Dokumentuaren akzioak
Dantza-ikasketa profesionalen curriculuma argitaratu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
252/2007 DEKRETUA, abenduaren 26koa. Honen bidez ezartzen dira dantza-ikasketa profesionalen curriculuma eta ikasketa horietan sartzeko probak.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenez, ikasketa profesional artistikoen helburua da ikasleei kalitatezko irakaskuntza artistikoa eskaintzea eta prestakuntza egokia bermatzea musika, dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuaren esparruetako etorkizuneko profesionalei. Ikasketa artistikoak, besteak beste, musika eta dantzaren alorreko ikasketa profesionalak dira. Legeak ezartzen duenez, ikasketa horiek sei ikasturteko iraupeneko maila profesional batean antolatu behar dira. Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan, hezkuntzaren alorreko Administrazioek Lege horretan arautzen diren irakaskuntzen curriculuma ezarriko dutela eta Lege horretan aipatzen diren oinarrizko alderdiak curriculumaren parte izango direla zehazten da.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen dantzako ikasketa profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak ezartzen dituen urtarrilaren 26ko 85/2007 Errege Dekretuak curriculumaren ardatz gisa espezialitatearen ikasketetan oinarritzen jarraitzen du, eta aldi berean, egitura ireki eta malguago baterantz egiten du aurrera.
Dekretu honen bitartez, lehendabiziko aldiz, dantzako ikasketa profesionalen curriculuma ezartzen da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kudeaketa alorrerako.
Horren guztiaren arabera, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aipatzen dituen derrigorrezko txostenak egin ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2007ko abenduaren 26an egindako bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Dekretuaren xedea.
Dekretu honek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. artikuluko 4. paragrafoak Dantzako ikasketa profesionalen inguruan ezarritakoaren garapena suposatzen du eta ikasketa horietako curriculumaren oinarrizko alderdiak ezartzen dituen 2007ko urtarrilaren 26ko 85/2007 Errege Dekretuak ezartzen duena jasotzen du, eta azken horrek ondorengo hauek arautzen ditu, besteak beste:
1.– Dantzako ikasketa profesionalen curriculuma.
2.– Ikasketa horietara sartzeko bideak.
3.– Ebaluazio, promozio eta bertan jarraitzeko irizpideak.
2. artikulua.– Aplikazio esparrua.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko eskuduntza eremuan aplikatuko da.
3. artikulua.– Ikasketa hauen antolamendua.
Dantzaren alorreko ikasketa profesionalak sei mailako iraupena izango duen gradu batean antolatuko dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 48.2 artikuluan ezartzen denaren arabera.
4. artikulua.– Curriculuma.
Dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dantzako ikasketa profesionaletako curriculuma ikasketa horietako irakaskuntza arautu behar duten ebaluazio-irizpide, helburu eta eduki multzoa da.
5. artikulua.– Helburu orokorrak.
Dantzako ikasketa profesionalen helburua ikasleen gaitasun orokorrak eta hezkuntza sistemak berezko dituen gizalegezko baloreak garatzea da, eta horiez gain, ondorengo gaitasun hauek garatzea ere bai:
a) Dantza begiratzeko ohitura hartzea, dantzarekin lotutako adierazpen eszenikoetara joatea eta interpretatzeko irizpide propioak oinarritu eta garatzea ahalbidetzen duten kontzeptu estetikoak ezartzea.
b) Sentsibilitate artistikoa eta irizpide estetikoa hezkuntza eta aberastasun pertsonalerako iturri gisa garatzea.
c) Dantzaren kalitatea analizatu eta baloratzea.
d) Dantzaren baloreak ezagutzea eta musikatik datozen eta garapen pertsonalerako ezin hobeak diren alderdiak aukeratzea.
e) Dantzaren gozamena transmititzeko esperientzia bizitzea ahalbidetzen duten dantza- eta kultura-animazioko jardueretan parte hartzea.
f) Dantzaren alorreko kontzeptu zientifikoei buruzko hiztegi espezifikoa zehaztasunez ezagutu eta erabiltzea.
g) Dantza ondarea ondare historiko eta kultura ondarearen parte gisa ezagutu eta baloratzea.
6. artikulua.– Helburu zehatzak.
Dantzako ikasketa profesionalek ikasleek ondorengo gaitasun hauek garatu ditzaten lagunduko dute:
a) Mundu profesionalera sartzea ahalbidetzen duten menperatze teknikoa eta garapen artistikoa erakustea.
b) Dantzarekin lotutako adierazpen eszenikoetara joateko ohitura hartzea bere dantzaren alorreko kultura osatzeko eta interpretatzeko irizpide propioak oinarritu eta garatzea ahalbidetzen duten kontzeptu estetikoak berriz ezartzea.
c) Gorputza eta adimena menperatzeak teknika ziurtasunez erabiltzeko daukan garrantzia baloratzea, kalitatezko interpretazio artistikoa lortzeko beharrezkoa den kontzentrazioa lortzeko.
d) Beharrezkoa den sentsibilitate musikalaren bitartez bere izaeran sakontzea, interpretazio adierazkorra lortzeko.
e) Dantzaren kalitatea kritikoki analizatzea, berezko dituen baloreei dagokienez.
f) Norbere bizipen eta esperientzietan curriculuma osatzen duten ikasgai guztietan bereganatutako ezagutzen arteko harremanak ezartzea eta ezagutza horiek aplikatzea kalitatezko interpretazio artistikoa erdiesteko.
g) Ezagutza historiko, estilistiko eta koreografikoak kalitatezko interpretazio artistiko bat lortzeko aplikatzea.
h) Taldean taldeko kide gisa integratzeko edo taldeko arduradun gisa aritzeko beharrezkoa den gogoa izatea.
i) Entzuleriaren aurrean autokontrola erakutsiz, oroimena menperatuz eta komunikatzeko gaitasunez jardutea.
j) Sorkuntza koreografiko garaikidearen adierazpen ezaugarrien forma desberdinetara beharrezkoa den aldakortasunarekin egokitzea.
k) Musikaren estiloa, forma eta izaeraren arabera inprobisatzea, baita proposamen desberdinetatik abiatuz ere, eta proposamen horiek ez dute zertan musikazkoak izan, entzunezkoak, plastikoak, poetikoak, etab. izan daitezke.
l) Interpretazioa sor daitezkeen arazoak konpontzeko beharrezkoak diren erreflexuekin erantzutea.
m) Bere burua, bere ezaugarri eta gaitasunen inguruko irudi egokia egitea eta ikasteko ohiturak hartzea, errendimendua erabilitako denboraren arabera baloratzea.
n) Gorputzaren eta sentipenen gaineko ezagutzan sakontzea oreka eta ongizate psikofisiko egokia mantentzeko.
7. artikulua.– Espezialitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoan Dantza Klasikoa espezialitatea eskainiko da.
8. artikulua.– Irakasgaiak.
1.– Dantzako ikasketa profesionaleko irakasgaiak hiru motakoak dira: espezialitate guztietarako derrigorrezkoa eta komuna den bat, espezialitateko derrigorrezkoak eta hautazkoak.
2.– Espezialitate bakoitzari dagozkion irakasgaiak, beren irakasgaikako banaketa eta dagokion ordutegia Dekretu honetako I. eranskinean ezartzen dira. Ikastegiek aukera izango dute ordu horiek asteka ez den moduan antolatzeko, betiere, urteko ordutegiari eusten baldin bazaio.
3.– Dantzako ikasketa profesionaletako irakasgaien edukiak, helburuak eta ebaluazio-irizpideak Dekretu honetako II. eranskinean ezarritakoak dira.
9. artikulua.– Espezialitate guztietarako derrigorrezkoa den irakasgaia.
Espezialitate guztietarako derrigorrezkoa den irakasgaia honako hau da: Musika.
10. artikulua.– Espezialitate bakoitzeko derrigorrezko irakasgaiak.
Dantza Klasikoa espezialitatea:
Dantza Klasikoa.
Dantza Garaikidea.
Errepertorioa.
Izaera dantza.
Dantzaren historia.
Binakako pausoa.
Dantzara Aplikatutako Anatomia eta Elikadura.
11. artikulua.– Hautazko irakasgaiak.
1.– Espezialitate berean profil aniztasuna sustatzeko, eta ikasleen interesak eta beharrak ere askotarikoak direnez, 5. eta 6. kurtsoetan hautazko irakasgaiak irakatsiko dira.
2.– Ikastegiek hautazko irakasgaien orduak asteka ez den moduan antolatzeko aukera izango dute, betiere, irakasgaiaren eskolen ordu-kopuru osoa 5. eta 6. kurtsoetan mantentzen baldin bada.
3.– Ikastegiek beren ikasleei eskaintzen dizkieten hautazko irakasgaien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegi guztietan derrigorrez sartu beharko dira honako hauek:
Interpretazioa.
Euskal Dantza Tradizionala.
4.– Ikastegiek beste hautazko irakasgai batzuk ere proposatu ahal izango dituzte, baina irakasgai horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezartzen dituen baldintza eta prozeduraren arabera onetsiak izan beharko dute.
5.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari aurkeztu beharko zaizkion agiriak ondorengo hauek izango dira:
– Irakasgaiaren nomenklatura.
– Irakasgaiaren deskripzioa eta justifikazioa.
– Irakasgaiaren helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak.
– Prestakuntza bideekiko egokitzapena.
– Aldizkakotasuna.
6.– Irakasgaia sortu berria baldin bada, irakasgai hori emateko ardura duten irakasleen profila eta curriculum vitaea ere aurkeztuko dira, profesional horiek irakasgaia emateko ezagutza nahikoa daukatela justifikatzeko.
7.– Hautazko irakasgai propio horiek baimenduak izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik ikastegiko Pedagogia Batzordeak onestea.
8.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beste hautazko irakasgai batzuk (bai ikastegiek nahitaez eskaini beharrekoak, bai eskaintza librekoak) ezarri ahal izango ditu.
12. artikulua.– Lanbide-espezializazioko programak.
Dantzako ikasketa profesionaletako 5. eta 6. kurtsoetan hasitako prestakuntza prozesu espezifikoak garatu eta osatzeko asmoz, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 48.3 artikuluak ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Dantzako titulu profesionala atera osteko ikasketak arautuko ditu. Ikasketa horien izen generikoa "lanbide-espezializazioko programak" izango da.
13. artikulua.– Ikastegiko curriculum proiektua.
1.– Ikastegiek curriculum proiektuak landuz, dantzako ikasketa profesionaletako curriculuma zehaztu eta osatuko dute.
2.– Curriculum proiektuak, orobat, kurtso bakoitzaren helburu, eduki eta ebaluazio-irizpideen ikasturtekako banaketa barne hartuko ditu, baita irakasgai bakoitzaren programak ere. Banaketa hori ezin izango da aldatu ikasle talde berarentzako ikastegian ematen den mailan zehar.
3.– Ikastegiaren curriculum proiektua ikastegi horretako irakaskuntza jardueraren programazioaren zati izango da, eta dagokion programazio orokorrari erantsiko zaio.
4.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak curriculumaren garapena erraztuko duten materialak prestatzea sustatuko du, eta irakasleen lana ildo horretatik bideratzeko xedapenak emango ditu; era berean, ekintza iraunkorreko planen bidez, irakasleak birziklatzea bultzatuko du.
14. artikulua.– Programazioak.
Irakasleek beren irakaskuntza lanaren programazioak garatuko dituzte, ikastegiaren curriculumarekin eta curriculum proiektuarekin bat etorrita.
15. artikulua.– Tutoretza eta orientazioa.
1.– Tutoretza eta orientazioa irakaskuntza lanaren zati dira, eta maila osoan zehar garatuko dira.
2.– Ikasle talde bateko tutorea den irakasleak bere gain izango du ebaluazioa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak koordinatzeko erantzukizuna, eta horrez gain, ikasleen orientazio pertsonalaz ere arduratuko da.
3.– Tutoreak izendatzeko prozedura eta ikasleen banaketa tutoretza desberdinetan, ikastegi publikoei dagokienez, ikastegi bakoitzeko Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko Arautegian ezarriko da, eta ikastegi pribatuei dagokienez, Barne Erregimeneko Arautegian ezarriko da.
16. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Dantzako ikasketa profesionalen ebaluazioa gauzatzeko, hezkuntza-helburuak eta curriculumean ezarritako ebaluazio-irizpideak hartuko dira kontuan.
2.– Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa jarraitua eta integratzailea izango da, baina curriculumeko irakasgai bakoitzaren arabera bereiziko da.
3.– Ikaslearen irakasle taldeak egingo du ebaluazioa, irakasle tutorearen koordinaziopean. Irakasle horiek, beraz, era integratuan jokatuko dute ebaluazio prozesuan eta prozesu horren ondoriozko erabakiak hartzerakoan.
4.– Irakasleek ondokoak ebaluatuko dituzte:
– Irakaskuntza prozesuak.
– Ikasleak ikasi duena.
– Irakaslearen jarduera.
5.– Curriculuma osatzen duten irakasgai desberdinen azken ebaluazioaren emaitzak 1etik 10era bitarteko zenbakizko eskalan (hamartarrik gabe) adieraziko dira. Bostetik gorako kalifikazioak positiboak izango dira, bost baino kalifikazio txikiagoak, aldiz, negatiboak izango dira.
6.– Ikasleen ebaluazioa eta azken kalifikazioa ekainean egingo dira.
7.– Ekainean ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek bigarren deialdia izango dute. Ikasleak gainditu gabeko irakasgai bat baino gehiago baldin badauka, probak dagozkion irakasleen aurrean egin beharko ditu, eta ondoren, bere irakasle taldeak egingo du ebaluazioa, irakasle tutoreak koordinatuta, ikaslea hurrengo kurtsora igaroko den ala ez zehazteko.
17. artikulua.– Bertan geratzea eta kurtso gainditzea.
1.– Dantzako ikasketa profesionaletan zortzi urtez geratu daiteke gehienez ere. Ezin izango da kurtso berean bi urte baino gehiago egon, 6. kurtsoan izan ezik.
2.– Salbuespen gisa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako jarritako baldintzak betez, urtebetez luza daiteke iraupena kurtso bakoitzean; betiere, ikasleak ikasketen garapenari enbarazu handia egin dion gaixotasunen bat edo antzeko arrazoiren bat jasan baldin badu.
3.– Ikasleek egin dituzten irakasgaiak gainditzen dituztenean edo ebaluazio negatiboa gehienez bi irakasgaitan daukatenean igaroko dira hurrengo kurtsora. Dantza praktikaren inguruko gainditu gabeko irakasgairen bat baldin badaukate, irakasgaiaren errekuperazioa hurrengo urteko kurtsoan egin beharko dute irakasgaia kurtso horren parte baldin bada. Gainontzeko kasuetan, ikasleek aurreko ikasturtean gainditu ez dituzten eskoletara joan beharko dute.
4.– Kurtso batean edo kurtso bat baino gehiagotan hiru irakasgai edo gehiagotan kalifikazio negatiboa izanez gero, ikasleak ezin izango du hurrengo kurtsora igaro.
5.– Azken ikasturtea, 6.a alegia, bukatutakoan hiru irakasgai edo gehiagotan ebaluazio positiboa lortzeke daukaten ikasleek ikasturte osoa errepikatu beharko dute. Kalifikazio negatiboa irakasgai bat edo bitan izanez gero, gainditzeke geratu diren irakasgaiak soilik errepikatu beharko dira.
18. artikulua.– Titulazioa.
1.– Dantzako ikasketa profesionalak amaitu ondoren, bertan finkatutako helburuak lortu dituzten ikasleek titulu profesionala jasotzeko eskubidea izango dute, eta tituluan, burutu duten espezialitatea adieraziko da.
2.– Horrez gain, dantzako ikasketa profesionalak burutzen dituzten ikasleek batxilergoko titulua eskuratuko dute batxilergoko irakasgai komunak gainditzen baldin badituzte, arteen modalitateko batxilergoa musika eta dantzaren alorretako bide espezifikoan gauzatu ez badute ere.
19. artikulua.– Hezkuntza-laguntza berariaz behar duten ikasleak.
1.– Abenduaren 2ko 51/2003 Legean, aukera berdintasun, ez baztertze eta ezintasunen bat daukaten pertsonen irisgarritasun unibertsalari buruzkoan, ezartzen diren xedapenen esparruan, sortzen diren ikastegi berriek irisgarritasuna sustatzeko eremuan indarrean dauden xedapenak bete beharko dituzte. Gainontzeko ikastegiek Lege horretara egokitu beharko dute bertan ezartzen diren epeen barruan eta bertan ezartzen diren irizpideen arabera.
2.– Hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak ikasketa hauetako curriculumera 1998ko uztailaren 24ko Aginduko lehenengo xedapen gehigarrian (EHAA 1998-08-31) ezartzen denaren arabera sartuko dira. Agindu horrek, eskola muinbakar eta integratzaileago baten esparruan, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleei hezkuntzaren alorrean eman behar zaien erantzuna antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 16. artikulua (EHAA 1998-07-13) garatzen du.
20. artikulua.– Irakasgaiak ematea.
1.– Derrigorrezko irakasgaiak eman behar dituzten irakasleek, hezkuntza administrazioaren menpe dauden ikastegietan, ekainaren 2ko 989/2000 Errege Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte; gainontzeko ikastegietan, berriz, apirilaren 15eko 389/1992 Errege Dekretuak ezartzen dituenak bete beharko dituzte, baita horren osteko arauak ere.
2.– Errege Dekretu horietan sartzen ez diren irakasgaien kasuetan, aldiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko ditu horietako bakoitzari dagozkion betebeharrak. Nolanahi ere, irakasleek ikasketa horiek emateko eskatzen den titulazio generikoa edo irakaskuntzarako baliokidea dena eduki beharko dute.
21. artikulua.– Dantzako ikasketa profesionaletara sartzeko bideak.
1.– Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 49. artikuluaren arabera, dantzako ikasketa profesionaletara sartzeko, beharrezkoa izango da sarrera-proba espezifiko bat gainditzea. Proba horren bitartez, ikasleak ikasketa profesionalak aprobetxamenduz egiteko dauzkan heldutasun, gaitasun eta ezagutzak baloratuko dira, dekretu honetan ezartzen diren helburuen arabera.
2.– Ikerketa, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ikasturtea hasi baino lehen, urtero egingo du sarrera proba egiteko deialdia. Proben deialdia gutxienez probak egin baino bi hilabete lehenago egin beharko da, eta Dantza Eskoletako iragarki-tauletan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan emango da deialdiaren berri. Halaber, probaren edukia garatuko du, ebaluazio-irizpideak eta proba gauzatzeko prozedura ezarriko ditu, baita horretarako Epaimahaia osatu eta izendatu ere. Kurtsoetarikoren batean plaza libreren bat baldin badago, sartzeko proba espezifikoak irailean egingo dira.
3.– Dantzako ikasketa profesionaletara Dantza Klasikoa espezialitatera sartzeko proba espezifikoa publikoa izango da eta ondoren adierazten den bezala, lau zati bereizi izango ditu:
a) Barra osatzen duten ariketa guztiak gauzatzea, gehienez berrogeita bost minutukoa izango da, eta ikastegiko irakasleek zuzendu eta akonpainatuko dute.
b) Ikastegian bariazio desberdinak egitea, gehienez berrogeita bost minutukoa izango da, eta ikastegiko irakasleek zuzendu eta akonpainatuko dute.
c) Irakasleak hautagaiari aldez aurretik musika zati bat ezagutzera emango dio, eta hautagaiak inprobisatu egin beharko du. Zatiak gehienez hiru minutu iraungo du.
d) Proba musikal bat, hautagai bakoitzaren gaitasun musikalak baloratzeko (gaitasun erritmikoa eta entzumen aktiboa).
4.– Lortutako behin betiko puntuazioa 0tik 10era bitarteko zenbakizko kalifikazioaz adieraziko da, gehienez hamartar batekin, eta beharrezkoa izango da 5 puntu lortzea proba gainditzeko.
5.– Epaimahaiak ikaslearen maila lehenengo kurtsora sartzeko modukoa baino altuagoa dela irizten baldin badu, ikaslea zuzenean bigarren kurtsora sartzeko erabakia hartu ahalko du, kurtso horretan plazaren bat geratzen baldin bada.
6.– Halaber, dantzako ikasketa profesionaletako kurtso guztietara aurreko kurtsoak egin gabe ere sartzeko aukera egongo da, baina horretarako, proba bat gainditu beharko da, eta bertan, proba egiten duen pertsonak dagozkion ikasketak aprobetxamenduz gauzatzeko beharrezkoak diren ezagutzak dauzkala erakutsi beharko du.
7.– Proba horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatuko ditu, hark arautuko du proben edukia, hark ezarriko ditu proben ebaluazio-irizpideak, baita horiek gauzatzeko prozedurak ere, eta horrez gain, horretarako epaimahaiaren osaketa eta izendapenaz ere arduratuko da.
8.– Deialdiko plazak ikastegi bakoitzari ikastegi bakoitzeko proba gainditu dutenek jasotako puntuazio orokorraren arabera esleituko zaizkio, puntuaziorik altuenetik baxuenera.
22. artikulua.– Kurtso bat baino gehiagotan matrikulatzea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko ditu espezialitateko kurtso bat baino gehiagotan matrikulatzeko baldintzak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Ikasketak Bigarren Hezkuntzakoekin batera egitea.
Dantzako ikasketak eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak aldi berean egiteko aukera erraztuko da.
1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko derrigorrezko irakasgaien kasuan, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ezarriko du dantzako ikasketa profesionaletako gai eta irakasgai bakoitza zein irakasgairi dagokion.
2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko hautazko irakasgaien kasuan, dantzako ikasketa profesionaletako derrigorrezko edo hautazko irakasgaiak ikasketa horietako hautazko irakasgai gisa hartuak izan ahalko dira. Baita alderantziz ere, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoko hautazko edo derrigorrezko irakasgaiak dantzako ikasketa profesionaletako hautazko irakasgai gisa hartuak izan ahal dira, Dekretu honetako 11.8 artikuluan adierazten denaren arabera. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko du, kasu bietan, irakasgaiak baliozkotzeko prozedura.
3.– Baliozkotzea egokitzat jotzen ez baldin bada, curriculumaren egokitzapen indibidualak eskatu ahal izango dira. Curriculumaren egokitzapen indibidual horien ondorioz, bi irakaskuntzetako atarramentua hobetzeko helburuarekin, curriculumaren elementuak aldatu ahalko dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko du horiek landu eta onesteko prozedura.
Bigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Kontserbatorioetako plantillak.
Hautazko irakasgaiak ezartzeak ez du irakaskuntzako plantillak areagotzea ekarriko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden Kontserbatorioetan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Aplikazio egutegia.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duen hezkuntza sistemako antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretua aplikatuz, Dekretu honek, 2007-2008 ikasturtean, dantzako ikasketa profesionaletako lehenengo lau kurtsoetan izango du eragina, hortaz, orain arte indarrean egon diren maila ertaineko lehenengo bi zikloak ezabatu egingo dira.
2008-2009 ikasturtean dantzako ikasketa profesionaletako bosgarren eta seigarren kurtsoak ezarriko dira, eta orain arte indarrean egon den maila ertaineko ikasketetako hirugarren zikloa ezabatu egingo da.
Bigarrena.– Indarrean sartzea. Dekretua hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu osteko egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
I. ERANSKINA
ABENDUAREN 26KO 252/2007 DEKRETUARENA
DANTZAKO IKASKETA PROFESIONALEI DAGOZKIEN IRAKASGAIEN ORDUEN BANAKETA KURTSO ETA ASTEAREN ARABERA
Irakasgaia 1. 2. 3. 4. 5. 6. Guztira
Musika 1 1 1 1 1 1 180
Dantza Klasikoa 13 13 15 15 10 10 2.280
Dantza Garaikidea – 0,5 2,5 2,5 3 3 345
Errepertorioa – – 1,5 1,5 7,5 7,5 540
Izaera dantza 3 3 – – – – 180
Dantzaren historia – – – – 1 1 60
Binakako pausoa – – – – 2 2 120
Dantzara Aplikatutako – – – – 1 1 60
Anatomia eta Elikadura
Hautazkoak
Interpretazioa – – – – 1,5 1,5 90
Euskal Dantza Tradizionala – – – – 1 1 60
II. ERANSKINA
ABENDUAREN 26KO 252/2007 DEKRETUARENA
DANTZAKO IKASKETA PROFESIONALETAKO
IRAKASGAIEN HELBURUAK, EDUKIAK ETA EBALUAZIO IRIZPIDEAK
Musika
1.– Helburuak:
Dantzako ikasketa profesionaletan "Musika" irakasgaia irakastearen helburua ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea izango da:
a) Bere ideia eta sentipenak ahotsa eta instrumentuak erabiliz, originaltasunez adieraztea interpretazio eta inprobisazio egoeretan, bere komunikatzeko aukerak aberasteko, eta adierazteko beste moduak errespetatzea.
b) Ahozko adierazpena baloratzea (hitz eginezkoa eta abestuz) komunikazio eta ideia eta sentimenduak adierazteko iturri gisa.
c) Musikaren gaineko ezagutza eta diskurtso musikalaren osaketa arautzen duten arau orokorren gaineko ezagutzaren inguruko interesa izatea, baita haren sormen prozesuaren gainekoa ere.
d) Garai eta estilo desberdinetako musikaren ezaugarri, aukera eta adierazteko baliabideak ezagutzea, errepertorioko edozein lan nahiz musika lan baten gainean inprobisatzean kalitatez interpretatzea lortzeko.
e) Beste kultura batzuetako musikazko adierazpenak baloratu eta errespetatzea.
f) Isiltasunak musika existitzeko aldez aurretiko baldintza gisa, baita norberarekiko zein besteekiko harremanetan harmonia elementu gisa daukan garrantzia baloratzea, eta soinua bereizkuntzarik egin gabe erabiltzeak eragiten duen oldarraz konturatzea.
2.– Edukiak:
Ahotsa eta hitza musikazko adierazpen bide gisa. Ahozko inprobisazioak: banakakoak eta taldekoak, libreak eta zuzenduak, melodiarekin eta gabe. Ahozko errepertorioaren praktika. Erritmoa, melodia, harmonia eta forma musikaren elementu gisa. Pultsua, azentua eta esaldien ekoizpena, musika-hizkuntzako elementu gisa. Errepikapena, imitazioa, bariazioa, garapena eta inprobisazioa konposizio prozedura gisa. Gorputz perkusioa eta eskolako instrumentuak erabiltzea mugimendua eta dantza laguntzeko. Musikaren Historiako aldi garrantzitsuak: formak eta estiloak. Estilo aniztasuna musika garaikidean. Beste kultura batzuetako musika. Musika eta ikus-entzunezko baliabideak.
3.– Ebaluazio-irizpideak.
1) Kantu kolektiboko jardueretan esku hartzea adierazpena eta intonazioa taldearen soinu mailara egokituz. Irizpide honen helburua ikasleek kantu kolektiboko egoeretan esku-hartze aktiboa daukaten ebaluatzea da, baita ikaslea kantu jardueretara zein jarrerarekin hurbiltzen den ebaluatzea ere, eta ahozko intonazioa eta adierazpena taldearen soinu mailara egokitzeko nahia behatuko da.
2) Eskema erritmiko-melodikoen jarduera esparrua errespetatzea (8 eta 16 pultsu bitarteko iraupena eta eskala naturalaren esparruan) inprobisazio egoeretan. Irizpide honen helburua ikasleak proposatu den eredu erritmiko-melodikoko jarduera esparrua errespetatzeko daukan abilezia egiaztatzea da, inprobisazioan erraztasun eta naturaltasunez esku hartzeko daukan gaitasuna, ideia originalak ematen dituen eta esku-hartzea zailago bilakatzen denean isiltzen dakien behatuko da.
3) Musika irakurtzea taldeko musika jardueren testuinguruan interpretazio eta entzumen lanei laguntzeko. Irizpide honek musika-irakurketaren erabilpen funtzionala ebaluatzen du. Helburua ez da ikuspuntu solfistiko batetik ebaluatzea, ikasleak irakurketan nolako trebeziarekin moldatzen den ikustea baizik, taldearen musika jardueretan aurrera egiteko partituran bermatzeko beharra sortu ondoren.
4) Entzundako musika lanekin lotutako iritzi pertsonalak besteei aditzera emateko musikaren alorreko terminologia egokia erabiltzea. Irizpide honen bitartez musika epaitzean musika-hizkuntza egokia erabiltzeko gaitasuna ebaluatzen da, izan ere, "musikaz hitz egiten" jakiteak musikaren alorreko oinarrizko kontzeptu eta printzipio batzuk bereganatzea esan nahi du.
5) Taldeko interpretazio jardueretan parte hartzea eta musikaren beharrezko ondorioz beharrezkoak diren zeregin trukaketak onartzea. Irizpide honen bitartez, musika egoera batek eskatzen duen edozein zeregin onartzeko orduan, ikasleak daukan mugikortasuna ebaluatzen da. Edozein instrumentutik aritzeak, kantatzen, zuzendari gisa, bakarlari gisa, etab. taldeko interpretazioan sarritan ikusten diren jardunbide estereotipatuak gainditu direla esan nahiko du.
6) Inprobisaziorako beste eremu artistiko batzuetatik ateratako ideiak musikaren bitartez adieraztea ahalbidetzen dituzten jarraibide batzuk ezartzea. Irizpide honen helburua ikasleak beste eremu artistiko batzuetan adierazitako ideiak musikaren bitartez transmititzeko gai diren ikustea da. Hortaz, horren euskarri den egituraren analisia barne hartzen da, gero horiekin jardutea ahalbidetzen duten konbentzionalismo musikalak ezartzeko.
Dantza Klasikoa
1.– Helburuak:
Dantzako ikasketa profesionaletan "Dantza Klasikoa" irakasgaia irakastearen helburua ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea izango da:
a) Koordinazioa menperatzea eta mugimendu guztiak gauzatzea ahalbidetzen duen gorputzaren kokapen egokia kontrolatzea.
b) Dantza osatzen duten mugimendu guztiak musikaltasunez gauzatzea.
c) Dantza Klasikoko ezagutza tekniko eta estilistikoak erabiltzen jakitea, interpretazio artistikoan mailarik altuena lortzeko behar den mugimendu kalitatea lortzeko.
d) Espazioak elementu estetiko zein formal gisa daukan garrantzia baloratzea, eta interpretazioan daukan paperaz jabetzea.
2.– Edukiak:
Dantza Klasikoko hiztegia osatzen duten pauso guztiak ezagutzea, eta horiek behar bezala egokitzea beren musika-denbora, azentu eta mugimendu-koordinazioaren arabera. Oroimena lantzeko ariketa iraunkor eta progresiboa. Gorputzaren, dinamikaren, mugimenduaren erasoaren eta arnasketaren gaineko kontrola garatzea. Pausu guztiak zehaztasunez eta modu definituan gauzatzea beren norabide eta toki-aldaketekin. Espazioa behar bezala erabiltzea. Musika barneratzea sentsibilitate artistikoa dantzarako beharrezkoa den dotoretasun eta energiarekin garatzeko. Sentsibilitate musikala garatzea mugimenduaren kalitate ona lortzeko ezinbesteko premisa gisa. Punta eskola: punta erdiko zapatilen gaineko pausu guztiak ikastea, eta nesken kasuan, puntazko zapatilen gainekoak. Mutilentzako eskola: espezifikoki "gizonezkoentzako pauso" gisa adierazten diren pauso guztiak ikastea. Bira eta saltoaren perfekzionamendu teknikoa eta interpretazioa garatzea. Sormen gaitasunak garatzea.
3.– Ebaluazio-irizpideak:
1) Dantza Klasikoko hiztegiko pauso guztiak jakin eta ezagutzea eta beren aplikazio teknikoa ulertzea. Ebaluazio-irizpide honen helburua ikasleak pauso guztien izena, nola gauzatzen diren, beren ezaugarriak eta Dantzan daukaten esanahi teknikoa ikasi dituela egiaztatzea da.
2) Unean-unean irakasleak adierazten dituen ballet-barrako ariketak gauzatzea, dagokion mailako musikazko akonpainamenduarekin. Irizpide honekin, ikaslearen gaitasun fisikoen heldutasun maila, Dantza Klasikoko teknika menperatzeko beharrezkoa dena, egiaztatu nahi da.
3) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen adagio ariketa bat gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honekin beren gaitasun teknikoa egiaztatu nahi da, orekaren sentimena, hanken altxatzea eta zabaltasuna, gorputzak espazioan posizioetan daukan definizioa eta zehaztasuna, koordinazioa, besoen eta buruaren mugimendua eta kokapenari dagokienez. Horrez gain ikaslearen musikaltasuna, adierazkortasuna, komunikazioa eta pertsonalitate artistikoaren heldutasuna behatuko da.
4) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen bira ariketa bi gauzatzea. Irizpide honekin ikasleak birak emateko teknika menperatzea, koordinazioa eta espazioan mugitzeko sentimena lortu dituela egiaztatu nahi da, baita pausoen eta pauso-arteen garbitasuna, definizioa eta zehaztasuna ere.
5) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen salto txikiko ariketa bi gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honen bitartez, ikasleak saltoa gauzatzean lortu duen maila teknikoa egiaztatu nahi da, baita bere hanken malgutasuna eta indarra, "Plié"aren lana (malgutasuna, jaitsierako eustea eta bultzada), koordinazioa, azentu musikalak eta muskularrak, aldaken altxatzea eta soinaren eustea ere.
6) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen bateria ariketa bat gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honen bitartez, bateria txikiaren teknikan bereganatutako menderakuntza eta exekuzio maila egiaztatu nahi da, bateriarako "en dehors"ean garapen fisiko eta muskularra behatuko dira, baita hanka eta oinen mugimenduen garbitasun, definizio eta zehaztasuna, saltoen koordinazioa eta azentu musikalak eta muskularrak ere.
7) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen salto handiko zenbait ariketa gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honen bitartez, mugimendu gaitasunaren garapen maximoa, zabalera maximoa erabiliz salto egiteko muskulu-lanak sortzen duen energia, gorputzak airean daukan zehaztasuna eta kokapena, beso eta hankek koordinazioa eta bultzada, hanka, beso, soin eta musikaren sinkronizazioa egiaztatu nahi dira.
8) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen espezifikoki gizonezkoentzako diren zenbait ariketa gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honekin, gizonezkoak diren ikasleek Dantza Klasikoan espezifikoki gizonezkoena den teknika menperatzen duten egiaztatu nahi da.
9) Ikastegian irakasleak unean-unean adierazten duen espezifikoki emakumezkoentzako diren puntazko zenbait ariketa gauzatzea. Ebaluazio-irizpide honekin, emakumezkoak diren ikasleek punten teknikan lortu duten maila teknikoa egiaztatu nahi da.
10) Pianistak lehenago joko duen musika zati batetik abiatuz inprobisazio ariketa bat egitea. Ebaluazio-irizpide honekin, musika entzutean musikak eragiten dituen irudiak eta sentipenak mugimenduekin irudikatzen jakiteko ikasleak daukan heldutasun maila egiaztatzen da, eta horrez gain, bere sormen zentzua, sentsibilitatea eta musikaltasuna egiaztatzen dira.
Horrez gain, ebaluazio-irizpide guztiekin egiaztatuko da gaitasun artistikoa, sentsibilitatea, musikaltasuna eta adierazpen komunikazioa.
Dantza Garaikidea
1.– Helburuak.
Dantzako ikasketa profesionaletan "Dantza Garaikidea" irakasgaia irakastearen helburua ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea izango da:
a) Dantza Garaikideko mugimenduak ezagutu eta praktikatzea, baita beren kalitate eta ñabardura desberdinak ere, exekuzio tekniko eta artistiko egokia lortzeko.
b) Estilo desberdinetako aldaerak interpretatzea, Dantza Garaikidearen formen aniztasuna ezagutzeko.
c) Dantza forma libreak inprobisatzea sormen sentsibilitatearekin eta zentzu koreografikoarekin.
d) Dantza Garaikidearen diziplina arteko izaeratik eratortzen diren eskakizunetara egokitzeko beharrezkoa den aldakortasuna erakustea.
2.– Edukiak:
Ariketak lurzoruan: gorputzaren zati desberdinen sentipenak eta indarra bereiztea. Soina uzkurtzeko eta bizkarrezurraren mugikortasunaren inguruko lanak. Arnasketa mugimenduaren jatorri gisa erabiltzea. Ariketak zentroan: gorputzaren ardatza aldatzea, pauso desberdinetan oreka bilatzen. Gorputzaren zati guztien koordinazioa. Espazioa behar bezala erabiltzea. Sentsibilitate plastikoa garatzea. Inprobisazio askea praktikatzea, objektuekin eta gabe, banaka eta taldean. Aldaera txikiak ikastea. Errepertorioko koreografo garaikideen aldaerak ikastea.
3.– Ebaluazio-irizpideak:
1) Banaka bariazio aske bat inprobisatzea, musika estilo desberdinetatik abiatuz. Ebaluazio-irizpide honen bitartez, banakako inprobisazioarekin, ikaslearen sormen-garapena, adierazpen artistikoa eta musika-sentsibilitatea egiaztatu nahi dira.
2) Taldean bariazio aske bat inprobisatzea, musika estilo desberdinetatik abiatuz. Ebaluazio-irizpide honen bitartez, ikaslearen sormen-garapena, adierazpen artistikoa eta musika-sentsibilitatea egiaztatu nahi dira, baita ikasleak taldearen inprobisazioan integratzeko daukan gaitasuna ere.
3) Errepertorioko koreografo garaikideen aldaerak interpretatzea. Irizpide honen bitartez, ikaslearen interpretatzeko gaitasuna baloratu nahi da, baita proposatutako aldaerarekiko identifikazioa ere.
Errepertorioa
1.– Helburuak:
Dantzako ikasketa profesionaletan "Errepertorioa" irakasgaia irakastearen helburua ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea izango da:
a) Dantza Klasiko edo Dantza Neoklasikoko errepertorioko lanak edo zatiak interpretatzea, menderakuntza teknikoaren naturaltasunarekin eta obraren estiloaren garbitasunarekin.
b) Dantzak taldean, bakarlari paperak eta ballet osoak interpretatzea.
c) Garai eta joera artistiko desberdinetako ballet garrantzitsuenak ezagutu eta bereiztea, estilo eta ñabarduren aniztasunean sakonduz.
d) Balletetako baldintza historikoak eta ezagutzak bere interpretazio estilo eta formarekin lotzea.
2.– Edukiak:
Garai eta joera artistiko desberdinetako errepertorioko lanak ikastea, eta estiloen aniztasunean sakontzea. Balleten ezagutza tekniko eta historikoak bereganatzea dantzan interpretazio egokia egiteko. Pertsonaia bakoitzaren izaeraren analisia, interpretazio dramatiko zuzena egiteko. Paper desberdinen interpretazioa ikastea, hautatutako obrak eskatzen dituen estilo eta formen barruan. Indibidualtasun artistikoa eta birtuosismo teknikoa garatzea. Taldeko dantzak praktikatu eta interpretatzea. Erdi-bakarlari eta lehenengo dantzari aldaerak praktikatu eta interpretatzea. Taldean dantza egiteko arauak ezagutu eta baloratzea. Oroimena lantzeko ariketa iraunkor eta progresiboa.
3.– Ebaluazio-irizpideak:
1) Ikastegian ikuslegoari zuzendutako koreografia lanak interpretatzea, entseatu ondoren. Irizpide honen bitartez, dantzariak dantza taldean daukan gaitasun diziplinatua, eman zaion papera onartzeko daukan gaitasuna, taldearen batasunean daukan erantzukizuna eta bere sentipenak eta izaera ateratzen eta ikuslegoarekin konexio emozionala lortuz, egokitu zaion paperarekiko egokitzapena baloratu nahi da.
2) Dantzari bakarlariaren errepertorioko paper bat interpretatzea. Irizpide honekin, ikaslearen maila teknikoa eta interpretatzeko gaitasuna baloratu nahi dira, hautatutako aldaeraren estiloa eta izaera asimilatuz.
3) Dantzari nagusiaren errepertorioko paper bat interpretatzea. Irizpide honen bitartez, ikaslearen birtuosismo maila baloratu nahi da, interpretazioaren dohain naturala eta sentsibilitate artistikoarekin batera.
4) Ikasleek hautatutako errepertorioko karaktereko paper bat interpretatzea, eta bertan, ikasleek bilatuko dituzte ñabardura desberdinak, baita alderdi historikoak aztertu ere. Irizpide honen bitartez, ikasleak behaketa eta analisirako daukan prestakuntza egiaztatu nahi da, baita bere kezkak, sentsibilitatea, sormena eta estetikaren zentzua ere.
5) Ikusleagoaren aurrean errepertorio klasikoko taldeko dantza bat interpretatzea. Ebaluazio-irizpide honen helburua ikaslea dantzaz gozatzeko eta taldeko gainontzeko kideekin interpretazio harreman berezi bat mantentzeko gai den ikustea da.
Izaera Dantza
Helburuak:
Izaera dantzan adierazpen mugimenduaren kalitatea lortzea.
Oinak eta soina oinarri tekniko zuzena ahalbidetzeko moduan kokatzea.
Barrako ariketak modu zuzenean egitea, baita zentroan horien aplikazioa ere.
Izaera dantzaren alorrak berezko duen hizkerako terminologia ezagutzea, baita eskualde eta herrialdearen arabera, bere pauso, konbinazio edo dantzen aplikazio deskriptiboa ere.
Izaera dantzaren jantzi eta arropen garrantzia ezagutzea.
Irakasgai honetan ikasleen indibidualtasuna eta birtuosismoa garatzea.
Edukiak:
Barran eta zentroan Izaera dantzako ariketa espezifikoak ezagutzea.
Ondorengo dantza herrikoi hauetariko batzuk ikasiko dira: Dantza errusiarra, moldaviarra, bielorrusiarra, poloniarra eta hungariarra, bulgariarra, ukraniarra, eskoziarra, georgiarra, latinoamerikarra, venezuelarra etab.
Ondorengo dantza eszenikoak ikasiko dira: Dantza poloniarra, hungariarra, italiarra eta espainiarra eta beste batzuk.
Opera eta antzerkiko errepertorioko balletetako zatiak ikastea.
Bikoteko dantza ikastea, bikoteetan dantza egitean ikasleen arteko harremanak eta koordinazioa lortzeko lan egitea.
Ebaluazio-irizpideak:
1.– Dantzetatik ikasitako oinarrizko pausoak jakin eta ezagutzea eta horien hiztegi teknikoa ulertzea. Ebaluazio-irizpide honen helburua ikasleak dantzetako pausoak praktikoki ikasi dituela, pausoen izena dakiela eta dantzan daukaten esanahi teknikoa ikasi duela egiaztatzea da.
2.– Irakasleak unean-unean markatzen dituen ariketak gauzatzea, dantzetarako exijitzen den musika-denbora erabiliz. Irizpide honen bitartez, dantza zehatzetan aurkitzen diren mugimenduak behar bezala ikasi direla egiaztatu nahi da.
3.– Irakaslearen argibideei jarraituz, dantza nazionala eta dantza herrikoiaren adierazkortasuna, izaera eta teknika garatzen doazen ariketa eta pausoak gauzatzea. Irizpide honen bitartez, Izaera dantzan pauso eta mugimendu guztiak dantza herrikoi eta izaera dantza zehatz hori hobeto ulertzeko egiten direla egiaztatu nahi da.
4.– Dantza herrikoia eta dantza eszenikoa bereizten jakitea. Ballet klasikoen parte diren dantza eszenikoak zehaztuz musika erritmoetan sartzea. Irizpide honen bitartez, dantzaren estetikarako beharrezkoak diren ezaugarriak behatu nahi dira, esaterako garapen fisikoa, pertsonalitatea, musikaltasuna, harmonia, mugimenduaren izaera eta dotorezia eta ikuslegoarekiko komunikazioa.
5.– Aurretik ikasitako dantzetariko bat erreproduzitu eta interpretatzea, bakarrik, bikotean ala taldean. Irizpide honen bitartez, mugimenduko sentsibilitate musikala, adierazpen artistikoa eta interpretazioa egiaztatu nahi dira.
Dantzaren historia
Helburuak:
Dantzaren errepresentazioak beren testuinguru historikoan ulertzeko beharrezkoak diren erreferentziak ematea.
Dantza dantzak Arte Eszeniko gisa eboluzionatu duen toki eta garaien perspektiba kulturalean kokatzea.
Euskal dantza tradizionala ezagutu eta baloratzea, baita aldameneko erkidegoetakoa ere, eta Espainiako kultura arteko panoramaren barruan daukan kokapena ezagutzea.
Joera koreografikorik garrantzitsuenak eta beren lanik adierazgarrienak ezagutu eta baloratzea.
Teknikaren bilakaera ezagutzea.
Dantzaren garapenean aipatutako koreografo, interprete eta irudien banakako ekarpena baloratzea.
Egungo Dantzaren mundu profesionala lan munduan sartzea eta bokazioa gauzatzea errazten duen informatutako ikuspuntu batetik ezagutzea.
Dantzak gainontzeko arteekin (Arkitektura, Eskultura, Pintura, Musika eta Literatura) dauzkan loturak ezagutu eta baloratzea, baita lexikoan daukan eragina eta kode koreografikoak ere.
Edukiak:
Dantza banakoaren eta taldearen baloreak, ideiak eta sentipenak komunikatzeko bide gisa. Antzerki dantza formak beste kultura eta garai batzuetan, eta beste toki geografiko batzuetan. Dantza tradizionala eta Euskadiko herriaren kulturari egin dion ekarpena.
Europako kulturan dantzaren antzerki izaera bereganatzea.
Frantziako gorteko estilo, modal eta janzkera Errenazimendutik aurrera.
Kode geografikoen formalizazio prozesua eta lehenengo Dantza Akademiaren sorkuntza. Antzerkiko aurrerakuntza teknikoa, Erromantizismoko joera estetiko eta musikalak eta horien isla dantzan. Dantza klasikoaren garai garrantzitsuak eta bere garapena Errusia Inperialean.
Eragin modernoak eta berritzaileen ekarpena antzerki dantzaren esparruan.
Eraginen fusioa konpainia handietan eta horien ibilbidea XX. mendean zehar.
Azken panorama.
Ballet handien analisia, ikasleek Errepertorio eskoletan dantzatutako obrekin zuzenean lotua, Kontserbatorioa edo tailerraren antzezpenak, eta ikus ditzaketen Dantza Konpainien antzezpenekin.
Antzerki dantzaren historiako lan eta joera esanguratsuak ikasiko dira, horren garapeneko pertsonaia garrantzitsuen biografien bitartez:
Gaiak teorikoki aurkeztuko dira jatorri desberdinetako testen bitartez, gaztelaniaz eta ingelesez, eta zenbait grabazio ikusiko dira bideo eta DVD formatuetan.
Ebaluazio-irizpideak:
1) Herri eta kultura guztietan, eta zehazki, mendebaldeko munduan Dantzak eboluzionatu duen testuinguru historiko eta kulturalak ezagutu eta bereiztea.
Irizpide honen bitartez, ikasleak Dantzaren ezaugarri izan diren kontzeptuen bilakaeraren inguruan lortu duen ulermen maila egiaztatu nahi da.
2) Dantzaren Historiaren garapenean garrantzitsuak izan diren pertsonen (dantzariak, koreografoak eta sustatzaileak) ekarpenak ezartzea.
Irizpide honekin, ikasleak Dantzaren garapenean eragin garrantzitsua izan duten sortzaile eta interpreteen lana identifikatu eta baloratzeko daukan gaitasuna egiaztatzen da.
3) Dantzaren Historian sortu diren estilo eta teknika desberdinak eta hiztegia identifikatu eta baloratzea, baita horiek lehenagoko garaiekin daukaten harremana eta geroko aldietan izan duten eragina ere.
Irizpide honen helburua ikasleak Dantzaren hizkuntza osatzen duten teknika eta estiloen gainean daukan ulermen maila egiaztatzea da.
Binakako Pausoa
Helburuak:
"Binakako Pausoa" irakasgaiaren helburua ikasleen garapen artistiko osoari laguntzea izango da, eta ondorengo gaitasunak sustatuko ditu:
Ikasleari Binakako Pausoko segida koreografikoak gauzatzea ahalbidetzen dioten euskarri, gorputz-erreferentzia eta eusteko moduak ezagutzea.
Binakako pausoko elementuak norbere segurtasuna eta bikotearena behar bezala zainduz.
Binakako pausoan bikotean elkar ulertzearen arintasuna emateko beharrezkoak diren erritmo eta ahalegina ezartzea.
Errepertorioko bikote klasikoko dantza behar bezalako estilo eta kalitate teknikoarekin interpretatzea.
Edukiak:
Orekak.
"Tours de promenade".
Lurreko eta aireko "eustea".
Salto eutsiak eta toki-aldaketazkoak.
"En l’air" posizioetara igotzea.
Birak.
Ebaluazio-irizpideak:
Unean-unean irakasleak maila horretan markatzen dituen ariketak egitea.
Irizpide honen bitartez, Binakako Pausoarekin lotutako hizkuntza tekniko eta prozeduren gaineko ulermen maila egiaztatu nahi da.
Bikote klasikoko adagio ariketa bat egitea eta ariketak elementu tekniko eta artistikoen elementuen sekuentziak izatea.
Irizpide honen bitartez, ikasleek orekak, "tours de promenades"ak, lurreko "eustea" eta birak nola menderatzen dituzten ikusi nahi da.
Binakako Pausoko ariketak egitea musika tempo desberdinetan.
Irizpide honen bitartez, ikasleek Binakako Pausoko elementu koreografikoak bikotearen artean behar bezalako antzezpen-komunikazioarekin gauzatzeko gaitasuna daukaten egiaztatu nahi da.
Errepertorio klasikoko Binakako Pausuko lan bat interpretatzea.
Irizpide honekin, ikasleak Binakako Pausua kalitate tekniko eta estilo egokiarekin gauzatu eta interpretatzeko gai direla ikusiko da.
Anatomia, elikadura eta dantza.
Helburuak:
a) Dantzak berezko dituen ezaugarri biomenkanikoak eta dantza praktikatzeko beharrezkoak diren ezaugarri fisikoak ezagutzea, baita dantzak organismoko zenbait funtzioren eta gorputzeko eremu desberdinen gainean daukan exijentzia fisiko maila ere, eta zehazki, dantzari gazteen muskulu-eskeleto sistemaren gainean daukana.
b) Ikasleek giza gorputzaren anatomiaren gaineko ezagutza egokia izatea; norbere gorputzaren osaketa, antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko jakintza egokia izateko oinarriak emango zaizkie, eta arreta berezia jarriko da jarrerak sortzeko eta mugimenduaren erantzule den aparatu lokomotorearen funtsezko elementuetan.
c) Teknikaren garapen egokiena lortzeko beharrezkoak diren ezagutza biomekaniko eta anatomikoak ematea, jarrera akatsak eta/edo dantzarekin lotutako lesioak ekiditeko neurri gisa.
d) Gizakiaren organismoko sistema eta aparatu desberdinen antolamendua eta funtzionamendua azaltzea, gorputza adierazpen artistikorako bide gisa hobeto erabiltzera bideratuta, eta arreta berezia jartzea jarrerak eta mugimenduak sortu eta mantentzeko beharrezkoa den muskulu-uzkurdura prozesuan eta nerbio sistemaren kontrolari arreta berezian.
e) Elikadurak daukan garrantzia maila guztietan baloratzea eta dantzariak elikaduraren alorrean eta elikadura eta osasuna eta errendimendu fisiko edota kirol errendimenduaren arteko harremanaren gainean beharrezkoak dituen ezagutzak bereganatzea; elikadura egoki baten eta dantzariak behar bezala hidratatuta egotearen funtsezko oinarriak ulertzea, dantzari gazteen hazkuntza, garapen prozesu normalerako eta dantzak eskatzen duen energia eta elikadurari behar bezala erantzuteko oinarrizko elikadura beharrak baloratzea; eta elikagaien talde nagusiak bereiztea eta elikagai desberdinen edukia ezagutzea.
f) Ohitura osasungarriak ikasi eta ezartzea sustatu eta laguntzea, baita bizimodu aktiboagoen alde egitea ere, etorkizuneko artisten osasuna hobetzeko, eta ondorioz, beren helduaroan gaixotasunak eta/edo zailtasun medikuak prebenitzea, baita giza gorputzak eskaintzen dituen aukerak ahal bezain ongi aprobetxatzea ere, errendimendu fisiko eta artistikoa hobetzeko helburuarekin, eta ondorioz, dantzarekin lotutako lesioak izateko arriskua murriztuko dute.
g) Dantzaren alorrean sarrien jasaten diren lesioak ezagutzea, baita beren produkzio mekanismoak ere, dantzariek lesioak jasateko arriskua murrizteko kontuan hartu beharreko babesteko eta prebenitzeko neurriak zehaztea; dantzaren alorrean bereziki interesgarriak diren alderdi medikuak ezagutzera ematea, gorputz osaketa eta pisuaren kontrola, elikadura gabezien prebentzioa eta/edo elikadura nahasketak barne, besteak beste.
Edukiak:
Dantzaren mugimendua eta jarreraren analisi biomekanikoa: Jarrera on bat mantentzeko gomendio praktikoak. Aparatu lokomotorearen biomekanika eta orokortasunak: Hezurra organo gisa, eskeletoa osoki eta hezurrak egitura gisa; artikulazioak eta lotailuak; muskulu-tendoi konplexu funtzionala eta indarrak transmititzeko mekanismoa.
Giza gorputzaren deskripzio orokorra: azterketa anatomikoa gorputzaren zati eta segmentuka. Goiko muturraren, enborraren eta beheko muturraren anatomia eta funtzioa.
Dantzarako beharrezkoak diren baldintzak eta ezaugarri fisikoak; baldintza biomekaniko partikularrak; hautaketa naturalaren prozesua. Dantzako jarrera eta posizioetan esku hartzen duten muskulu nagusiak eta egoera artikularra ikastea. Dantzarako bereziki interesgarriak diren alderdi anatomikoak.
Elikadurak maila guztietan daukan garrantzia eta giza organismoaren elikadura beharrak. Elikagaien osagaiak: elikagai mota desberdinak; elikagaien osagai energetikoak; elikagaien osagai ez-energetikoak, erregulatzaile metabolikoak; bitaminak eta mineralak. Dantzarien oreka hidro-elektrolitikoa eta hidratazio egoera.
Elikagai desberdinen ekarpen erlatiboa eta garrantzia orokorrean ariketa fisikorako, eta zehazki, dantzarako beharrezkoa den energia produzitzeko.
Elikadura eta osasuna: elikadura osasungarria eta orekatua. Elikadura egokia, bai kopuruari dagokionez, bai kalitateari dagokionez: oreka energetikoa eta aniztasuna dietan. Elikagai talde nagusiak. Elikadura osasungarri eta orekatuaren piramidea.
Hazkuntza eta garapenaren prozesua: elikadurarekin eta dantza praktikatzearekin daukan harremana. Oinarrizko elikadura-beharrak eta berezitasunak hezkuntza eta garapen bizkorreneko aldietan (haurtzaroa eta nerabezaroa). Elikadurarekin lotutako akatsik ohikoenak eta horiek nola prebenitu.
Dantzari gazteen jokabidea eta ohiturak elikaduraren inguruan: elikadurarekin lotutako hezkuntza goiz ematearen garrantzia. Gehiegi elikatzearen ondoriozko arazoak: gehiegizko pisua eta gizentasun epidemia geure haur eta gazteen artea; hori prebenitu edo/eta zuzentzeko neurririk egokienak. Dantzariek sarrien izan ohi dituzten elikadura gabeziak; dantzariek elikaduraren inguruan izaten dituzten jokabide nahasketak: elikadura nahasteak.
Dantzaren exijentzia fisiko, metaboliko eta fisiologikoak. Dantza jarduera fisiko gisa. Egoera fisikoa eta horrek dantzan daukan garrantzia. Dantzarien profil antropometrikoa: dantzarien gorputz-osaketa. Dantza erregulartasunez praktikatzearen ondorioak.
Kontrol medikuaren interesa eta beharra dantzan. Hazkuntza eta garapen prozesua, heldutasun biologiko egoera eta dantza praktikatzea. Dantzarako bereziki interesgarriak diren alderdi medikuak: gazte kirolarien "hirukoa"; hilekoaren irregulartasunak, elikadura nahasteak, horrek osteoporosi goiztiarrarekin daukan lotura eta ikuspuntu medikutik dauzkan ondorioak.
Dantzak berezko duen lesio-arriskuaren profila. Dantza praktikatzearekin lotutako lesiorik ohikoenak eta exijentzia mailaren arabera.
Arrisku faktoreen analisi eta identifikazioa: dantzariaren araberakoak diren faktoreak, dantzaren eskakizun berezien araberakoak diren faktoreak, ingurugiroarekin lotutako faktoreak eta oinetako motarekin eta praktika egiten den azalerarekin lotutako beste faktore batzuk. Dantzan aplikatu behar diren prebentzio neurri nagusiak: jarduera baino lehen, jarduerak diharduen bitartean eta jardueraren ostean. Dantzariak egoera fisikoa mantentzea, gorputzaren pisuaren gaineko kontrol egokia eta teknika zuzena ikastearen garrantzia.
Ebaluazio-irizpideak:
Jarreren biomekanikari eta mugimenduari buruzko funtsezko ezagutzak eskuratzea dantza praktikatzen duten bitartean; giza gorputzaren anatomia behar bezala ezagutzea, bereziki, aparatu lokomotorearen oinarrizko elementuei dagokienez, jarreren sortzaile eta mugimenduaren arduradun gisa.
Giza gorputza ongi koordinatutako funtzio osagarri desberdinez osatutako makina konplexu gisa ulertzea, "motor" bat edo sistema lokomotorearen (muskulaturaren) elementu aktibo bat barne daukala, palanka sistema baten gainean (eskeletoa) ekiten duela ikustea, eta zuzenean nerbio sistemaren kontrolpean (mugimenduaren kontrol nerbiosoa) dagoela eta norbere gorputza adierazpen artistikorako bide gisa erabiltzera bideratuta dagoela ikustea, eta bere erantzunak eta dantzaren praktikako egokitzapenak ezagutzea.
Elikadura jokabide egokia eta ohitura dietetiko osasungarriak sustatzea dantzari gazteen artean, beren helduaroko osasunaren egoeran faktore erabakigarria dela eta dantzariaren errendimendu fisiko eta mentalerako funtsezko osagaia dela ikustea, eta horren ondorioz, etorkizuneko artisten osasuna hobetzea eta giza gorputzaren gaitasun potentzialak ahal beste aprobetxatzea ahalbidetzea, errendimendu fisiko eta artistiko hobetzeko, eta dantzaren praktikarekin lotutako lesioak eta/edo zailtasun medikuak izateko arriskua murriztea.
Anatomia, fisiologia, elikadura eta dantzaren medikuntzaren alorretan ematen diren ezagutzak aplikazio praktikora bideratzea higiene pertsonala eta gorputzaren zaintzari, egoera fisikoari, dantzari gazteen elikatzeko ohitura eta jokabideei dagokienez.
Interpretazioa.
Helburuak:
Aktore teknika batzuk ikastearen bitartez, dantzaren alorreko etorkizuneko profesionalen interpretazio kalitatea hobetzea.
Ikasleari prestakuntza maila altua eskaintzea ondorengo alor hauetan: mugimendu eszenikoak, keinuen adierazpena, mimika, antzezpen analisia, akzio eszenikoa, entseguaren teknika, pertsonaiaren eraikuntza, karakterizazioa, ikuslegoaren edo kameraren aurrean lan dramatikoa gauzatzea.
Aktore teknika erabiltzen jakitea obraren estiloaren eta egiten duen paperaren barruan, emozioak adierazi eta transmititu ahal izateko.
Espazio-denbora harremana antzerkiaren ikuspuntutik baloratzea.
Dantzaren teknika aktore teknikarekin integratuta daukaten koreografia lanak egitea.
Edukiak:
Interpretazioaren Maisu Handien ikasketa teorikoak.
Ikaslea aktorearen lanbidearen alderdirik funtsezkoenetik alderdirik konplexuenera daramaten ariketak: banakako eta taldeko ariketak egitea: desinhibitzeko ariketak, kontzentrazio ariketak, arretazkoak, lana objektuekin, ekintza-eraginezkoak, inprobisaziozkoak, behatzekoak, energia aktibatu eta kontrolatzekoak, lana testuarekin, etab.
Zati dramatikoen entseguak. Ondoren aipatzen diren gaiei buruzko DVDak ikustea: zinema eta telebistako interpretazioa, bideo-dantza, clown, mimo, maskara, casting teknikak, etab.
Ebaluazio-irizpideak:
Antzerki muntaia bat, irakurketa dramatizazioa edo ariketa laginak antzeztea. Irizpide honen bitartez, ikasle bakoitzaren prestakuntza maila zehaztu nahi da antzezpeneko adierazgarritasuna, sakontasun energetikoa, askatasuna, izaera, eraldatzeko gaitasuna, testuen interpretazioa, humorea, lanaren aurreko jarrera, inplikazio pertsonaleko maila, autokontrola eta diziplina, partenerrarekin lana, analisia egiteko gaitasuna eta originaltasunari dagokienez.
Aktoreen interpretazio teknikak ezartzea eta Dantzan sartzea. Irizpide honen bitartez, ikasleak antzezteko teknikak dantzari lanean integratzeko, eta dantzaren teknika eta aktoreena bateratzeko gaitasuna egiaztatu nahi da.
Euskal Dantza Tradizionala
Helburuak:
Dantza tradizional mota desberdinak ezagutu eta interpretatzea, horiek teknikoki mantentzera iritsi arte.
Bai taldeko dantzak, bai bakarkakoak interpretatzen jakitea.
Dantzarik esanguratsuenak ezagutu eta bereiztea, estilo eta ñabarduren aniztasunean sakonduz.
Dantza tradizionalen baldintza sozial, historiko, koreografiko eta musikalak eta ezagutzak lotzea.
Edukiak:
Pausoak, koreografiak, jantziak, historia, inguru geografikoa eta sozio-kulturala, tresnak, sinbolismoa, motak edo tokiko aldaerak eta ondorengo dantza zikloen nomenklatura:
Soka dantza
Iauziak/Muxikoak
Mutil Dantzak
Paloteao-ak
Dantzari Dantza
Brokel Dantza
Inauterietako Dantzak
Fandango/Jota, Arin-arin/Porrue
Ebaluazio-irizpideak:
1.– Ikasleak proposatutako ziklo guztietako dantzak interpretatzen jakitea.
2.– Ikasleak dantza tradizional desberdinak bereizten jakitea eta beren ezaugarriak eta baldintza sozial, historiko, koreografiko eta musikalak analizatzea.
3.– Ikaslea koreografia bat sortzeko gai izatea dantza tradizionaleko pausoak eta egiturak proposatutako melodia batean erabiliz.
4.– Ikaslea edukietan azantzen den dantza baten edo dantza talde baten inguruan, jantzia, historia, ingurua, mota, estilo desberdinak, tresnak, etab. barne hartzen dituen aurkezpen teoriko bat garatzeko gai izatea.
Dokumentuaren akzioak