Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza garaikidearen VII. zirkuitua

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidearen VII. zirkuitua

2011/03/09 13:49

Dantza Garaikidearen Zirkuitoaren VII. edizioa urtarrilaren 28a eta abenduaren 18a bitartean izango da honako toki hauetan: Dulantzi, Gasteiz, Amorebieta, Arrigorriaga, Barakaldo, Durango, Elorrio, Gernika, Leioa, Andoain, Arrasate, Bergara, Donostia, Eibar, Irun, Lasarte eta Tolosa.

Zergatik Dantza zirkuito bat Euskadin?

Orain dela sei urte, Dantza zirkuito hau martxan jarri zenean, bi helburu nagusi landu nahi ziren, hain zuzen, formato txiki eta erdiko produkzioak erakusteko espazio egonkorren eskasia dela-eta, sektoreko profesionalek eta zaletuek duten kezka bati aterabide bat ematea, baita honelako ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea ere.

Lehen edizioan parte hartu zuten antzokiek dantza garaikidearekiko interes berezia erakutsi zuten aurreko urteotan. Duela bost urte beste bi antzoki gehitu ziren eta 2007an, hirugarren bat. 2008an, 11 izan ziren eta 2009an 16. Aurreko urteetan, 4-6 obra programatu ziren arren, 2009an 18 izan ziren: 29 emanaldi guztira; 2010ean 29, 63 emanaldiekin. Eta aurten 29 izango dira ere 54 emanaldiekin.

2009an Zirkuitua luzatu egin zen denboran (hain zuzen, dantza-ikuskizunak martxotik abendura programatu ziren). Iaz, berriz ere, eszenaratuko ziren lanen kopurua handitu egin zen, baita lan horiek eszenaratuko ziren lekuena ere. Handitze hori azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu, are gehiago bizi dugun garai zail honetan.

Hain zuzen, azpimarratzekoa da urte bakoitzean programaturiko ikuskizun kopuruaren inguruko datua: lehen edizioan dozena erdi izan ziren eta edizio honetarako 54 aurreikusten dira. Gauza bera esan dezakegu parte hartzen duten herrien inguruan. 2011an beste bost herri sartu dira Zirkuituan: Alegría-Dulantzi, Barakaldo, Arrigorriaga, Gernika eta Tolosa.

Datu horiek, zalantzarik gabe, antolatzaileen eta parte-hartzaileen Dantzarekiko konpromisoa eta inplikazioa
islatzen dute. Atseginez esan dezakegu publikoaren erantzunak eta inplikazioak joera positibo hori baieztatzen dutela. Alde horretatik, Dantza Zirkuitoa esfortzu hori lagundu nahi duen programa da eta gero eta publiko gehiagok, sortzaile eta dantzariekin batera, mintzaira eszeniko berriak esploratu eta erakusteko grinaz parte har dezan.

Dantza zirkuituko oraingo edizioari dagokionez, helburu zehatzenen artean hurrengoak nabarmendu ditugu:

  • Areto berrien partaidetza sustatzea eta aurrekoena egonkortzea zirkuitoan.

  • Programa daitezkeen ikuskizunen katalogoa handitzea, bai euskal produkzioentzako bai kanpokoentzako ere.

  • Zirkuitoaren zabalkundea hobetzea baita sortzaile, konpainia, programatzaile eta publikoaren arteko komunikazioa indartzea ere.


Nork antolatzen du eta parte hartzen du?

Antzoki publikoen SAREAk, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturik eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta udalen eta beste laguntzarekin. Antzokiak eta konpainiak Zazpigarren zirkuito honetan parte hartuko duten antzokiak hauek dira:

Dulantzi: Auditorio Txema Blasco

Gasteiz: Artium

Gasteiz: Prinzipal Antzokia

Gasteiz: C.C. Hegoalde

Zornotza: Zornotza Aretoa

Durango: San Agustín Kulturgunea

Elorrio: Arriola Antzokia

Andoain: Bastero Kulturgunea

Donostia: Gazteszena

Eibar: Coliseo

Lasarte-Oria: M. Lekuona Kultura Etxea

Bergara: Zabalotegi Aretoa

Arrasate: Amaia Udal Antzokia

Irun: Amaia Kultura Zentroa

Leioa: Auditorium Kultur Leioa

Arrigorriaga: Lonmo Aretoa

Barakaldo: Barakaldo Antzokia

Gernika: Lizeo Antzokia

Tolosa: Leidor Antzokia


Eszenaratuko diren obrak ondorengo hauek dira:

SOK(2) – Kukai:

7 dantzari eta 3 musikarirentzako pieza koreografikoa, elementu fisiko eta poetiko gisa soka erabiltzen duena. Soka barru-barruko lotura gisa, behin eta berriro ehuntzen eta hasten diren momentu gisa.

MINTZO – Dantzaz:

“Mintzo”k mintzairei, komunikazioari eta inkomunikazioari, hizkuntzak baino hobe adierazten duen gorputzari, zalantzei eta goganbeharrei erreparatzen die: guri, gizakioi buruz mintzatzen da. “Mintzo” gizabanakoen arteko ulermenaren, mestizaiaren eta tolerantziaren poema bat da.

HOSTOAK – Txalap.art:

“Hostoak” kantua, musika eta dantza da, denak batera. Arteen arteko elkarrizketa da: hainbat diziplinatako erreferentziazko artistek bat egingo dute; tradiziozko kulturaren tradiziotik abiatu, eta egungo planteamenduetara, garaikideetara, iritsi arte bilakatu eta garatu diren artistek, hain zuzen.

ACT OF GOD – Ertza:

Dantza garaikideko lan horren ardatz nagusia erlijioak eta horien gaur egungo kontraesanak dira; eta ez du helburu erantzun zehatzak ematea, baizik eta galderak egitea. Edozein haurren xalotasunetik eginiko galderak, bizitzari eta fedeari buruzko gai garrantzitsuen inguruan.

LA PRESENTACIÓN II – Colombina ́s:

“La Presentación II” musikal alderantzikatua da. Ikusizko narrazio metatzaileari eusten dio, eta eredu ugari ditu abiapuntu: Miguel Angeletik, eskulturan, Lucrecia Martelera, zineman; Bill Callahametik, musika-alorrean, Torreiro eta Cerdánera, dokumentalen idazketan zineman; Bill Callahametik, musika-alorrean, Torreiro eta Cerdánera, dokumentalen idazketan.

SIN TÍTULO, EN COLORES – Ion Munduate:

Sin título, en colores” koreografo batek, piangojole batek eta aizkolari batek osatutako hirukotearen topaketa da. Pieza horrek jarraikotasun jeroglifikoaren idea du oinarri. Beraz, ez du ordena narratiboa eta gertakarien arteko tartea aurrez pentsatua da, hurrengo gertakizunerako edo ekintzarako egoera sortzeko aukera eman dezan. Pieza, hirugarren (pertsona edo gauza) baten bilaketan oinarritzen da, gauzen, errealitatearen, irakurketa binariotik eta bidimentsionaletik ihes egiteko helburuarekin.

MAPS – Nats Nus:

Maleta zaharrak aldean hartuta, denboraz kanpoko lau pertsonaiak bidaia berean egingo dute bat, edozein hiritako edozein espaziotan. Ondorioz, bidaide izango dira tarte batean, galdu eta berriro elkartuko dira, esperientziak trukatu eta ahal duten moduan komunikatzen dira...

OTTO – Elirale:

Antzerkilan honetan haurren ikuspegitik landutako soinu, erritmo eta errima jokoa da nagusi. Haurren egunerokotasunean eginiko bidaia da “Otto”, amets bat da, txikien sentimenduen mundura eginiko hurbilketa.

ANIMALIAK – La Dinamika:

Zirkulua, lurra. Magma likidoa, hotsa. Big Banga... bidaia itzel baten hasiera ederra. Loreak dantzan. Landareak dantzan, animaliak, zizareak eta beste kreatura batzuk dantzan. Mundu zirraragarria eta dibertigarria. Gure pertsonaien eskutik, dantzaren eta poesia eszenikoaren bitartez galdutako paradisuan
barneratzen gara.

OSTRUKAREN ZULOA – Ertza:

“Ostrukaren zuloa” lanean honako gogoeta hau egiten da: beldurragatik benetan egitea nahi duguna alde batera uzten dugu, eta horren ordez nahi dugunetik gertu dagoen kontsolazio sari batekin konformatzen gara; “eta batzuetan ezta hori ere”, dio autoreak.

ZOO – Ertza:

ZOO honek gizaki talde bat espazio murritz batetan ikusteko aukera emango digu. Habitat berri honetan nola jokatzen duten ikusi ahal izango dugu eta berauen ohitura eta jarreren testigu izango gara. Experimentu baten barne baleude bezela aztertuko ditugu gure babes kokalekutik, beren egunerokotasunaren voyeur izango garelarik. Animali hauen erreakzio bortitzenak ikusteko aukera ere izango dugu. Ikusiak izan gabe ikusi. Baina pribilegio honek ordain bat ekar dezake berarekin? geure burua bertan ikustearena.

AXURI BELTZA – Argia:

Duela berrogei urte sortu zen “Axuri beltza”, eta euskal folklorearen fundatzaileetako bat da. Gainera, talde horren dantza tradizionalaren inguruko esku-hartzeak eredugarriak dira.

EN ATTENDANT L ́INATTENDU – Nats Nus:

Claire Ducreux eta Toni Mira elkartzetik “En attendant l’inattendu” sortu zen. Horiek beren lan artistikoaren sintesia elkarri oparitzea erabaki duten bi sortzaile eta interprete dira. Hostoz, umorez, poesiaz, zentzugabekeriaz... betez doan espazio eszenikoa partekatzen dute bakarka beren pertsonaiei eta ikuskizunei bizitza eman zien eserlekuak eta mahaiak, bi unibertsoren arteko amodio-istorio xume bat kontatzeko, itxuraz oso desberdinak direnak, baina funtsean bat-etortze ugari dituztenak.

TRANSLATE – Jinjo Crew:

“Translate” energia, originaltasun eta sinkronizazio handiko koreografia duen ikuskizuna da. Sinfonia handi bat da, oinarritzat hanken eta besoen mugimendu sinkronizatua duena. Dantzariak arazorik gabe ehuntzen eta mugitzen dira. Beren dantza-mugimenduekin etengabe grabitateari aurre egiten diote.

ATARAXIA – La Intrusa Danza:

Gure pasioen eta desioen indarra txikituz eta ezbeharraren aurrean arimaren indarraz baliatuz oreka emozionala lortzeko gogoaren gaitasuna. “Ez zegoen pertsona baten inguruan sukar-ametsak izan nituen, egiteko grina, lortzekoa, antza izatekoa. Ondoren, nire arimaren erakarpenari aurre egin behar izan nion, eta estasiaren bihotza zulatu, ilunpean erortzeko. Azkenik, irribarre egin ahal izan nuen, gorri bare baten gainean”. (Virginia García).

AURREZ AURRE – Maritzuli Konpainia:

Euskal Herriko dantza tradizionalaren alderdi batzuk ezagutarazteko laguntza pedagogikoa eskaini nahi du ikuskizunak, baita italiar errenazimenduko eta euskal dantzak alderatzeko azterketari buruzko konpainiaren azken lanak ere. Dantza tradizionala eszenaratzen du, aurrez aurreko formatuan. Publikoak euskal dantzaren zentzua eta funtsa jaso ditzan, gure folklorearen aniztasun osoa jartzen du eszenan.

DANCE ME TO THE END ON/OFF LOVE – Granhoj Danse:

Palle Granhoj koreografoak Leonard Cohen abeslari eta poeta kanadarraren lana erabiltzen du benetan originala den eta indar bisual handia duen ikuskizun bat –dantzaren eta kontzertuaren artekoa– sortzeko. Ikuskizuna koreografoaren eta konpainiaren autorretratutzat har daiteke. Dantzaren alorrean adierazpide berriak bilatzeko eginiko esperimentu berria da, eta aldi berean konpainiaren ibilbidearen eta horren 20 urteko etengabeko lanaren berrikuspena. Aurretiko ekoizpenetatik aukeraturiko irudiak –beste berri batzuekin batera–, berriz landuta eta beste testuinguru batean, ikuskizunean aurkezten dituzte.

JAI ALAI – Aukeran:

Gizonaren aurrean horma bertikal bat dago. Horrek pilota bat du eskuan. Forma esferikoduna, munduaren eta unibertsoaren forma esferikoa duena. Zerbait hormaren kontra botatzen den bakoitzean, itzuli egiten da, harrizko ispilu batean bezala. Pilotalekua ez da joko soila, bizitzaren metafora ere bada.

RÍO DE LUNA – Da.te Danza:

“Río de Luna” lanean jaiotzaren metafora azaltzen da eta bizitza berri bat sortzen da, haurrarentzat eta helduarentzat era ezagungarrian garatuko dena: jaiotza, amaren eta haren umetxoaren arteko gogokidetasuna... Mugimenduaren lengoaiak beste bide bat hartzen du, lehen pausoak, naturarekin jolasak, umetxoak beren artean ezagutzea, haien ingurunea eta hazte-prozesua. Bizitzaren ibaia da, bizitzaren zikloa... ilargia so dugula.

EnOtraParte – L ́Explose & Tenerife Danza Lab:

Sortze berri horretan, Tino Fernandezek egungo gizartean atzerritarra izatearen esanahiari buruz hitz egiten du. Hain zuzen, bera duela 20 urte Asturiasetik, jaioterritik, irten zen Frantziara bizitzera joateko. Gerora,
Bogotara joan zen bizitzera, eta egun bertan bizi da. Lau kultura, lau nazionalitate, hamaika mundu.

NUBES – Aracaladanza:

“Nubes” dantza garaikideko obra bat da. 6 (9) dantzari René Magritteren margolanen surrealismoak inspiraturiko unibertsoan barneratuko dira. Taula gainean, belgikar artistaren koadroetan ageri diren edo
maisuaren mundu ikuskera berezia gogoratzen duten objektuak nahasten dira.

PAPIRO...FLEXIA! – Logela Multimedia:

“Circle Of trust” taldearen hip-hop dantzak (breakdance) eta “Logela multimediaren” musikak eta bideo-sorkuntzak osatzen dute “Papiro...flexia”. Dantzariek dantza indartsua eta denbora errealean sortutako irudien sinkronizazioa uztartzen dituzte. Abiapuntua folio zuria da, tolestuz sormenezko milaka konbinazio erakusten dituena. Oso ikuskizun dibertigarria.

MANIATIC@S – Organik:

Jakitun izan ala ez denok ditugun mania txiki eta ez hain txiki horiei buruz hitz egiten du “Maniátic@s” dantza-taldeak. “Maniátic@s”ek era guztietako maniak erakusten dizkigu, permisibitatea eta tolerantzia galtzen ari den eta bestearen begian edozein samar ikusten duen gizarte hipokondriako honen isla gisa.

MALDITAS – Organik:

Gaua iritzi zenean han zeuden. Beraiek albinak, geu albinak. Joku madarikatu baten gelditasunaren ezinegona. Gutxienezko beharrezko keinuak, begirada sarkorrak. Beraiek MUSIKAren erritmora mugitzen dira, menderatu nahi digun musika madarikatua. BERAren aurka borrokatzen dugu edo BERArekin aliatzen gara... eta umore madarikatuak jokatzen jarraitzen du. DENAK madarikatuak gaude, hortik aurrera dena izan
liteke.

SAST! – Matxalen Bilbao:

SAST!: Onomatopeia bat da. Gorputz bat beste batean sartzean edo beste batekin ukitzerakoan sortzen den soinuari egiten dio erreferentzia ahots horrek. Pieza goxoa da, lagunduriko bakar saioa. ‘SAST!’ek gorputzaren ikuspuntu abstraktutik gizakia arakatzen du, gorputzean grabaturiko bizipenetatik historia iragankor batera heldu gabe.

BUBA – Kresala:

Sentitzearen plazer hutsa bilatzen duen formatu txikian edo handian haur hezkuntzako haurrei zuzendurik dagoen dantza ikuskizun xumea da “Buba”. Sorpresaren jokoak eta edertasunaren bizioak tentatuko dituen dantzarien antzezpen keinuak erabiliko ditugu benetako egiazkotasun hunkigarriak erabiliz.

FÚTIL – Thomas Noone Dance:

Gero eta polarizatuago dagoen harreman baten historia kontatzen duen bikotea da. Kontakizuna atzekoz aurrera azaltzen dute, bikotea elkarrengandik urrun zegoen unetik hasiz eta topo egin zuten momentuan amaituz. Koreografia bikote horren behaketan oinarritzen da, eta harremanaren metafora gisa, bereizten, elkartzen edo inguratzen dituzten espazioaren behaketan.

NORA – Mikel Urdangarin & Traspasos:

Mikel Urdangarinen musikak eta Traspasoseko dantzarien mugimenduak bat egiten dute “Nora” lanean. Proiektu berri horretan bi adierazpide batzen dira, bi lengoaia unibertsal. Horiei esker, publikoak makina bat sentsazio izango ditu.

PRIVOLVA – Olatz de Andrés:

Privolva honako hau da: espazio paralelo bat, hemendik inoiz ikusten ez dugun ilargiaren aldea, perpetuum mobile deritzona, zenbait gorputz kosmiko, grabitate-ezaren sentsazioa, ez-leku bat, pelikula eszeniko bat, forward 2111. Prometheus, this is Athena on approach. Do you read me? (Solaris).


Dantza garaikideari laguntza

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dantza sustatzeko dirulaguntza deialdi bat egiten du
urtero, honako modalitate hauekin: sorkuntza koreografikoa, dantza ekoizpena, birak,
formakuntza eta zabalkundea. Deialdi horren helburu orokorrak hauexek dira:

  • Beren aktibitatea Euskadin garatzen duten koreografo eta konpainien SORKUNTZA sustatzea.
  • Sektore honetan egiten diren PROFESIONALIZAZIO ahaleginetan laguntzea, ahal delarik.
  • Euskadiko eta kanpoko ESZENA ZIRKUITOETAN dantzarako gero eta aukera gehiago izateko zabalkunde ekimenak sustatzea.

Espezifikoki, honako kontu hauek bultzatu nahi ditu dirulaguntzen deialdiak:

A.-Dantza sortzaile eta konpainiei laguntzea.

B.-Urtero dantzako proiektu berriak izatea ahalbidetu nahi dute.

C.-Koreografo independenteak sortzeko baldintzak izatea.
D.-Dantza garaikidearen korrente bat sustatzea.
E.-Euskadiko panorama eta eskaintza kulturala aberastea.
F.-Dantza, bitartekari kultural eta artistiko garrantzitsutzat baloratzen duen publikoa
hazten laguntzea.

Hala eta guztiz ere, sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeaz gain, dantzaren munduaren ahultasunik nabarmenena lanen difusioarena da. Horixe da hain zuzen ere Zirkuito honek landu nahi duen alorra.

Zirkuitoa etorkizunean...

Zirkuitoak sendotu eta estabilizatu nahi du eta  bai Euskadin, bai Estatuan, dantzaren profesionalek eta publiko zaletuak erreferentzia garrantzitsutzat jo dezaten.












 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.