Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza emanaldiak dFeria jaialdiaren baitan

Dokumentuaren akzioak

Dantza emanaldiak dFeria jaialdiaren baitan

2009/05/26 12:55

Hau da 2009ko dFeria jaialdian dantzarekin harremana duen eskaintza:


Ekainak 30, asteartea

18:00, Gazteszena - Egia K.E

Konpainia: Dantzaz
Koreografiak: Christophe García, Hilde Koch, Eric Gauthier
Dantzariak: Aurélien Alberge, Sophie Antoine, Olivier Coeffard, Charline Debons, Alejandra García, Nuria Giménez, Giovanni Insaudo, Garazi Perez, Francisco Sánchez, Andrea Vallescar
Zuzendaritza artistikoa: Adriana Pous Ojeda

Dantzaz konpainiak bere azken sorkuntza-lana eszenaratzen du, 1.01, Christophe García, Hilde Koch eta Eric Gauthier-ek diseinaturiko lau koreografiak osatua. Ballet 101 dantza klasikoko oinarrizko bost posizioetatik abiatzen da 100 posizio sortzeko, ballet eta koreografo ezagunenei buruzko erreferentzia umorezkoak eginez. Björk Duetsek giza harremanen alderdi zaharrak esploratzen ditu Björk kantari islandiarraren kanten bitartez, eta Songeurs amets laburra da, heldu beharrekoa lipar batez errealitatetik ihes egin nahi bada. Azkenik, Torque, non dantzari gazteak inprobisazioarekin lan egiten jarri nahi izan baitira, sorkuntza-prozesuan gehiago parte har dezaten.


Uztailak 1, asteazkena

18:30, Gazteszena - Egia K.E

Konpainia: Teatr Okazjonalny

D-kod-R ikuskizunak liluran du sustraia: dantzaren hizkuntzak eta giza gorputzak komunikatzeko dituzten ahalbideek sortutako liluran. Gorputza komunikazio-bide bat da, hizkuntza bera baino askoz lehenagotik, eta, horrez gainera, norbanako bakoitzaren gizarte-esperientzia islatzen du. Gaur egun hizkuntza idatzia eta idazketa nagusi badira ere, gorputzak oraindik ere hasierako eginkizun hura du.

Ikuskizunean, ikusleek bat egingo dute artistekin bidaia hunkigarrian, eta ikusiko dute nola jaio zen mugimendua biziaren sorburuan, zer funtzio zuen lehen komunitateetan, eta zer-nolako garapena izan duen denboran zehar, harik eta pertsonen arteko harreman fisikoak baztertu diren arte, teknologien mesedetan.


Uztailak 2, osteguna

18:30, Gazteszena - Egia K.E

Konpainia: Adelante Artística

Zuzendaritza: Yllana, Raúl Ortega

Dantzariak: Raúl Ortega, Kelian Jiménez, Héctor Hope, Guille Vidal-Ribas, Rubén Sánchez, Ludovico Hombravella

Percusión: José Álvarez “El Montaña”


Hiru bikotek, hiru estilok eta arteak, zehaztasunak eta erritmoak hiri-parajeetan zehar eramango gaituzte, dantzaren zazpi profesionalen maisutasunean bilduko gaituzte. Flamenkoak, Break dance-ak eta Tap claqué-ak bat egiten dute, ikuskizun errebelde eta ezin irauliagoa eskaintzeko.


Edozein herrialdetako edozein hiritan, kaleko artistek beren lekua sortzen dute erronka eta gau-komunioen bidez. Etorbide bat, plaza bat, parke baten berdea… Edonon sortzen da erronka, erritmoz eta pasioz. Bi metro koadro aski dira arerioari erronka jotzeko, eta odolak eta arimak baino ez dute balio arma gisa.


Raul Ortegak New Yorken ezagutu zituen Break dance-a eta Hip hop-a, eta haietaz maitemindu zen. Prestakuntza flamenkoa izanik, baina Tap claquéko dantzaria ere bai, argi ikusi zuen estilo horiek batzeko aukera, ikuskizun hausle batean: Hermanos de baile honetan.

 

Uztailak 3, ostirala

16:30, Imanol Larzabal - Lugaritz K.E

Kontzeptua, koreografia eta interpretazioa: Joanna Czajkowska

Musika: Karolina Rec, Rafal Detko


Existentzialistek esan ohi dutenez, gizakiak ez-izaki gisa definitu behar du bere burua; izatearen, egonkortasunaren, ukigarritasunaren eta aldaezintasunaren ukazio gisa. Horri esker izan daiteke aske gizakia. Askatasun hori, ez garenaz ohartzen garenean senti daiteke, hartara etorkizunean zer izan erabaki ahal izateko. Askatasuna ez-izate hori denez, balioek eta zentzuek eragin behar dituzte gure erabakiak, eta ez mundu fisikoko alderdi materialek. Ekintza arduratsu orok kanpoko mundutik erretiratzea eskatzen du. Bizi izatea eta nork bere burua norbanako gisa ezagutzeko prozesua dira ikuskizun honen gai euskarriak. Dantzari bakar batek jarduten du.


20:30, Victoria Eugenia antzokia

Costa Ricako D.K.N

   Zuzendaritza eta koreografia: Humberto Canessa

   Dantzariak: Yorleni Bolaños, Marlon Cabellos, Wendy Chinchilla, Humberto Canessa, Pablo Caravaca, Antonio Corrales, Silvia Montero.

El Salvador-eko D.K.N

   Zuzendaritza eta koreografia: Francisco Centeno

   Dantzariak: Elsy Gómes, Laura Benítez, Vanessa Cintron, Byron Nájera, Carlos Bonilla, Adrián Figueroa.


Mirando al Sur lanak migrazioaren fenomenoari buruzko gogoeta eszenaratzea proposatzen du. Costa Rica eta El Salvadorreko dantza konpainia nazionaletako dantzariek noizbait sorterritik alde egin zutenen bakardadea, frustrazioa, mira islatzen dute. Migrazioen errealitatea ezagutaraziko dute muga eta etxe kontzeptuen inguruan gogoeta egiten duten bi dantza-muntaketaren bitartez (OU-Topos eta Punto ciego).


OU-Topos hitz-jokoaren bidez, Humberto Canessa koreografoak etorkinaren bizitzan gertatzen den zentzu bikoitza azaldu nahi izan du. Punto ciego, Francisco Centenoren proposamena, berriz, etorkinaren bazterketaz ari da.

 

Uztailak 4, larunbata

19:00, Gazteszena - Egia K.E

Konpainia: Ertza

Zuzendaria: Asier Zabaleta

Dantzariak: Pilar Andrés, Andrea Quintana, Manuel Rodriguez, Noemi Viana, Asier Zabaleta


Zoo honek gizaki talde bat espazio murritz batetan ikusteko aukera emango digu. “Habitat” berri honetan nola jokatzen duten ikusi ahal izango dugu eta berauen ohitura eta jarreren testigu izango gara. Experimentu baten barne baleude bezela aztertuko ditugu gure babes kokalekutik, beren egunerokotasunaren “voyeur” izango garelarik. Animali hauen erreakzio bortitzenak ikusteko aukera ere izango dugu. Ikusiak izan gabe ikusi. Baina pribilegio honek ordain bat ekar dezake berarekin… geure burua bertan ikustearena.

 

20:30, Victoria Eugenia antzokia

Konpainia: Aukeran Dantza Taldea


Aukeran Dantza Taldearen Gernika 1937ko apirilean gertaturikoaren kontakizuna da. Pluraleko lehen pertsonan kontatua da, hots, bonbardaketa jasan zutenek berek kontatua. Proposamenak dantza tradizionala eta garaikidea batzen ditu, eta argiak eta koloreak erabiltzen ditu giroak sortzeko.


Bonbardaketan hildakoak heriotzatik itzultzen dira, zer gertatu zen kontatzeko. Hondamendiaren aurretik nolako bizitza zuten kontatuko dute, nola erori zen gerraren infernua herriaren gainera, nola birrindu zuen, eta nola, oroimenaren bitartez, jaio daitekeen berriz.

 

* Sarrerak 10 eurotan egongo dira salgai, Victoria Eugenia Antzokian diren ikuskizunenak izan ezik; horiek 20€, 15€ eta 10€-ko salneurria izango dute. Denak ekainaren 1etik aurrera jarriko dira salgai Lugaritz Kultur Etxeko, Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita Kutxaren ohiko kanaletan ere (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean).

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.