deialdia egin du
Proiektuen aukeraketan arreta berezia eskainiko zaie Akitaniatik eta Euskaditik datozen proposamenei eta euskal kulturarekin, bertako historiarekin eta hizkuntzarekin... elkarrizketa koreografiko bat finkatzen dutenei, eta era berean, kultura horretako elementu desberdinak eta gaur egungo koreografia-hizkuntza bat erabiliz hori berrasmatu eta islatu nahi dutenei.
Sorkuntza-prozesua publiko desberdinekin partekatzeko modu berriak sustatzearren artistak darabilen ikuspegia balioetsiko da, bai publiko kolektibo bereziekin (dibertsitate funtzionala duten pertsonekin, haurrekin, nagusiekin...) eta baita publiko orokorrarekin ere.
Bi proiektu aukeratuko dira eta egoitza-lekuak, berriz, Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentro Nazionala, Dantzagunea (egoitza berria zabaldu du Errenterian) eta Hendaiako Mendi Zolan Kultura Espazioa izango dira. Baina, halaber, Eurohiriko beste espazio batzuk barneratzeko aukera ere izango da. Programaren iraupena hiru astekoa izango da artista bakoitzarentzat eta sorkuntza-lan berriak Dantza Hirian jaialdiaren aurtengo edizioan estreinatuko dira.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak ATERPEAN proiektuarekin bat egin du aurten. Sorkuntza moduen berrikuntzarako egiten ari den eginahalean, egonaldi artistikoak sustatu eta hauen baitako sorkuntza prozesuak hiritarrekin partekatzeko mediazio jarduerak proposatuko dituen lan ildo sendoa du. Testuinguru honetan, Donostia 2016-ek sorkuntzak hartuko dituzten espazioak identifikatzen lagundu eta mediazio jardueren kudeaketaz arduratuko da.
Asier Zabaleta, Iker Gómez, Izaskun Lapaza, Eneko Alcaraz eta Iker Larrue koreografoak eta, horiekin batera, Kukai, Anakrusa eta Androphine konpainiak Aterpean programatik igaro dira programa hau 2008. urtean sortu zenez geroztik.
Eskaerak aurkezteko azken epea maiatzaren 26a izango da. Programari buruzko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke: www.dantzahirian.com.
Dokumentuaren akzioak